IDAZLAGUN: euskaraz egoki idazteko erreminta

Idazlagun

 

Eleka Ingeniaritza Linguistikoak IDAZLAGUN aplikazio integratua aurkeztu du gaur Lugaritzeko Kultur Etxean egindako prentsaurrekoan. Euskaraz idatzi behar duten profesionalei laguntzeko sortu den aplikazioa da IDAZLAGUN, euskaraz lan egiteko erabilgarriak diren hainbat hizkuntza-baliabideren baturatik sortua. Bereziki mikroenpresei zuzendua dagoen arren, enpresa txikiek, ertainek, Administrazio Publikoek edota freelance  moduan ari diren profesionalek ere balia dezakete zerbitzua sortzen zaizkien hizkuntza zerbitzuak argitzeko.

Eleka Ingeniaritza Linguistikoaren Elena Garcíaren esanetan, aplikazio berritzaile eta modernoa izanik, IDAZLAGUN-ek erabiltzaileari hainbat abantaila eskaintzen dizkio bere eguneroko jardunean: “Moldagarria da, gardena, programarik instalatu gabe erabil daiteke, bezero bakoitzaren beharretara moldatzeko aukera ematen du, eta gainera, urteko 365 egunetan, momentu oro, kontsulta daiteke”.

IDAZLAGUN aplikazioa modulu desberdinek osatzen dute eta bakoitzak bere funtzio zehatza  betetzen du: hiztegia moduluak, esate baterako, hiztegi desberdinetan kontsultatzeko aukera ematen du; gramatika moduluak, berriz, edukien bilaketa erraztu eta iturrietara joateko estekak eskaintzen ditu; deklinabidea moduluak forma deklinatu guztiak kontsultatzeko aukera ematen du; aditzen jokatzea, datak eta orduak nola idatzi, zenbakiak testuz idazteko erreferentziak, hizkuntza-zalantzak edota idatzitako testuen ortografia zuzentzeko moduluak dira, besteak beste, eskaintzen dituen bestelako baliabideak. Xuxenweb, Opentrad, esteka interesgarriak edota hainbat dokumentu eredu ere bere barnean hartzen ditu aplikazio honek. Aplikazioa modularra denez, etorkizunean interesgarriak suertatu daitezkeen beste hainbat modulu garatu eta integratu ahalko dira.

Garcíaren iritziz, azken batean, proiektu honek hainbat berrikuntza eskaintzen dizkie bezeroei zerbitzua euskaraz ere eskaini nahi dieten enpresei, bereziki enpresa txiki eta autonomoei: “Euren produktibitatea hobetu ahal izango dute, euskaraz ekoiztutako testuen kalitatea hobetu, eta haien lehiakortasuna hobetu ahal izango dute. ASP motako aplikazioa izanik, enpresa batentzako ez da hainbesteko kostua izango berau ezartzea”.

IDAZLAGUN aplikazioaren inguruan egingo duten lehen workshoparen berri ere eman du Garcíak prentsaurrekoan. Euskara teknikari diharduten 30 lagun ingururekin egingo da uztailaren 22an, Elekan bertan. Animatu izena ematera info@eleka.net helbidean.

Informazio gehiago nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan:

Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, S.L.
T. 943 377 225 · info@eleka.net · www.eleka.net

enpresa, euskara, euskera, hizkuntza, informatika, sarea, Teknologia

2 pentsamendu “IDAZLAGUN: euskaraz egoki idazteko erreminta”-ri buruz

  • Patxi Gaztelumendi

    [ASP motako aplikazioa izanik, enpresa batentzako ez da hainbesteko kostua izango berau ezartzea ] software itxia eta ordaindu beharra dago?

    Informazio honetan ez da argi zehazten ordainpekoa ala doakoa den, librea ala pribatiboa ote de. Sareko garapenen gainean ari garenean, behar beharrezkoa da informazio hori eskaintzea ere, iruditzen zait.
    Ez da hainbesteko kostua, zenbat da? Komertzialari deitu behar zaio?
    Egunero sarean idazten dugunok, eskuratzerik badugu? Euskarazko blogak, webguneak, unibertsitateko lanak edo telebista/irrati/nobela/laburmetraje gidoiak egiten dugunok enpresek bezala ordaindu beharko dugu?


    Horrek, duda barik beste eztabaida bat sortzen du: zelan lortu gure produktuek (garapenek, software berriek, webguneek) gero eta erabiltzaile gehiago izatea?

    Informazioak, gaur egun (ere) argia izan behar du. Mila esker, aldez aurretik. Eta zorionak garapenagatik…

  • informazio gehiago nahiko nuke izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude