39 udalerri eta 22 sortzaile Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioan

39 udalerrik eta 22 sortzailek Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioan –

  • Udalbiltzak gaurko egunez Berako (Nafarroa Garaia) Kultur Etxean egin den prentsaurreko aurkezpenean eman ditu aditzera bigarren edizio honetan hautatuak izan diren sortzaile eta udalerriak.
  • Sormen egonaldiak burutuko dira 2023an zehar udalerri hauetako bakoitzean, herri batzuk multzoka joango direlarik; eta horietara Udalbiltzako balioespen batzordeak hautatutako sortzaile bana joango da bere lana garatzera.
  • Orotara hamar idazlek, bost komikigilek, hiru antzerki konpainiak eta lau zinegilek jaso dute Geuretik Sortuak 2023-2024 sormen beka.

39 udalerrik eta 22 sortzailek hartuko dute parte Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioan

Geuretik Sortuak kultur ekimenak edizio berria du, eta Udalbiltzak gaur eman du aditzera bertan parte hartuko duten sortzaile eta udalerrien zerrenda. Berako kultur etxean egin den prentsaurreko ekitaldian, beka jaso duten hainbat sortzaile eta euskal kulturaren aldeko apustua egin duten udalerrietako hainbat ordezkari bildu dira, ekimenean lagunduko duten beste hainbat eragilerekin batera.

Iazko urrian beka deialdia zabaldu zen unean iragarri bezala, aurten Udalbiltzak laugarren arte alor bat gehitzea erabaki du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako sortzaileez gain, komikigileak ere protagonista izango dira oraingoan. Beka deialdian 60 proposamen jaso ziren orotara lau arte alorretatik, proiektuko arduradun politikoa den Koro Etxeberriak gaur adierazi bezala, “askotarikoak eta kalitate altukoak”.

Lehen edizioan bezala, bigarren hau ere bi urtez luzatuko da. 2023an zehar sormen egonaldiak egingo dira 22 multzotan bildutako 39 udalerritan. Aurten ere bi, hiru, lau edota bost udalerritako multzoak egongo dira, euren kabuz parte hartzea erabaki duten udalerri horiez gain. Bakoitzera, Udalbiltzak eta arte alor ezberdinetako adituek osatutako balioespen batzorde batek hautatutako sortzaileetatik bat joango da; jasotako proiektua garatu ahal izateko epaimahai honek egokien ikusi duen udalerri edota udalerri-multzora, hain zuzen. Udalerri horretan edo horietan hiru astera bitarteko egonaldiak egingo dituzte sortzaileek; eta bertatik ipuin luzeak, 15-20 orrialde bitarteko komiki lanak, 10-20 minutu arteko film laburrak eta antzezlanak aterako dira.

Ziklo berri honen bigarren urtean, 2024an, sortutako lan guztiekin kultur zirkuitu bat osatuko da. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokor bat egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira herri horietan. Zirkuitu hau egonaldiak jaso dituzten udalerri guztietatik igaroko da.

Sortzaileak eta herriak. Udalbiltzako kultur teknikariak edizio berri honetan hautatuak izan diren sortzaileen izenak eta bakoitzari esleitu zaion udalerria edota udalerri multzoaren zerrenda eman du aditzera. Honakoa da:

Literaturan:
• Edorta Jimenez Ormaetxea: Mutriku
• Ainhoa Urien Telletxe: Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Andosilla, Sesma
• Idoia Etxeberria Elortza: Zaldibia, Ataun
• Maddi Arocena Zubeldia: Ziortza-Bolibar
• Jon Abril Olaetxea: Atharratze
• Lutxo Egia del Río: Segura
• Maitane Perez Argote: Errigoiti, Ajangiz, Muxika
• Saioa Alkaiza Guallar: Berriatua
• Maite Aizpurua Olaizola: Araitz, Betelu, Larraun
• Gaizka Sarasola Iartzabal: Larrabetzu
Antzerkian:
• Goitibera konpainia: Hernani
• Antzerki Aroak / Zinealdiak: Zumaia
• Jon Ander Urresti Ugalde: Aulesti, Munitibar, Amoroto
Zinegintzan:
• Pette Etxebarria Busquets: Antzuola, Aiherra
• Arriguri / Aitor Gametxo: Uharte
• Alba Lozano García: Oiartzun
• Aitzol Saratxaga Saenz: Legutio
Komikigintzan:
• Iñaki Martiarena “Mattin”: Usurbil
• Aritz Ibarra Agirrezabal: Sara, Urruña, Bera, Lesaka
• Kote Camacho de Miguel: Bergara
• Unai Gaztelumendi Arandia: Leitza, Berastegi
• Eñaut Aiartzaguena Bravo: Amasa-Villabona

Ostean, ez ditu ahaztu gabe utzi proiektua, bigarren edizio honetan ere, sustengatuko duten bidelagun horiek: Hamaika Telebista komunikazioari dagokionez; Dijitalidadea ipuin eta komikien argitaratzeari dagokionez; Hiri Elkargoa Ipar Euskal Herriko udalerrien babesle gisa, edota Errigora Nafarroa hegoaldeko udalerrien babesle gisa, besteak beste.

Sormenez betetako aurkezpen ekitaldia

Beran egin den aurkezpen ekitaldian, nola ez, euskarazko sormenaz gozatzeko aukera ere egon da. Udalbiltzako eta edizio honetan parte hartuko duten udalerrietako ordezkarien hitzez gain, bekadun izan diren hiru sortzailek hitz batzuk eskaini dituzte. Horietako batek, Mattin komikigileak hain zuzen, momentuko ilustrazio bat ere egin du proiektuak berarentzako suposatzen duena islatu asmoz.

Halaber, Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagaren hamar minutuko musika eta poesia erakustaldi batez ere gozatu du bertaratu denak. Ekitaldiarekin amaitzeko, ekimenean parte hartuko duten norbanako guztiek familia-argazki bat atera dute eta, ostean, hamaiketakoa egin dute bertan.

39 udalerrik eta 22 sortzailek hartuko dute parte Geuretik Sortuak ekimenaren bigarren edizioan

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra