Isilpean egin beharreko urratsen beharra dauka Euskal Selekzioak
Isilpean egin beharreko urratsen beharra dauka Euskal Selekzioak –
Ane Urkiri Ansolak Uriola agerkarian.
2017. urtea ez da amaitu jada tradizio modura hartzen genuen Euskal Selekzioaren neurketarekin. Urte bete lehenago San Mameseko harmailak erdi-hutsik ikusi ziren, zale askoren haserrearen islada.
Federazioaren asmo ezjakinak amorratu egin zituen euskaldun asko, ofizialtasunaren aldarrikapena urteko anekdota bat zela ikusten baitzuten, ezer serioa. Boikot moduko jarrera horrek, inprobisatua izan edo ez, agintariak hausnartzera eraman ditu, edo hori dirudi. Horregatik, hain zuzen, aurten gabon sasoian, urtero legez, jokatu beharrean ikuspuntuari buelta bat ematen hasi dira. Ez da pauso makala.
Baina izan da aurten Euskal Selekzioaren neurketarik. Azaroan, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean, azaroaren 25ean, Ipurua futbol zelaian eta Txekiar Errepublikaren aurka. FIFA datatan jokatu zen, alegia, selekzioen neurketa ofizialak jokatzen diren sasoian –kasu honetan 2019. urteko Mundialera sailkatzeko lehiak izan ziren jokoan–.
Aipatu lagunartekoa txekiarrentzat prestaketa moduko bat izan zen, beraien urteko azken lehia suposatzen zuen. Iraila eta urrian zehar lau neurketa ofizial jokatu zituen, horietariko bi irabaziz, bat berdinduz eta bat galduz.
Arerio egokia zirudien: FIFA ranking-eko 34. sailkatua eta Europako 20. selekzio indartsuena. Eta badakizue, ofizialtasunaren faltan zerrenda horretako arerioak garaitzen joateak ematen du Euskal Selekzioaren mailaren perspektiba antzerako bat. Irudikatu behar hori, beti distantziaz.
Gailendu zitzaion Txekiar Errepublikari ere. Estonia, EIRE, Eslovakia eta –dezente lehenago, 2008an– Txileko 21 urte azpiko taldea garaitu ziren moduan. Edo Kataluniarekin bi berdinketa lortu ziren moduan. Eta baita Argentinaren aurka galduriko bi neurketak bezala (2006 eta 2007an). Lehiakorrak izaten, Euskal Selekzioaren –izenak ere beste eztabaida batera eramango gintuen– harrotasuna zelaian ateratzen, euskaldun sena hauspotzen.
Baina badago beste afera bat Ipuruan jokatu zen neurketan. Iritzi kontrajarriak atera ziren, guztiak ulergarri zein errespetagarriak, jakina. 1.800 zale hurbildu ziren Eibarko estadiora, larunbata izaki eta arratsaldeko bostetan jokatuta. Sarrerak, prezio arrazoitua zeukaten: 5 euro. Jokalari zein entrenatzaileak pozik atera ziren, joandakoek –norberak erabakiko du asko edo gutxi izan ziren– zarata atera baitzuten eta horien gertutasuna sumatu zuten. Eta baloratu beharrekoa da.
Zapore gazi-gozoa geratu zitzaidala onartu beharrean nago, ordea. Beti gehiago espero dudalako edo, 3.000 zale aurreikusten nituen, gutxienez. Zifra horretara ez ziren ezta hurbildu ere egin, batek daki zergatik. Federazioa tematu da –eta egoki tematuta– emakumezkoen selekzioari ere balorea jartzen, urtero jokatzen eta ofizialtasunaren borrokaren parte izaten. Ezinbestekoak baitira. Are gehiago, berdintasunaren borroka ere aldarrikatzen dute protagonistek.
Baina jokalarien edo entrenatzaileen gaindi dagoen kontua da argi ez dagoena. Ez dago berdintasunik –afera honetan zalantza gutxi dagoelakoan nago–, eta ofizialtasunerako urratsen bat ikustea zaila egiten da. Eta frustragarri egiten da urteak joan urteak etorri, anekdota dirudien lagunarteko batean indarra jartzea. ‘Festa’ ezizenarekin ere ezagutu dugu, hala behar baitu, baina egun batean festa eta hurrengoan lana, edo hortik bi egunera –aje kontuak, badakizue–. Bestela nekagarri izako arriskua dago.
Agintarien eskuetan dago pilota –edo bi pilota, zehazki–. Ofizialtasunarena bata, berdintasunarena bestea. Ea biak elkarrekin iristen ikusten ditugun, berandu baino lehen bada, hobe. Zaleak bitartean, amesten jarraituko dugu, amestea baino gauza ederragorik ez omen dago eta, beti ere exijentzia atzean utzi gabe, kritika zein autokritika eginez. Ea 2018an bi neurketa ospatzeaz gain, ezkutuan, isilpean egin beharreko urratsak ere ageriagoak izaten diren.
.