26 ordu kantuz, euskaraz

26 ordu kantuz –

26 ordu kantuz, euskaraz

2017ko urriaren 6an aurkeztu zen IZAN KANTUZ erronka komunikabideen aurrean. Azaroaren 10 eta 11 artean, mundu mailako Guiness Errekor bat apurtuko da Zaldibian: ordu gehien abesten aritzearena; eta 26 orduak euskaraz. Ekimen hau ZuZeun streaming bidez jarraitzeko aukera izango duzu, plazer baduzu. 


BAIETZ, 26 ORDUZ JARRAIAN EUSKARAZ ABESTU. IZAN KANTUZ!

Herri erronkan parte hartzeko gida

Laguntzaileak

Ordutegi taula

Abesti zerrenda

Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko kantatzen zuen Negu Gorriak-ek, eta Mikel Laboak esan zigun, besteak beste, kantuz sortu zela, kantuz bizi nahi zuela, kantuz bidaltzen zituela penak ihesi, kantuz eman izan zituela zenbait berri, kantuz aitortzen zituela bekatuak eta kantuz ehorztea eta kantuz oroitzea nahi zuela hiltzen zenean.

Izan ere, kantu batek balio dezake albiste on bat emateko, gerraren berri kontatzeko, maitasuna agertzeko, desamodioaz hitz egiteko, norbaiten jaiotza ospatzeko, norbaiten heriotza goxatzeko…

Azken batean kantua gure izatearen parte da, eta baita gure hizkuntzaren eta kulturaren parte ere.

Kantuak lotzen gaitu gazteak eta ez hain gazteak, emakumeak eta gizonezkoak, munduaren alde batekoak eta bestekoak…

Kantua izan daiteke kultura baten eta hizkuntza baten transmisio-bide ere. Hala ikusten dugu guk, herri gisa,  belaunaldi arteko transmisio bide garrantzitsuenetako bat izan da.

Eta horregatik antolatu dugu IZAN KANTUZ herri erronka, ahotsez ahots, txandaz txanda, euskarazko kantuak bata besteari lotuz, munduan orain arte ikusi ez den bezalako herri-erronka.

2017ko azaroaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan hasiko da erronka, eta 26 ordu geroago, azaroaren 11an, arratsaldeko 20:00etan amaituko da Zaldibiako Herri Antzokian. 26 ordu horietan, kantari arituko gara etengabe, garai eta era guztietako euskal kantak taularatuz.

400 abestiko zerrenda batetik aukeratu ahal izango du, norberak, nahi duen kantua. Eta horretarako, abestia aukeratu eta izena emateko bi modu jarri ditugu: Batetik, www.zaldibia.org/izankantuz helbidean sartu eta bertan, abestia eta ordutegia aukeratu ahal izango da; edo bestela, ostiralero Zaldibiako plazan jartzen ari garen mahaian, zalantzak argitu eta gustukoen duzun abestia eta ordutegia hartzeko aukera izango da.

Abestiak karaoke formatuan kantatuko dira; beraz, abeslariak letra aurrean izango du uneoro.

Gehienez, hiru pertsonek egon ahal izango dute, batera, oholtzan; eta lotsak uxatzeko nahiz “konpainia” egiteko, laguntza nahi izanez gero, hor izango dira prest gure dinamizatzaileak abeslariekin batera kantuan aritzeko. Zortzi herritar arituko dira lan honetan, beldurrak edo lotsak inor atzeratu ez dezan.

Erronka iritsi bitartean, abestiak entzun eta karaokean trebatu nahi dutenek www.txantxangorria.eus helbidean aurkituko dituzte abesti eta letra guztiak.

Behin eguna iritsitakoan, aukeratutako ordua baino ordu erdi lehenago egon beharko du abeslariak bertan, eta 15 minutu lehenago ilaran jarri beharko da. Oroigarri gisa, paparrerako ikur bat (txapa bat) oparituko zaio oholtzatik igarotzen den orori.

Mundu guztitik jarraitu ahal izango da Izan Kantuz erronka, zuzenean, Streaming bidez. Eta 26 ordu horien Interneteko emisioaz gain, parte hartzen duten guztien irudiak hartuko ditugu, eta, ondoren, www.zaldibia.org atarian plazaratuko ditugu.

OFFICIAL WORD RECORD elkarteak ziurtatuko du munduko errekorra, alegia, 26 orduz, etenik gabe, euskaraz abesten jardun dugula. Eta Euskal Herriko zenbait elkartetako kidek osaturiko batzorde batek ere ziurtatuko du erronkaren garapena.

Gainera, abeslari gonbidatuak ere izango ditugula iragarri nahi dugu. Gure kantagintzaren ardatz izan diren eta izango diren abeslariak ere Zaldibian izango ditugu erronka berezi honetan parte hartzen. Oraindik goiz bada ere, dagoeneko ondorengo abeslariak Zaldibian izango direla aurreratzeko moduan gaude: Zuriñe Hidalgo, Xabier Saldias, Porrotx, Mikel Markez, Abarlotz, Naroa Gainza eta Axier Gozategi taldekoa.

Eskerrak eman nahi dizkiegu, Izan Kantuz erronka ondo atera dadin lanean ari diren guztiei, ekimena diruz lagundu duten lantegiei eta egunean bertan izango diren 26 zozketetarako produktuak eta zerbitzuak eskaini dituzten Zaldibiko taberna, saltoki, enpresa zein pertsonei.

Ez genuke ekimen eta ideia hau Zaldibian amaitzerik nahi, eta horregatik, Izan Kantuz honen jatorrizko ikurra, Santi Ormaetxea zaldibitarrak zurez egindakoa, erronkari heltzen dion hurrengo herriaren esku utziko dugu gurea amaitzean.

Mila mila esker herri guztiari eta jarrai ezazue izena ematen!!!

Gogoratu, Azaroaren 10ean eta 11n… IZAN KANTUZ!!

26 ordu kantuz

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.