Eskoziako ligara bidean

“La mejor Liga del Mundo” bezala saltzen digute, baina gero eta jende gehiagok jartzen du dudan titular hori, neugandik hasita. Beharbada lehen esaten zen “Liga de las estrellas” hobeto legoke. Izarrak egon, badaude: Messi, Cristiano Ronaldo, Xavi, Iniesta, Higuaín, Casillas, Puyol, Xabi Alonso, Özil, Villa… Egon bai, denak bi taldetan banatuta, ordea. Urtero ahoa hainbeste betetzen duen “Mendeko partidua” bi aldiz ikusteko beta ematen digute… eta gainontzekoan saltsa gabeko Liga bat egoteko aportazio galanta, besterik ez.

Gauzak honela, Espainiako Futbol Liga goitik behera doa. Izarrak ugari, hat-trickak bata bestearen atzetik sartu eta sartu, Ligaren lehiakortasuna etengabe jeitsiz doan bitartean. Azken urteotan, Eskoziako Ligaren itxura handia hartzen hasi natzaio Liga honi. Han, Glasgowko Rangers eta Celticen arteko buruz-burukora mugatzen da futbol Liga. Hemen, Barcelona eta Real Madriden artekora, urtero gero eta errazago, gainera. Ez dago azken jardunaldi hau ikustea baino adibide hoberik. Barcelonak nahi zituenak eta bi egin zituen Almeriaren kontra, Lillo langabezian utzita. Etxetik kanpo 8 gol, harrigarria, azken 50 urteetan gertatu ez den gauza bat. Real Madridek, bere aldetik, Athletic 5-1 gainditu zuen. Harrigarria badirudi ere, Athleticek ondo jokatu zuen, baina ez dauka Real Madridek daukan polbora goian. Eta hori garesti ordaintzen da. Fernando Llorente ona da oso, baina ez da nahikoa. Hori gutxi balitz, epaileak beste behin eman zion bultzadatxoa Real Madridi, behar ez zuen bultzadatxoa baina badaezpada ere, bultzadatxoa, merengeak gaizkien pasatzen ari ziren unean partidua hautsi zuen penalty polemiko bat adierazita. Beste behin, polemika euskal taldeen kontra. Galde diezaiotela bestela Errealari. Sekulako lapurreta, eta kirol hedabideetan bola handirik ez diote eman horri.

Izan ere, futbola pixkat jarraitzen dugunok behin eta berriro ikusten dugun Real Madrid eta Barcelonak zein nolako aldeko tratua jasaten duten. Salatzeko modukoa ere bada. Epaileen partzialtasuna deskaratua izanagatik, hedabideetik ez dute deus esaten. Esaten dutenean, Marca eta As Barcelonaren kontra, eta Sport Real Madriden kontra, asko jota. Izan ere kirol alorrean Liga bipolarra bada, hedabideetan, bipolarra ber bi baita. Badirudi talde bi hauek ez diren ezer existitzea utopia bat dela. Beste 18 taldeak gonbidatu bezala daude Ligan, beharbada, Atlético de Madriden salbuespena kenduta.

Eta guzti hau gutxi balitz, telebista eskubideak banatzerako orduan ere bi aberatsek gehiago nahi dute, gainontzekoak txerritxoan gelditzen diren azken txanponak banandu beharrean aurkitzea suposatzen badu ere. Horrela lortuko da bai Liga lehiakor bat… Zorionez, Sevilla taldeko lehendakaria den Del Nido jauna gogor ari zaie egiten bi hauei, atzetik Athletic, Erreala, Osasuna eta Villarreal (beste batzuen artean) dituela. Ez naiz oso baikorra, ordea.

Honen ondorioa zein da? Ba honen ondorioa azken urteotan Barcelonaren bolada miragarria eta Atlético de Madridek Europa Leaguen egindakoa kenduta, Espainiako Ligako taldeak orokorrean gero eta emaitz kaxkarragoak lortzen ari direla da. Beste ondorio bat 2003/2004 denboralditik Barcelona edo Real Madrid ez den inork ez duela Liga irabazi (denboraldi hartan Valencia izan zen nagusi). Azken ondorioa, Europako Liga nagusietatik emozio gutxien duen Liga espainiarra dela. Ingalaterran Chelseak Manchester United, Arsenal eta Manchester City gero eta hurbilago dauzka. Alemanian, Borussia Dortmund berpiztu egin da, baina Mainz buruan dabil Hannover-ekin batera, iaz Hoffenheim ibili zen moduan. Frantzian, Olympique Lyonnaisen tiraniaren ostean, Girondins nagusitu zen, baita Olympique Marseille, eta orain hauetako inor ez dabil  buruan (lehena OM bera da, 5º postuan). Italian, Milan berriro ere buruan, baina atzetik Lazio eta Napoles, Inter ezinean dabilen bitartean. Liga aldakorrak denak, Espainiakoa ezik. Izar gutxiago, hedabideetan tontokeri gutxiago, baina partiduetan askoz ere emozio gehiago.

Ni neu beti izan nahiz oso futbolzalea, nahiz eta txirrindularitza  beti izan den (eta izango den) nire pasio nagusia. Baina Espainiako Ligaren norabidea ikusita, gero eta interes gutxiago daukat. Athleticen partiduak ikusten ditut, David Goliath-en aurka ikustea bezala den arren. Villarreal ere gustuko dut, ondo jokatzen dute eta ez daukate beste biek duten handikeriarik. Argi daukadana, Real Madrid eta Barcelona ikusi ere ezin ditudala da. Orain dela hiruzpalau urte nazka mailan Racing eta Betisen aurretik egongo zirenik imajinatu ere ezin nuen egin. Lortu dute.

Buruz-buruko lehiaketa bilakatu da Liga

Irudia | Buruz-buruko lehiaketa bilakatu da Liga | Ezezaguna | LGPL

Ingenieria izateak, zientzia gustuko dudala suposarazten du. Asko irakurri eta bidaiatzea gustuko izateak, beste interes batzuk dauzkadala. Denen artean kamuflatuta, kirola. Eta nahaste horren emaitza Julen da. Ni neu.