127 orri zulatu

Jonathan Safran Foer idazleak pieza bitxia sortu du inondik ere. Eskultura-objektutzat ere har daiteke, baina paperean idatzitako fikzio lan bat da batez ere. 

Safran Foer-ek bere liburu gustukoena hartu (Bruno Schulz-en “The Street of Crocodiles’), eta hura zulatuz, orrialdeak banan-banan trokelatuz, bere istorio propioa “idatzi” du hango hitz eta esaldiekin. Irakurleak, berriz, orrialde bakoitzeko hitz solteak batuz osatzen du testua. (Orri txuri bat jarri behar da orrialde bakoitzaren azpitik irakurri ahal izateko).

Liburua plazaratu duen argitaletxeak esanguratsua du claim-a: Visual Editions, “great looking stories”. Konbentzituta omen baitaude liburuak berak, kontatzen dituzten istorioak bezain interesgarriak izan behar direla. Idazketa bisuala esaten diote argitaratzen dutenari.

Literatur baliorik ba ote duen? Idazle saritua eta asko saldutakoa da Jonathan Safran Foer, kritikari batzuk asko laudatutakoa gainera. Eta irakurle hau gustora ari da orrialde bakoitza dezifratuz. 

Polita da liburua eskutan hartutakoan jendea nola harritzen den ikustea. Eta merezi du, baita ere, bai idazleak eta bai argitaletxeak liburuaz egiten duten aurkezpena ikustea (eta hartaz ikastea).

 

 

 

Tree of codes

Irudia | Tree of codes | Visual Editions | LGPL

Publizitatea, marketina, komunikazioa, kultura.