Xabier Sagardiak “Make Me Yours” (Kafe Aleak)

Xabier Sagardiak “Make Me Yours” (Kafe Aleak)
7884581148e30ccb73a24dfa45b62e09_XL.

Bettye Swann

“Make Me Yours” (Money -1967-)

.

Los Angelesko Ruth Dolphinen Money diskoetxeak Bettye Swanen (Bettye Jean Champion izenarekin Louisianan jaioa) Make Me Yours LPa argitaratu zuen 1967an. Hamabi abestiz osaturiko diskoa, tempo erdiko zein azkarrez eta balada gutxi batzuez eraikia, orduko soul eta r&b diskoetan ohikoa zen maitasuna edo desamodioa abestien argumentu-hari bihurtuta.

60ko hamarkadan egin ziren dozenaka eta dozenaka soul disko ikaragarriren artean Make Me Yours hau aukeratzea, eta ez beste edozein, hainbat faktoreren ondorio da. Lehena, Bettyeren ahotsaren kolorea eta indar neurtua da; bigarrenik, bere talentua, Bettyek berak konposatzen baitzituen kantatzen zituen abestietako asko; eta hirugarrenik, bere interpretatzeko modua, efektismo merkerik gabekoa, betiere, abestiaren izaerarekin bat eginez.

Xabier Sagardiak "Make Me Yours" (Kafe Aleak)Dohain hauek guztiak, diskoko kantu guztietan antzematen dira, “Fall in Love With Me” dantzagarrian, “Don’t Look Back” iradokitzailean, “Don’t Wait Too Long” ikaragarrian, “I Will Not Cry” hunkigarrian, “The Heartache Is Gone” arinean, “Make Me Yours” kantuak Hot R&B Billboard zerrendan izan zuen arrakastan… baina, batik bat, bosgarren abestian uztartzen eta biltzen dira bertute horiek guztiak: “Don’t Take My Mind” izeneko up tempo kanoikada zoragarrian, hain zuzen ere, lerro hauek idazten ari denarentzako bere bizitzako soinu bandan iltzaturik gelditu zena entzun eta berehala. Izan ere, pista txikitzaile on batek izan behar dituen berezko bertuteetatik harago doa kantu hau.

Haize sekzio garbi eta fin batek, baxu lerro indartsu batek eta danborren kolpe zehatz eta suntsitzaileek ematen diote hasiera kantuari. Bettyek ahotsa efektu berezirik gabe grabatu zuen (echo-rik edo beste trikimailurik gabe) eta gordin, bere horretan, entzuten da. Emozio handiz eta, aldi berean, emozio horri eutsiaz. Bihotz hautsi batek kantatzen du, eta entzulearen bihotza hautsiko du ere, ukabilak estuturik dagoela eta, letra tristea izanagatik, dantzatzeari utzi gabe. Kontraesankorra?

Ez behintzat soularen mundu zoro-garrian, ohikoa izan baita pista txikitzaile askoren letrak tristeak izatea. “You take my love, money and time / please have mersey baby / don’t take my mind”, dio erregu mindu batean Bettyek. Erabatekoa.

.

Xabier Sagardia (Iruñea, 1973), musika kazetaria

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

Xabier Sagardiak “Make Me Yours” (Kafe Aleak) / Xabier Sagardiak “Make Me Yours” (Kafe Aleak)