2019ko Munduko Antzerki Eguneko mezua
2019ko Munduko Antzerki Eguneko mezua –
2019ko Munduko Antzerki Eguneko mezua, Donostia Kulturaren ataritik jasoa.
Martxoaren 27an ospatuko den Munduko Antzerki Eguneko mezua, Carlos Celdrán eszena zuzendari, dramaturgo, antzerki pedagogoa eta irakasle kubatarrak idatzi du oraingo honetan (Itzulpena: Iñaki Iñurrieta).
Ni antzerkira jaio baino lehen, nire maisuak han ziren jada. Beren bizitzen hondarren gainean eraikiak zituzten etxeak eta poetikak. Maisu haietako asko ez dira ezagunak, edo ia ez ditu inork gogoan: isilik lan egin zuten, saio-aretoen eta ikus-entzulez beteriko antzokien umiltasunetik, eta, poliki-poliki, urte askoan lan handia egin eta egundokoak lortu ondoren, beren lekua utzi eta desagertu egin ziren. Ulertu nuenean nire lanbidea eta nire patua haien urratsen atzetik joatea izango zela, ulertu nuen, halaber, ondare lazgarri eta paregabe bat jasotzen nuela haiengandik: oraina itxaropen bakar batekin bizitzea, hau da, inoiz une paregabe garden bat atzemango nuela. Une bat, non bestea aurkituko bainuen antzokiko ilunean, babes bakartzat keinu baten egia, hitz argigarri baten egia izanik.
Nire herrialde antzerkitarra une horiek dira, gure aretora hiriko bazterrik desberdinenetatik, gauero, lagun egiteko eta ordu batzuk edo minutu batzuk elkarrekin emateko etorri ohi diren ikus-entzuleekin elkartzen naizen une horiek. Une bakan horien bidez eraikitzen dut bizitza, uzten diot ni neu izateari, nik neuk sufritzeari, eta berriro jaiotzen naiz eta ulertzen dut antzerkigilearen lanbidearen esanahia. Egia soil iheskorra bizitzea lipar batzuetan, non bai baitakigu ezen eszenaren argipean esaten eta egiten duguna egia dela eta gure alderik sakonena eta geureena islatzen duela. Nire herrialde antzerkitarra, nirea eta nire aktoreena, une horiek ehundutako herrialde bat da, non atzean uzten baititugu mozorroak, erretorika, gu geu izatearen beldurra, eta non eskua ematen baitiogu elkarri ilunean.
Antzerkiaren tradizioa horizontala da. Inork ezin dezake esan antzerkia munduaren erdiguneren batean dagoenik, hiri edo eraikin apartekoren batean. Antzerkia, nik jaso dudan bezala, geografia ikusezin batean hedatzen da, bera egiten dutenen bizitzak eta antzerkiaren artisautza keinu bateragarri berean nahasten dituen geografia batean. Antzerkiko maisu guztiak hiltzen dira beren argiune eta edertasun-une errepikaezinak izan ondoren, denak desagertzen dira berdin, babestuko dituen eta ospetsuago egingo dituen beste transzendentziarik utzi gabe. Antzerkiko maisuek badakite hori, ezein aitorpenek ez duela balio gure lanaren funts den ziurtasun honek adina: egiaren uneak sortzea, anbiguotasunaren, indarraren, askatasunaren uneak, denik eta eskasiarik handienean. Haien ondotik, beren lanen datuak edo erregistroak baizik ez dira geratuko bideoetan eta argazkietan, egin zutenaren arrasto mehe bat baino ez. Baina erregistro horietan beti faltako da ikus-entzuleen erantzun isila, une hori non ulertzen baitute han gertatzen dena itzulezina dela eta ezin dela kanpoan aurkitu, han partekatzen duten egia bizi-esperientzia bat dela, bizia bera baino gardenagoa tarteka.
Ulertu nuenean antzerkia herrialde bat zela berez, lurralde handi bat mundu osoa hartzen duena, erabaki hau erne zen nigan, askatasun ere badena: ez duzu zauden lekutik urrundu edo mugitu beharrik, ez duzu lasterka egin edo lekuz aldatu beharrik. Zu non, hantxe daude ikus-entzuleak. Hantxe, ondoan behar dituzun lagunak. Hantxe duzu, zure etxetik kanpo, eguneroko errealitate itsu, zulaezina. Beraz, ustezko mugiezintasun horretatik lan egiten duzu, bidaiarik handiena eraikitzeko, Odisea errepikatzeko, argonauten bidaia: bidaiari geldi bat zara, zure mundu errealaren dentsitatea eta zurruntasuna azeleratzen etengabe. Zure bidaia istant horretarantz, une horretarantz, zure kideen aurreko topaketa paregabe horretarantz doa. Zure bidaia haiengana doa, haien bihotzera, haien subjektibitatera. Haien baitatik zoaz, haien emozioen, oroitzapenen baitatik, iratzarri eta piztu egiten baitituzu. Zure bidaia abiada bizian doa, eta inork ezin du ez neurtu ez isilarazi. Inork ezingo du ezagutu bere osoan, zeure jendearen imajinarioan egindako bidaia da, lurralderik urrunenean ereindako hazia: zure ikus-entzuleen hiritar-kontzientzia etiko, gizatiarrean. Horregatik, ez naiz lekuz aldatzen, etxean jarraitzen dut, neureen artean, itxuraz bare, gau eta egun lan eginez, lastertasunaren sekretua dudalako.