Futbola ez da emakumeen artean kirol arrakastatsuena

Futbola ez da emakumeen artean kirol arrakastatsuena – 

Kirolik sakrifikatuenetako eta gogorrenetako bat aukeratu beharko banu, arrauna izango litzateke. Baina ez Euskal Herrian mundu guztiak ezagutzen duen arrauna eta atentzio gehien ematen duena  (estropadak), baizik eta arraun olinpikoa.

Normalean, arraunean aritzen zarela esaten denean, jendearen %90ak pentsatzen du entrenatzen duzuna banku finkoa dela. Arrauna bi kategoriatan bana daiteke: banku finkoko batelak, trainerillak eta traineruak sartzen direna, eta bestetik banku mugikorra. Azken horri ematen zaio arraun olinpikoaren izena, eta hainbat modalitatetan lehiatu ahal da.

Bakarrik joan zaitezke, skiff edo single (1x) deitzen zaiona; bikotekide batekin, bakoitzak bi arraun dituela (2x) edo arraun bakarrarekin (2-). Hori 4 lagunentzako txalupetan ere gertatzen da, arraun batekin (4-) edo birekin (4x) izan daitezke. Gainera, 8 pertsonak arraun egiten dute modalitate batean (8-). Arraroa da txalupa hauek bi arraunekin ikustea, gehienetan, pertsona bakoitzeko arraun bakarra erabiltzen da.

Azken urteotan, emakumeen kopurua nabarmen hazi da kirol honetan, baina emakume izate hutsagatik, honelako iruzkinak entzun behar izan ditut: “arrauna ez al da oso kirol gogorra emakumeentzat?”, “baina gizonek baino gutxiago entrenatzen duzue, ezta?”, “distantzia bera egin behar duzue arraunean?”…

Askotan, gizonek arrisku-kirolak egiteko joera handiagoa dute, edo erresistentzia fisiko handiagokoak , baina horregatik ez dira emakumeak diskriminatu behar esparru horretan.

Lehen aipatu dudan bezala, nahiko kirol zorrotza da, fisikoki zein psikologikoki. Astean zehar egunean 2 saio entrenatu behar dira goi mailan lehiatu ahal izateko, baina ez emakumea izateagatik.

Gustatuko litzaidake arraunak ikusgaiitasun edo bisibilitate handiagoa izatea, eta kirol ezagunagoa izaten hastea. Nahiz eta gero eta emakume gehiagok egiten duten kirol hau, ez dugu gizonezkoen kopurua berdintzen, eta aurrerapauso handia izango litzateke bai gizartearentzat bai arraunaren munduarentzat.

Azken egunotan asko entzuten dugu hedabideetan emakumeen futbolaz, besteak beste Rubiales kasuaren harira. Emakume futbolari askok aldarrikatzen dute bere kirolean arreta handiago jar dadin. Kazetariek eta politikariek baiezkoa adierazten dute, hau da, emakumeen futbolak arreta handiago merezi duela. Baina, aizue, zer gertatzen da beste kirol batzuk praktikatzen dugun emakumeokin? Badirudi emakumeen futbolaz hitz egin behar dela bai edo bai. Zergatik? Ba, gizonen artean arrakasta handiena duen kirola delako. Baina emakumeen artean, ordea, ez da arrakasta handiena duena. Hori frogatzeko Eusko Jaurlaritzako datuak ikusi ditzakegu txosten honetan:.

KIROL ESPARRUAN EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA SUSTATZEKO PLANA

Txostenenan  “Kirolarien lizentziak kirol federazioetan” zenbat diren ikus daiteke (17. orrialdea). Gizonen artean 24.000 daude futbolean, eta kirol arrakastatsuena da, baina emakumeen artean lizentzia gehiago dago Mendia, Golf edo Saskibaloian (8.000, 5.700 eta 3.000 hurrenez hurren).

Ez du zentzu handirik emakumeen kirolei buruz komunikabideetan futbolaz hitz egin behar izatea, beste kirolen aurretik.

Niri dagokidanez, gustatuko litzaidake arraunaz gehiago aritzea. Hala ere, jakin badakit, arraunaren ezaugarriengatik zailagoa dela hainbeste ikusle biltzea. Edonola ere, gogorra izanagatik ere, kirol osasungarria eta gomendagarria da.

Futbola ez da emakumeen artean kirol arrakastatsuena.