Ligako lehen jardunaldiaren bost ertz
1) Bartzelona eta Real Madril: Bartzelonak 3-0 irabazi zion Sportingi. Iazko jokorik erakutsi gabe eta ordezko askorekin, baina bukatu bezala hasi du liga txapeldunak. Ibrahimovicek taldeari egingo dion ekarria ikusteko dagoen arren, taldearen hirugarrena berak sartu zuen atzo.
Bartzelona aldean kezkatuta daude hiru lehiaketetan aritzeko talde laburregia ez ote duten. Baina Pep Guardiolak harrobiko jokalariei konfidantza emateko abildadea du. Erantzungo ote dute gazteek?
Real Madrilek ere irabazi egin zuen Deportivoren aurka. Zurien jokoak zalantza gehiago utzi ditu lehen jardunaldian. Hala ere, duten jokalari multzoagatik bakarrik, jardunaldietan aurrera joan ahala, jokoan hobetzen joatea espero da.
Madril aldean hasi dira galdezka nork duen talde hobea: Bartzelonak ala Real Madrilek?
2) Gainerakoak: Sevilla, Valencia, Vila-Real eta Atletico Madrilek ligan zer esana izango duten arren, ez dute erraza izango bi faboritoei itzal egiteko. Valenciak nahikoa lan izan du uda honetan taldeko izarrak ez galtzen, Atletico Madril inkognita bat da eta lehen jardunaldiko emaitzekin zalantza handiak daude Sevillan eta Vila-Realen.
Aurten ere ez da sorpresa emango duen talderik faltako. Nor izango den asmatzea ez da erraza. Getafek indartsu hasi du liga, baina ikusteko dago ez ote den udako gau bateko ametsa.
3) Athletic eta Osasuna: Mamuak uxatzeko balio izan du Espanyolen aurkako garaipenak. Zaleak urduri eta komunikabideak kexaka ziren Bilbo aldean. Toqueroren golak lasaitasuna ekarri du Ibaiganera ordea, eta hurrengo hamabost egunetarako kreditua irabazi du Caparrosek. Joko oso eskasa egin arren, ligako lehen zatiko helburuak bete ditu Athleticek.
Osasunan fitxaketa berriek taldeari eman diezaioketenaz gain, iaz baino segurtasun gehiago erakutsi zuen atzealdean Camachoren taldeak. Erasoan ere zorrotz aritu ziren Pandiani-Aranda bikoarekin. Reyno de Navarratik ezin dute aurten puntu askok ihes egin. Hor egongo da sailkapenean lasai ibiltzeko gakoetako bat.
4) Hiru eskasago: Azken urtetan Athletic eta Osasuna jaitsi ez badira, ez da izan horretarako meriturik egin ez dutelako. Hiru talde eskasago topatu dituztelako ez dira jaitsi.
Aurten zein dira Athletic eta Osasuna baino eskasagoak? Aurrekontuari begiratuta, euskal taldeen azpitik beharko lukete Xerez, Sporting eta Tenerifek. Baina berdeguneak jarriko ditu euren lekuan.
5) Asteko gola: Toquerorena. Sarritan lehen mailan jokatzeko kalitaterik ez duela esaten da, baina jokaldi honetan baloia jaisteko erakusten duen teknika azpimarratzeko modukoa da. Toquero langilea baino gehiago da.