Eskola kirola, zeinentzako kirola?

Eskola kirola, zeinentzako kirola?
Itxaso Nabaskuesek Eskola Kirolari buruzko hausnarketa egin du Klitto agerkarian, gaia genero aldetik aztertuta.

Eskola kirola 7-16 urte bitarteko pertsonek eskolatze aldian eta hezkuntza sistemaren barruan irakas-orduetatik kanpo egiten duten kirol antolatua da. Eskola Kirolak izaera hezitzailea du eta haren helburua parte hartzaileei heziketa integrala, epe luzerako kirol heziketa, kirol mota ezberdinak ezagutzea eta eskola-haur GUZTIEI parte hartzeko aukera bermatzea da. Altu esan daiteke beraz, legeen arabera “lehiaketa ez dela jomuga”.

Eskola kirola, zeinentzako kirola?Eskola kirolak defendatzen dituen helburu nagusiak azaldu eta gero, hurrengo lerroetan eskola kiroleko hezitzaile bezala eta eskola kirolean ikasle nintzeneko esperientzietan oinarrituz, hausnarketa kritiko bat konpartitu nahiko nuke helburu horien inguruan, eta zehazki, genero ikuspegian zentratuz.

Eskola kiroleko datuei erreparatuz gero, ikusiko dugu mutilen parte hartzea neskena baino hiru aldiz handiagoa dela, eta azpimarragarria da ere, aniztasun funtzionala duten haur oso gutxik parte hartzen dutela. Zergatik izango ote? “Neskei ez zaielako kirola gustatzen” edo “aniztasun funtzionala duten pertsonak ez direlako gai jardueretan parte hartzeko?”. Horietako edozein erantzun zuzena dela pentsatzea oso problematikoa izango litzake, iceberg-aren punta bakarrik ikusteko gai garela esan nahiko luke eta. Nesken parte hartze eskasaren inguruan gehiago jakin nahi nuenez, eskola kirolean parte hartzen ez zuten neska (eta mutil batzuei) galdetzea erabaki nuen:

-Zuk eskola kirolean parte hartzen duzu?

-Ez

-Eta eskolatik kanpo kirolik praktikatzen duzu?

-Umm, ez

?Zer egiten duzu eskolatik ateratzen zarenean?

-(Haur ezberdinen erantzunak hauek izan ziren). Dantza talde batera joaten naiz; mendira joaten naiz; judo egiten dut; igeriluekura joaten naiz.

-Baina horiek ez al dira kirolak?

-Umm, ez

Erantzun hauek oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Izan ere, haur hauek eskola kirolean egiten ziren jarduerak bakarrik (futbola, saskibaloia eta eskubaloia) hartzen zituzten kiroltzat, eta ez haiek praktikatzen zituztenak. Argi dagoena da, eskola kiroleko eskaintza ez dela batere erakargarriak haur hauentzako eta, hortaz, eskolatik kanpo bilatu behar dute haientzako dibertigarria den jarduera (esan behar da, hau dela eskola kirolean parte hartzen ez duten mutil batzuen kasua ere). Beraz, zeinentzako eskola kirola ari gara antolatzen? Zeinentzako dira nagusiki erakargarriak proposatzen diren 3 kirol tipikoak? Zeinek erabakitzen du hiru jarduera horiek egin behar direla? Komunikabideetan hiru kirol horietan gehienbat gizonak bakarrik ikusteak, neska gazte batek kirol horrekin identifikatua sentitu eta bertan apuntatzeko aukeran eraginik al du? Eta mutil batengan? Zuen hausnarketak elkarrekin konpartitzeko aukera izan nahiko nuke.

Neska eta mutilen taldeak nola antolatzearen inguruan, Eskola Kiroleko programak, infantilak arte (DBH-ra arte), ez du ezer zehazten. Hau da, taldeak mistoak izan daitezke. Erabaki hori eskola bakoitzaren esku geratzen da. Hortik aurrera ordea, legez, neska eta mutilek talde eta kategoria ezberdinetan jokatu behar dute. Nik ikusi dudanaren arabera, normalean benjaminetan elkarrekin jolasten dute, baina alebinetan jada, kasu gehienetan, bereizi egiten dituzte.

  • Zein adinetan hasi beharko ginateke neska eta mutilak bereizten? Zein da alebinetan (10 urterekin) neska eta mutilak bereiztearen arrazoi ezkutua? Neskak okerragoak direla eta mutilekin jolasten badute jokoa motelduko dutela? Mutilak biologikoki neskak baino azkarragoak eta indartsuagoak direla eta, beraz, desberdintasun handia egongo litzakeela? Baina, alebinetan neska eta mutilak biologikoki hain ezberdinak al dira? Gainera, zein arazo dago, berez hezitzailea den inguru batetan, gaitasun ezberdinak dituzten haurrek elkarrekin jolasteko?
  • Zergatik ezin dute neska eta mutilek eskola kiroleko fase guztian zehar, hau da, 16-17 urteak arte, elkarrekin jokatzeko aukera izan, Europako beste herrialde batzuetan egiten den bezala (Belgikan esaterako)?
  • Zer ari gara erakusten 10 urte dituzten haurrei, neskak eta mutilak talde ezberdinetan jartzen ditugunean? Neska eta mutilek ezin dutela elkarrekin jolastu? Eskola kirolean hori normaltasunez egiten badugu, argumentu berdinak erabiliz, zergatik ez ditugu neska eta mutilak gorputz hezkuntzako irakasgaian ere bereizten? Eskola kirola eta gorputz hezkuntzak oso antzeko helburua dutela kontutan hartuta, zergatik bereizten dira batetan neska eta mutilak eta bestean ez?
  • Zer ikasten dute 10 urteko haurrek nesken parte hartzea mutilena baina hiru aldiz txikiagoa dela ikusten dutenean? Futbola, saskibaloia eta eskubaloia mutilen kirolak direla eta neskei ez zaiela kirola gustatzen?

Bestalde, helburua hezitzailea dela kontutan hartuta, zertarako lehiatu behar dute eskola kiroleko haurrek asteburuetan? Txapelketak balore hezitzaileak dituela diotenekin ados nago, baina esango nuke, gure errealitatean, txapelketaren balore pozoitsuen ondorioak oraindik ere begi bistakoak direla. Izan ere, bizi garen gizartean, haren hatzaparretatik ihes egitea ez da batere erraza. Esaterako, larunbatetako partidetan, ikus daiteke hiru kirol horietan hain abilak ez diren gazteen parte hartzea ez dela hain aktiboa, edo ez dutela hainbeste jolasten, edo haien taldekide eta GURASOEN oihu eta errietak entzun behar dituztela pase bat “gaizki” egin badute. Zer esperientzia mota izango dute haur hauek partidu hauetan? Zer eragin izango du esperientzia horrek etorkizuneko kirol parte hartzean (eskola kirolaren helburuetako bat dena)? Ondorioak larriak dira.

Bota ditudan galderen erantzunak eta iradokizunen arrazoiak iceberg famatuaren behealdean ezkutatzen dira. Bizi garen gizarte androzentristak eta hegemonikoak sendoki eraiki du eta batzuen (ez bereziki emakumeen) botere eta interesak mantentzeko ondo gordetzeaz arduratu denez, erantzunak topatzea ez da lan makala. Itsasoko ur hotzetan busti nahi duenak bakarrik izango du horiek ezagutzeko aukera. Beharbada hortik abiatuta guztiontzako eskola kirola sortzeko gai izango gara.

Eskola kirola, zeinentzako kirola?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.