Xalaren marka gora, Asperena behera
Kontraesana dirudi txapelduna enpresakoa izan arren, pilotariaren marka gora egin duela eta enpresarena behera errateak, baina hala gertatu da aurtengo buruz buruko txapelketan. Aspek ez du jakin Xalaren gaitasunaz baliatzen bere irudia hobetzeko. Are gehiago, pilotazale guztien aurrean Asperen irudia kaltetuta atera da. Komunikazioan ostrukaren politikak ez du balio.
Pilota hurbiletik jarraitzen duen lagun kazetari batek erran zidan Aspek ez zuela Xala defenditu, ongi etortzen zitzaiolako. Lekuineko pilotariak ez bazuen finala jokatzen, berdin-berdin kobratuko zituen Bizkaia Pilotalekuko sarrerak, eta gainera, finalean pilotaririk ez zuenez, ez zuen finala jokatzeagatik diru saririk ordaindu beharko. Arlo ekonomikoa soilik begiratzen bazaio, logikoa dirudi, baina Aspek ahantzi du pilota kirol bat dela, eta zale guztientzat kiroltasuna alde ekonomikoa baino aurretik pasatzen dela. Aurreztu behar zuen dirua guztiz itsututa utzi du, eta bere markak eta itxurak gerora jasango zituen kalteak ikusten ez du jakin.
Xalari, berriz, gauzak ederki atera zaizkio, maila ona eman baino haratago, txapela janztea lortu duelako. Baina txapela baino askoz gehiago zuen jokoan, bere sinesgarritasuna, alegia. Zer gertatuko zen Aimarrek irabazi bazion, duela bi urteko finalerdian Irujok berari egin zion bezala 22 eta 1. Aspek isilik jarraituko zuen ? Zernolako jarrera izanen zuten kazetariek ?
Han hemenka Asperen egoera ekonomikoa nahiko kaskarra dela irakurri dut, baina horrela jokatuz gauza okertu baizik ez ditu egin. Ez dut uste ixtorio honek halako eraginik izango duenik uda honetako jaialdietan, baina irudiaren aldetik galdu egin du Aspek. Komunikabide eta jarraitzaileen jarrerarik begiratu besterik ez dago. Gehienak Xalaren aldea hartu zuten. Bizkaia Pilotalekuan ere nabarmena zen joera hori : Iñaki Azkuna eta Jose Luis Bilbao damutzen ikusi genituen Aimarrek egindako tanto batean, baita Aimarren bikotearen ondo-ondoan zeudenak ere (Barkatuko didazue, bere izen eta abizenak ez didazkit, eta mesedez ez ezazuela jarrera matxistarik ikusi horrela aipatzen dudanean) Xalaren tanto bat ospatzen. Larunbatean, berriz, honako hau ere aditu nion goizuetar bati. « Gertatutakoa gertatu eta gero, kasik nahiago dut besteak irabaztea ». Sare sozialetan joera hori nabarmena iruditu zait. Pilotaz gutxitan hitz egiten duen jendearen artean asko izan dira Xala zoriontzeko mezuak idatzi dituztenak, txapelketa gehienetan baino gehiago, nire ustez. Pilotazaleak Xalaren alde zeuden igandean, eta Aimarrek nahiko meritu izan du horrelako giroan jokatzen.
Bestalde finalaz geroztik ere Aspek ostrugarena egiten jarraitu, du eta oker ez banago behintzat, ez du adierazpenik egin edo barkamenik eskatu. Alta jendeak hanka sartzea barkatzen du, baina gezurra edo isiltasun maltzurra, nekez. Telebistako audientzia handiaren atzean ezkutatu nahi izan dira beste batzuek, baina ez dezagun ahantzi zein izan den audientzia horren benetako arrazoia, eta Xalak zer bizi behar izan duen eta nola jarri behar izan duen finala hau jokatu ahal izateko.
Dena dela, nik argi daukat Xala baino haratago pilotak irabazi zuela igandean. Milesker Aimar eta Xala eskainitako ikuskizunagatik.
Aspek galdu diozu? Aurtengo udan ez al da igoko Xala ikusteko eskakizunak herriko festetako pelota partidetan? Niretzat irudi aldetik Aspek galdu duen arren, ekonomikoki irabazita atera da. Txapelduna bere pilotaria da. Gainera pelotazaleen artean dagoen beste uste bat indartu egin da, Aspe eta Asegarce artean Asegarcek agintzen du. Ez ahaztu Xalaren atzerapenaren aurretik Aimarren atzerapena egon zela eta inork ez zuen kritikatu, Barriolari ez zioten astebeteko atzerapenik eman binakako finalean eta Asegarcek irabazi zuen. Dena den bejondeiola Xalari, jendea bere alde egotearekin ez du finala irabazi, bere ahalegatik irabazi du. ZORIONAK XALA!!!!!
Bai, hala da Xabier. Xala ikusteko eskakizuna igoko da ziurrenik, eta ekonomikoki ongi aterako zaio Asperi, baina marka edo irudi aldetik ari nintzen ni. Eta kasu horretan galtzaile atera dela iruditzen zait. Nonbait, Aspek uste zuen Xalak galdu eginen zuela, eta nahiago zuen diru sarrera bat ziurtatu.
Bestalde, Asegarceren nagusitasunari buruz diozuna interesgarria da. Ez nuen inoiz horrela ikusi, baina zergatik zure ustez?