25 euskal ekoizpen ikusgai izango dira Nanteseko zinemaldian

25 euskal ekoizpen ikusgai –

  • Euskal zineari eskainitako Fenêtre Basque zikloak hamabi luze, film labur bat eta Kimuak 2023 programako bost lan erakutsiko ditu
  • Zinemaldiko gainerako ataletan beste sei euskal film proiektatuko dira
  • Zinemaldia martxoaren 22tik apirilaren 1era bitarte egingo da, eta euskal ekoizpenen eta zinemagileen ordezkaritza zabala izango da bertan

Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetarikoa da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.

Aurtengo edizioan, guztira, 19 izango dira martxoaren 22tik apirilaren 1era bitarte Fenêtre Basque atalean ikusi ahal izango diren euskal ekoizpenak: hamahiru film luze, film labur bat eta 2023ko Kimuak programako bost lan. Atal honetako bost ekoizpen, gainera, sail lehiakorretan ere egongo dira. Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal produkzioez gain, euskal zinemak beste sail asko zipriztindu ditu. Guztira, Nanteseko 33. Zinemaldiak 25 euskal ekoizpen hatuko ditu.

Fenêtre Basque-eko hainbat film sail lehiakorretan arituko dira. Fikziozko Film Onenaren saria eskuratzeko, Arantxa Echevarriaren ‘Chinas’ (2023) eta Victor Iriarteren ‘Sobre todo de noche’ (2023) lehiatuko dira. Duela urte batzuk jaialdi honetan saritua izandako Oskar Alegría zuzendariaren ´Zinzindurrunkarratz´ (2023) filma Dokumental Onenaren saria lortzen saiatuko da. Premiers Films Sailean ´Upon Entry´ (2022) euskal ekoizpena arituko da norgehiagokan eta Film Labur Onenaren saria eskuratzeko David Perez Sañudoren ‘El rey de la semana’ (2023) lehian jardungo da.

Lehiaketatik kanpo, Nanteseko zinema jaialdiko Sail Ofizialean Estibaliz Urresolaren ‘20.000 especies de abejas’ (2023), Pablo Bergerren ‘Robot Dreams’ (2023) eta Itsaso Aranaren ‘Las chicas están bien’ (2023) izango dira.

Aurrekoez gain, Fenêtre Basque-ko film luzeen sorta osatuko dute Negu Kolektiboaren ‘Negu hurbilak’ (2023) filma, zeinak Euskal Herriko muga zeharkatu behar duen iheslari baten historia kontatzen duen; Félix Viscarreten ‘Una vida no tan simple’ (2023) komedia atsegin eta dibertigarria, guraso izatearen bizitza zein konplexua den azaltzen duena; eta Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufíaren ‘Arnasa Betean’ (2023) dokumentala, atzoko eta gaurko euskal zinemagileak omendu nahi dituen filma.

Halaber, Zinemaldiak ondare zinematografikoko film garrantzitsuenetako batzuk erakutsiko ditu, gehienak Nantesen inoiz proiektatu ez direnak. Fenêtre Basque zikloan izango diren bi euskal film proiektatuko dira zinema klasiko zaharberrituari eskainitako zikloan: Ivan Zuluetaren ‘Arrebato’ (1979) eta Eloy de la Iglesiaren ‘La semana del asesino’ (1972).

Animazioari eskainitako atalean, hainbat euskal produkziok hartuko dute parte.  Fenêtre Basque ataleko Raúl de la Fuenteren ‘Un día más con vida’ (2018) filma ikusiko da, Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarrak 1975ean Angolako gerra zibilaren hasieran Angola zeharkatzearen bidaia kontatzen duena. Horrez gain, Kimuak 2023 katalogoaren parte den ‘La mujer ilustrada’ (Isabel Herguera, 2023) eta ‘Robot Dreams’ (Pablo Berger, 2023) euskal ekoizpenak ere atal honen programazioan izango dira.

25 euskal ekoizpen ikusgai

Fenêtre Basque-ren baitan, aurreko edizioetan bezala, Kimuak 2023 katalogoan jasotako lanetako batzuk ere ikusi ahal izango dira: ‘Prioridades’ (Tamara Lucarini Cortés, 2023), ‘El aprendiz’ (Raúl Campos, 2023), ‘Deadly Draw’ (Nitya Lopez Saitua, 2023), ‘Ximinoa’ (Itziar Leemans, 2023) eta ‘La mujer ilustrada’  (Isabel Herguera, 2023).

Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten 19 euskal produkzioez gain, zinemaldiko hainbat sailetan euskal zinemak presentzia nabarmena izango du. Guztira beste sei euskal ekoizpen gehiago erakutsiko dira.  Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo, Victor Ericeren ‘Cerrar los ojos’ (2023) izango da. Zinema klasiko zaharberrituari eskainitako zikloan Victor Ericeren ‘El espíritu de la colmena’ (1973) proeiktatuko da. Animazioari eskainitako zikloan hainbat euskal ekoizpen izango dira: ‘Psiconautas’ (2015), ‘Decorado’ (2016), ‘Unicorn Wars’ (2022) eta ‘To Bird or not to Bird’ (2023). Uniko Films ekoitzitako azken lan honek Film Labur Onenaren Saria eskuratzeko lehiaketan ere parte hartuko du.

Euskal zinemaren ordezkaritza zabala

Euskal zinemaren erakusleiho zabal eta heterogeneo honen osagarri gisa, hainbat gonbidatu gerturatuko dira Nantesera egunotan, horien artean, euskal zinemaren ordezkari asko, hala nola, Arantxa Echeverria, Victor Iriarte, Oskar Alegria, Pablo Berger, Negu kolektiboa, Ritxi Lizartza eta Félix Viscarret.

Aurtengo ohorezko gonbidatua Victor Erice euskal zinemagilea izango da, eta bere azken filma, ‘Cerrar los ojos’ (2023), aurkeztuko du. Martxoaren 28an, Michel Gaztambide eta Alain Berlanga zinema kritikariarekin batera, solasaldia egingo du ‘París-Madrid allers-retours’ (2010) serie dokumentalaren inguruan, Théâtre Graslin antzokian. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak gidatuko du mintzaldia.

Pablo Bergerrek, bere azken filma aurkezteaz gain (‘Robot Dreams’, 2023), berak zuzendutako ‘Blancanieves’ filmaren kontzertu- proiekzioa aurkeztuko du. Théâtre Graslin Nanteseko Operan izango da, martxoaren 23an eta 24an, eta l’Orchestre National des Pays de la Loire musikariek eskainiko dute kontzertua filmaren proiekzioarekin batera.

25 euskal ekoizpen ikusgai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude