Bote luzea
Bote luzea
Aste honetan Naiz hedabidean Gotzon Aranburu kazetariak egindako bideo bat ikusiko dut, Zumarragako jaietan egin berri den kirol erakustaldi baten ingurukoa. Bote luzea. Ez neukan ideiarik ere existitzen zenik. Sarean aritu naiz begira, eta EITB-k 2012an egindako bideo bat topatu dut. Aski argigarria da joko zuzenak orokorrean (hormarik gabe jolasten direnak, ulertu dudanaren arabera) eta bote luzea ulertzeko, beheran jarri dizuet.
Gainera, beste hala moduzko ezberdintasun bat ere aurkitu diot guzti honi; izan ere, pilota batekin jolastea ez da euskaldunon monopolioa izan historian zehar. Pilotan jokatzeko era zuzen hau oso zabaldua zegoen aintzinean: Txinan, Egipton, Grezian, Erroman… Ameriketako zenbait herrietan ere aritzen ziren: Mexikon, Kolonbian, Ekuadorren, Bolibian, Venezuelan…
Erromatarrak izan ziren batez ere Europako mendebaldera zabaldu zutenak: Britaniar irletara, Belgikara, Herbeheretara, Frantziako Pikardiara, Italiako Toskanara, Balentziar lurraldeetara, Euskal Herrira… “Llargues”, “Pelota a Mano”, “Manito”, “Ball Pelote”, “Pallapugno”, “Handball”, “Jeu de Paume”, “Chazas”, “Kaatsen”, “Bote Luzea”…izen ezberdin hauek guztiak oso antzekoa den eskuzko pilotan aritzeko modalitatea izendatzen dute.
Ea bideoa ikusi ondoren erakustaldi bat topatzeko aukera daukazuen. Niri behintzat zinez interesgarria egin zait kultur elkarte hauek (adb: Oiartzunen edo Baztanen) egiten duten berreskuratze lana, eta agian, zuen herrian lanketa polit bat egiteko aukera emango dizue.
Bote luzea