300 beteko ditu SAUTRELAk

Non galdua badago (cc-by-sa Old Hiltch)(Liburu artean galduta cc-by-sa Or Hiltch)

Hiru hilabeterako hasi eta hamaika urte pasatu dira 1999ko udazken hartatik. Orio produkzioak etxeko Martin Ibarbiak ekarri zuen eskutan: “Eroskirekin tratu bat daukagu” esanez. Eta halaxe abiatu ginen ez nola eta ez nora gindoazen jakin gabe.

Miel Anjel Elustondo zuen orduan alma mater saioak eta Kirmen Uribe erredaktore. Errealizazioan, ostera, Iker Trebiño handia. Kameretan, Juantxo Sardon, besteak beste. Bernardo Atxaga ere tarteko zen aholkulari moduan.

Eta hasi ginen gaztelua zirudien leku ilun batean grabatzen, eta hasi ginen saio guztiz konplikatu bat egiten, jende piloa ekartzen eta sartzen… ikusi genuen arte zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez.

Eta pasatu ziren erredaktore sonatu askoak (Esti Ezkerra, Felipe Juaristi, Urtzi Urrutikoetxea, Jon Artano, Eider Rodriguez, Xabier Gantzarain, Jon Benito, Oskar Alegria, Edorta Jimenez, Alaia Martin…), eta pasatu dira errealizadore bikain askoak (Guille Sanchez, Maialen Sarasua, Antton Aldekoa). Ibili dira gurekin produktoreak (Izaro Goenaga, Maite Taranco, Nagore Olkoz…), kameralariak (Juanlu, Alberto…), makilatzaile eta bestelakoak, baina hasiera hartatik hiru baizik ez gaude bizirik: Unai Ibarbia produktorea, Juantxo Sardon kamera eta ni neu. Denborak akabatu egiten baitu, kamarada.

Bidean geratu da Eroski, esaterako, krisi ekonomikoaren lehen dardaretan barkutik salto eginda.

Grabatu ere leku askotan: Okendo kultur etxean, Miramongo parkean, Artelekun, Tabakaleran, Donostiako Kur Arte Galerian (Mila esker Juanma Arriaga)…

Eta bai, gaur grabatuko dugu 300. atala, Erredakzioan Lander Garro eta Garazi Kamio direla, laguntzan Yolanda Mendiola eta errealizadore berria ere bai: Koldo Gutierrez.

Jendeak hemendik pare bat astera ikusiko du saioa, zapatuetan 15’30tan, baldin eta baten batek ikusten badu SAUTRELA. Horixe du ona saioak, inork ez ei duela ikusten baina jende guztiak ezagutzen duela. Nola liteke?

Hala ere, susmoa dut panorama gorri eta latz baten erdian gatozela: azken hilabeteetan ez dela argitaratu ezer handirik euskaraz. Ez dakit Durangoko Azokak zer ekarriko duen, baina nago krisi latza bizi dutela euskal letrek aspaldion. Sekulakoa.

Bai, geure zereginari eutsiko diogu: euskal letren mundua erakutsi, unibertso osoa balitz bezala. Geure antzeko lau katu letraz zaurituren bazka izango gara. Hirurehungarrenez.

(Hori guztia baldin eta blog txoroetan idazteari utzi, eta lortzen badugu behingoz konzentratzea eta jartzea ganoraz lanean).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “300 beteko ditu SAUTRELAk”-ri buruz