2016ko asmo irakurzaleak
2016ko asmo irakurzaleak
2015a despeditu nuen amaitu ez nituen bost liburuak aipatzen. Urte bukaeran geunden eta 2015an zehar burutu ezinak purgatu behar nituen. Aitzitik, urte hasieran gaude eta asmo onak agertzeko garaia da. Hemen dituzue datozen 12 hilabeteotan irakurri nahiko nituzkeen bost liburu eta arrazoiak.
– Al Este del Edén* (John Steinbeck): Las Uvas de la Ira-rekin gertatu bezala, liburuak pelikulak baino gehiago liluratuko nauelakoan nago. John Steinbecken idazteko era xinple baina zorrotza –agerikoa da kazetaria izan zela–, Estatu Batuetako gizarte konplexuarekiko duen ikuspegi kritikoa eta berau aztertzeko erakusten duen trebetasuna arrazoi nahikoak dira kaliforniarren edozein liburu irakurtzeko. Eguneko gaiak jorratzen ditu sona handiagoa merezi duen Nobel Sariak.
– Ulises (James Joyce): ‘Punpeziaz, Buck Mulligan potoloa, xaboi-aparra katilu batean eta haren gainean ispilu bat eta bizar-labana gurutzatuta zeramatzala, eskailburutik etorri zen’. Euskarak beste mugarri bat jarri du eta neuk ere parte hartu nahi dut. Gaztelaniaz irakurtzen ahalegindu nintzen eta ezin, baina nago Xabier Olarraren esku fina eta oharrak aliatu izango ditudala irakurketan, zeina bukatzea ezinezkotzat baitut. Erronka handia da Ulises bukatzea, baina zer ote da bizitza erronkak gainditzea baino?
– L’homme revolté (Albert Camus): Abenduan esan nuen ez nintzela liburua zabaltzera ausartu baina aurten zabaltzera ausartuko naiz. Izutzen naute liburu polemiko honetan irakurriko ditudanek eta espero dut Camusen gogoetek buruhauste ugari sortuko dizkidatela, La Peste edo Le mythe de Sysipheren orriok eragin zizkidaten beste. Beldur naiz ez ote diodan liburuari merezi duen denbora eskainiko. Tempus fugit…
– Don Quijote de la Mancha (Miguel de Cervantes): Apirilaren 22an 400 urte beteko dira Lepantoko maingua hil zela eta, neu ere apur bat mitomanoa naizenez, gustuko nuke haren liburu nagusia noizbait irakurtzea eta urteurrena aprobetxatu nahiko nuke. Jakin-mina pizten dit hainbestetan berari buruz entzun baina irakurri ez dudan liburuak. Gainera, eskolan ez nuen sekula bukatu eta arantza kentzeko tenorea da. Carlos Mayoralek 10 arrazoi ematen dizkigu eta berarekin bat nator: ez dugu Shakespeare zertan baztertu.
– Las aventuras del valiente soldado Svejk (Jaroslav Hasek): Abenduan neure hitza eman nizuen misterio bat argituko dudala 2016an: zergatik utzi nion Las aventuras del valiente soldado Svejk irakurtzeari. Urte berriak egun bat gehiago eskaintzen dit eta erabiliko dut hura argitzeko. Beraz, ez dut aitzakiarik: 2016ean Las aventuras del valiente soldado Svejk bukatu behar dut. Tartean zenbat liburu irakurriko ditudan beste kontu bat da…
12 hilabete barru hemen ikusiko dugu asmoak bete ditudan edo urtarrilaren lehenarekin batera joan dira eta liburuok irakurri ez nituen liburuak-ren multzora doazen, bukatu ezin nituen maisulan eta adreiluekin batera. Liburu potoloak dira. Agian pasatu naiz baina horretarako daude urte berriko asmoak: burutu nahiko genituzkeenak azaltzeko.
* Obraren izenburua berau irakurtzea aurreikusten dudan hizkuntzan jarri dut
PD: Gaur 75 urte dira James Joyce hil zela. Iaz Bertrand Russellekin antzekoa gertatu zitzaidan. Kasualitatea ote?
Argazkia Ben Ledbetterek egin du.