Araban ez gara arrazistak?

Araban ez gara arrazistak? –

Hori da gure ustea, behintzat, baina hori zalantzan jarri beharko dugu ohikoak diren zenbait komentario entzun eta gero; hala nola gizarte-laguntza gehienak etorkinek eramaten dituztela, bertakoei lana kentzen digutela, ez direla  gure gizartean integratzen, eta abar.

Araban ez gara arrazistak?
Arrazakeriaren kontrako azken manifestazio jendetsua Gasteizen. HALA BEDI

Berdin dio hain erraz botatzen diren horrelako burutazioak egia ala gezurra diren. Zurrumurruek ez dute ziurtagiririk behar sinetsiak izateko. Lasai asko botatzen dira fake news tankerako sasi egia horiek, eta inork gutxik egiten die aurre.

Arrazakeriaren zantzuak antzematen dira gurean, bai, eta kezkagarria da. Izan ere, bide beretik jarraituz gero, jarrera xenofoboak eta ghettoak nagusitzeko arriskua badago Araban ere.

Baina, zergatik piztu zaie kanpotar horiei migratzeko grina: apetak emanda ala modu duinean bizitzeko premiak bultzatuta? Zergatik hartzen dute, zer gerta ere, Europara ailegatzeko arriskua: kapritxo hutsagatik edo halabeharrez?

Gainera, gu ez gara nor bizitza duina bilatzen dutenak kritikatzeko. Zergatik izan beharko dugu bertakook etorkinek baino eskubide gehiago ongizateaz gozatzeko? Zein da gure meritua horretarako: hemen jaio izana? Baina, guk geuk irabazi dugu bertan jaiotzeko saria, ala patuak kokatu gaitu gu hemen eta etorkinak atzerrian?

Gure bizilagun berri horien izaeraz, premiez, bizipenez, sufrimenduz ezer gutxi dakigu. Eta ohikoa da ezezagunaren aurrean mesfidantza, deserosotasuna eta susmo txarrak piztea. Ezagutzen ez duguna ezin dugu ongi ulertu, are gutxiago horrekiko enpatiarik sentitu. Etorkinak ez ditugu ezagutzen eta, horregatik, zurrumurruek bide libre dute.

Xenofobia hedatzearen aurkako antidoto ezin hobea litzateke denok, arabar berriek eta, guk geuk, betiko arabarrok, elkarrengana hurbildu eta elkar hobeto ezagutzeko ahalegina egitea

Araban ez gara arrazistak?

 

Iñaki Martinez de Luna

Jubilatua eta zoriontsu! Euskararen soziolinguistikari begira.

21 pentsamendu “Araban ez gara arrazistak?”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-03-27 11:34

    Azken urteetako kontua da, badirudi egi bat bakarra dagoela eta beste guztia “fake news” da (modan dagoen hitza berau). Berdin dio herritarrek zer pentsatzen duten, zer bozkatzen duten; egi horrekin bat ez badator “fake news” da, aurre egin behar zaio, isilarazi egin behar da, ezjakintasunan oinarritutako jarrerak dira… Zuk artikuluan egiten duzun moduan.

    “Zein da gure meritua horretarako: hemen jaio izana? Baina, guk geuk irabazi dugu bertan jaiotzeko saria, ala patuak kokatu gaitu gu hemen eta etorkinak atzerrian?”, demagogia merkea zurea. Bai, badakigu gizaki bizidun guztiak bakterioetatik gatozela (kristautasunean, Adan-engandik eta Eva-rengandik), badakigu hasiera-hasierako partikula kuantikoen “eztanda” hartatik gatozela (kristautasunean, “hasieran hitza zen, eta ez zen besterik eta hitza egi bihurtu zen”) eta gure gorputzeko atomoak (hidrogenoa ezik) izarretan gertatzen diren prozesu nuklearretan sortuak direla. Guzti hori badakigu. Baina traszendentziatik soilik ez du jaten gizakiak. Eta hilaren amaieran soldata behar du jendeak eta erretiroa hartu dutenek ere bai. Eta jubilazio horiek ordaintzeko beste batzuk lan egin behar dute eta nahikorik ez badago zorpetu egin behar da (arazoa hurrengo belaunaldientzat) edo jubilazioa jaitsi (jubilatuen manifak nonahi). Eta horrelakoetan jendeari alferrik esango diozu izarren hautsa garela, lasai egoteko, bere iritzia “fake news” dela.

  • Beraz nire herrian soilik haien artean biltzen diren marokoarren integratzeko nahi ezak zurrumurru bat ote da? Kasualitatez beste etorkinekin ez da horrelakorik gertatzen, Marokoarrak bere komunitatea/getoa nire herrian ezarri dute, beste etorkinek (errumaniarrek eta hegoamerikarrek) ez dute horrelakorik egin.

    Beti eskubideak, eskubideak eta eskubideak aldarrikatzen… Noizko betebeharrak?

    Patuak ez gaitu hemen kokatu, daukagun ongizatea sortu zuten gure arbasoek hemen kokatu gaituzte.

  • Erranen nukek Araban arrazismoak erro sakonak dituela, eta sendoenak etorkin espainarren artean, Euskal Herri osoan bezala, Ez ahantzi herri kolonizatua garela. Bestela ere. Zergatik? Geuk pagatzen ditugulako zergak, eta nahiago neronen gurasoen erretiro duina ordaintzeko.

  • Aitzol Azurtza 2019-03-28 01:52

    Zori hutsak erabakitzen du gizaki bakoitza non eta noiz jaio den baina horrek ez du ezabatzen gizarte bakoitzak bere burua nahi bezala antolatzeko eta kudeatzeko duen eskubidea, azken finean, nork bere etxean zer egin erabakitzeko eskubidea duen bezalaxe. Ala nire etxeko atea edonori ireki behar al diot? Nire etxean nor sartzen den nik erabaki dezaket ala ez?

  • Ez, Aitzol, hori ezin duzu zuk erabaki, zure eraikinaren jabeak du erabakitzen.

  • Aitzol Azurtza 2019-03-28 14:39

    Alogeran bizi naizen arren, nire etxebizitzan nor sartzen den nik erabakitzen dut. Etxejabeak 24 ordutako aurretiazko ohartarazpenaz baimena eskatu behar dit etxean sartu nahi badu (eta nik baimena uka diezaioket dena delakoagatik egun eta ordu hura komeni ez bazaizkit). Nire etxea ez da auzoko taberna.

  • Aitzol Azurtza 2019-03-28 14:54

    Etxejabea banintz, nire etxean jaun eta nagusi izango nintzateke eta inork ezingo luke nire etxean nire baimenik gabe sartu eta sartuz gero edo (1) lapurra/okupa/ gaizkilea izango litzateke edo (2) epailearen aginduz sartuko zatekeen.

    Gauza bera herrialdeekin. Jaio izanak ez digu eskubiderik ematen gogoa dugun lekuan bizitzeko. Besteren herrialdean bizitzeko baimena eskatu beharra dago dagoeneko bertan bizi direnei, bestelakoan inbasioa da.

  • Zori hutsak erabakitzen du gizaki bakoitza non eta noiz jaio den. Horixe modako ergelkeria, Ez da hala, ezta hurrik eman ere!. Nerau gurasoa naiz, eta berariaz erabaki nuen aita izatea, amak eginkeran, eta geronen hautua garbia eta zehatza zen. Zoriak ez du deus ere erabakitzen, pertsonek egiten dute hautua, jendeak. Nahikoa da babukeria hoirekin, zoriz jaio gara eta.., ez bada, gure arbasoek hartu dute erabakia. Ez dago zorirtik, zer zoririk balego hori erraten duen jendearen erdia ez zen jiaio ere eginen!

  • Alex Saenz de Urturi 2019-03-28 21:48

    Hegoamerikarrek ere bere ghettoak eraiki dituzte, haien tabernetan kontsumitzen dute, haien supermerkatuak montatzen dituze haien herrialdeetako produktuak saltzeko, aberrikideak elkartzen dira soilik hegoamerikarrez osatutako enpresak sortzeko eta beste aberrikideak esplotatzeko, gazteek banda latinoak antolatzen dituzte, kirol kantxak kontrolatzen dituzte eta haien diskoteketara joaten dira haien herrialdeetako musika entzun eta dantzatzera.

    Euskararen aurrean, salbuespenak salbuespen, gutxiespena eta mespretxua, interes eza eta kudeatzen dituzten tabernetan tabernarien aurpegi txarrak aguantatu behar haientzat hikuntz erabat arrotz bat entzutean (zer dela eta niri euskaraz zuzentzea, ez al da nabaritzen latinoa naizela??).

    Hau guztia txarra al da? Zurrumurrurik ote? Non bizi zarete, arren!? Gainera Iñaki gasteiztarra izanda hau guztia oso ondo ezagutzen du, baina agian bakarrik pasadaz, Errota edo Pilar auzo exotikoak zeharkatu behar dituenean sumatzen ez duen errealitatea.

  • euskaldun bat 2019-03-28 22:06

    Nik ezagutzen dut mutil mexikar bat. Unibertsitate ikasketak egitera etorri zen Euskal Herrira, gero hemengo neska batekin hezkondu zen (entzun nuenez, hemen bizitzeko paperak lortzeko), handik gutxira banandu zen eta bat eta beste, jada 20 urte badaramazki hemen bizitzen. Bere euskara maila = 0. “Kaixo” eta “Agur” ulertzen ditu baina hortik aurrera ez eskatu gehiago, hau da, espainiako gainerako etorkinak bezala. Aitzakia ezin du jarri herri erdaldun batean bizi dela, ezta gutxiagorik ere. Gipuzkoako herririk euskaldunetako batean bizi da, bere inguruan egunero entzuten du jendea euskaraz. Euskara ikasteko interesa = 0. Zer diozu honi buruz Iñaki?

  • Aitzol Azurtza 2019-03-28 23:17

    Nagore, zuk zerorrek aukeratu al zenuen jaiotzea? Zuk zerorrek aukeratu al zenuen jaiolekua?

    Ez dut uste.

    Zure seme-alabek aukeratu al dute jaiotzea? Edo non jaiotzea?

    Hori ere ez dut uste aukeratu dutenik.

    Hori guztia zoriak aukeratu du.

  • Barkatu, _Baina alogeran bizi bazara ez da zure etxebizitza, ez duzu etxebizitzarik. Hori entenditzea hain zaila al da?

  • Aitzol Azurtza 2019-03-28 23:24

    Nagora, bestalde diozu gurasoek aukeratzen dutela seme-alabak izatea… benetan beti hala al da?

    Antisorgailuen erabilera eskura ez duten milioika emakumeek benetan amatasuna hautatzeko aukera duten galdetu beharko genieke.

    Arbasoak aipatzen dituzu. Gure amonek eta antzinagoko emakumeek amatasuna hautatzeko aukera al zuten? Bai zera! Haurdun geratzen ziren larrutan eginez gero, nahi ala ez.

  • Neronek ez, baina nire gurasoek bai, baita neronek neronen umeen jaiotza ere, nire neska-lagunarekin batera, Eta bai gurasoek, gai gerok herri eta hizkuntz eta kultur baten segida garela pentsatu eta horri atxiki eta jarraipen natural eman nahi genuela uste genuen, besterik gabe, bortxatu gabe, baina zaila egiten da. Aukeratu? Zer babokeria,zer ergelkeria, zer zozokeria, zer putaleria. Zerorrek zer aukeratu duzu bada?

  • Aitzol Azurtza 2019-03-28 23:37

    Nagorek dio: “Barkatu, _Baina alogeran bizi bazara ez da zure etxebizitza, ez duzu etxebizitzarik. Hori entenditzea hain zaila al da?”

    Oker zaude. Nork bere bizilekua izan dezan ez du zertan bizilekuak jabetzan izan beharrik.

    Alogeran bizitzeak ez nau bizi naizeko lekuan eskubiderik gabe uzten. Etxejabeak errenta jasotzen du eta horrek niri eskubide batzuk ematen dizkit eta etxejabeari obligazio batzuk sortzen dizkio. Etxejabearen obligazio hauen artean dago hark baimena eskatu behar didala bizi naizen etxean sartzeko eta nire eskubideen artean dago etxebizitzan nor sartzen den erabakitzeko ahalmena dudala. Etxejabeak ez du eskubiderik berak nahi duenean bizi naizeneko etxean sartzeko.

  • Aitzol Azurtza 2019-03-28 23:48

    Nagorek dio: “Aukeratu? Zer babokeria,zer ergelkeria, zer zozokeria, zer putaleria. Zerorrek zer aukeratu duzu bada?”

    Noski ez dudala aukeratu eta horixe bera diot nire aurreko mezuan. Gu guztiok jaio izana zoriaren ondorioa da.

    Haurra sortzen denean ezer gutxi aukera dezakete gurasoek. Semea ala alaba izango al den? Begi nabarrak ala urdinak izango dituen? Gaisotasun kongenitorik izango ez duen?

    Haurraren jaiolekua hautatzeaz gain ezer gutxi aukera dezakete gurasoek (agian abortua aukera dezakete eta hori ez edonon).

  • Niri ere amorrua ematen didate euskaraz paso egiten duten etorkinek. Baina nola exijitu euskaraz egitea kanpotik etorri den bati, bertako gehienek egiten ez dutenean? Etorkinak bertako kulturan integratu behar luke, eta bertako hizkuntza erabili. Baina Euskal Herrira datorren etorkin batentzat, zein da bertako hizkuntza? Zorionez, batzuk bai, batzuk euskara ikasten dute, eta euskaraz egiten dute. Hori da, behintzat, Senegaldar askoren artean ikusi dudan jarrera. Hala ere, bertakook gure hizkuntza zaintzen ez badugu, ez dezagun espero kanpotik datozenek zaintzea. Hori esanda, eta epe ertainera begira, gure hizkuntza zaintzeko modu eraginkor bat iruditzen zait izango dela etorkinei euskara helaraztea.

  • euskaldun bat 2019-03-29 10:52

    Langar, aitzakiak beti aurkituko dituzte: guk ere ez dugula erabiltzen etab. Beti dago aitzakia kultura indigenak zokoratzeko eta deusezteko. Beti egin da horrela eta gurea ez da salbuespena. Baina gutxinez, gutxienez, indigena (zu) ez dadila izan aitzakiak onartzen dituena, aitzakiak bandejan zerbitzatzen dizkiona; jarrera hori ere beste kultura indigenek ere izan dute historian zehar eta. Eta gutxienez, gutxienez, lerdoa bezala “ongi etorri errefuxiatuak” pankarta hartuta ez atera kalera ezker, progre, tonto, auzolotsa moduan; aztekak “ongi etorri españolak” pankartarekin atera izan balira bezala zatekeen eta. Gauza bat da etorkinak erasotzea eta bestea pankarta horrekin kalean ibiltzea. Euskaldunak zaleak gara muturreko jarrerak hartzen, baina ez bata eta ez bestea. Eta etorkinen aurka egoteak ez zaitu VOXekoa egiten eh!? Independentziaren alde egoteak terrorista egiten ez zaituen bezalaxe, bai? Beraz, konplexu gutxiago.

  • “Euskaldun bat”, ulertzen dut diozuna. Baina ongi dakigu ere euskararen egoeraren errua, gaur gaurkoz, ez dela etorkinena.

  • euskaldun bat 2019-03-29 16:16

    Langar, oraintxe esan duzuna, jende askok diozue. Eta? Badakigu kaleko jendeak duen lehentasuna bizitzea dela, inor ez da zuzenean “ezpata” hartu eta konkistatzera joaten, ez hemen eta ez inon. Amerikan ezpatarekin goiko agintariak joan ziren, behekoak aukera bila joan ziren, bizitzera, familia osatzera…”ez dira errudunak” baina denen artean egin zen konkista eh!? Ala ez? Goiko ezpatadunek nahi duten guztia egin dezakete, behekoen aportaziorik gabe ez duzu eta kultura ordezkapenik egingo. Eta alderantziz: goiko ezpatadunik gabe behekoak ez zaizkizu joango. Ados, ez? Eta zer dela eta orduan errudunak ez direla esatearena. Jakina! Nork esan du jipoitu egin behar direla? Nork? Nik kalean pertsona bat beharrean aurkitzen badut gaur bertan (izan etorkin edo ez) lagundu egingo diot pertsona delako. Eta zer aldatzen du horrek? Baina horrek ez du esan nahi “ongi etorri etorkinak” pankartarekin joango naizenik. Eta etorkin gehiago ez ditudala nahi ozen jakinaraziko dut. Gertatzen dena da, zuek jakingo duzue zergatik, etorkin gehiago nahi ez izatea adieraztea, zuentzat tabua dela. Zuek jakingo duzue zergatik. Agian eskuin/ezker sailkapena egin duzue eta ezkerrekoa izanez gero aurka ez egotea tokatzen delako, besterik gabe. Eta ni ezkerrekoa naizenez ezin dut jarrera hori izan, edo horrelako zerbait. Eztabaidari ihes egiteko beste gai tipikoa hau izaten da: euskaldunek ere emigratu zuten. Eta? Badakigu, eta badakigu baita horien artean ezpatadun asko izan zirela ere Espainiaren zerbitzura; eta denen artean (behekoak eta goikoak) ankerkeri ederrak egin zituztela. Eta horregatik merezi al dugu ordain bera orain? Autogorrotoa? Zer hobeto, mundu honetan konkista gehiago ez dugula nahi adierazteko baino, ez? Nik uste dut zeuokiko iritzia garbia duzuela baina tabua da zuentzat. Armairutik ez duzue atera nahi. Eta ez diot iraintzeko asmoarekin.

  • Nirekin ari al zara? Uste dut eskuin eta ezkerraren sailkapen generikoarena zeuk behintzat oso barneratuta daukazula. Niri azkar asko jarri didazu etiketa behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude