Udako olatuak harrapatuta?

olatuak harrapatu cc-by: zuzeuphoto
olatuak harrapatu cc-by: zuzeuphoto

Ez genuen berehala usteko San Ferminetan uda hain azkar joango zitzaigunik. Baina joan egin da.  Orduko hartan, Iruñean izan ez zirenei, han gertatutakoa 360 gradutan ikusteko aukera eskaini genien hemen. Iruñeatik Heletara, Euskal Herria Zuzenean festibalean egon ez zenari zer galdu zuen esan genion.

Euskal kostaldeko zortzi naturgune babestu arriskuan daudela ere jakin genuen. Hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida edota Euskal Herriko alderdi politikoetan dauden zatiketek sor dezaketen mapa politiko berria ere izan genituen hizpide. Terrorismoaz ere eztabaidatu genuen, faxismoaren berpizkundeaz eta Ibarretxeri egingo genizkiokeen galdera zenbait ere otu zitzaizkigun.

Etorki gaztaren iragarki kitschak zer esana eman zuen, eta balkoian baratzea egiteko argibide batzuk eman genizkizun. Hasier Etxeberriak, Azkoitian aurkitu zuten hilotzaren harira, bera ez zela asasinoa argitu zigun eta Beñat Sarasolak A gripea zuela .

Ez zarela urruneko herrialdeetara joan oporretan? Zuzeun Ipar Irlandako mural zenbait bisita ditzakezu.  Gainera, Imanol Epeldek Argentina eta Boliviatik egindako bidaia kontatu zigun eta Irati Elizaldek Edinburgoko Fringe jaialdian izan zenekoa, Hego Osetiako gerraren hotsez ahaztu gabe.

Hartu arnasa. Dena ez da maldan gora, eta baldin bada ere, zu lasai, pasatuko da eta. Edo egingo zaizu gorputza esklabutzara, kakalardoaren zangoak kaka biltzera bezala. Zer arraio, funtzioak ez zekarren, ba, organua?

Zu lasai, bihar ez da izango gaur. Etzi ere ez berdinik. Hartu astitxoa zuzeukeriak irakurtzeko, olatu azpian ito gabe. Lehen egunean bederen.

On dagizula.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.