Bixente Blanco Koxua, Tourreko lehenengo euskalduna

Bixente Blanco Koxua, Tourreko lehenengo euskalduna –

Hogei urte bete berri dituen Bilbo Hiria irratian, Hektor Ortegak hiriko historiaren pasarteak berreskuratzen ditu Gomutan atalean. Horietako bat berreskuratu dugu 2017ko Frantziako Tourra hastera doan egunean, Bixente Blanco `Koxua´- Tourreko lehenengo euskalduna.

Bixente Blanco Koxua, Tourreko lehenengo euskalduna1884ko uztailak 14 zituen Bixente Blanco Etxebarria Deustuan jaio zenean. Inork gutxik esango zuen orduan ume hori txirrindularia izango zenik. Batetik, ziklismoa jaio berria zen, XIX. mende bukaeran egin ziren Frantzian lehenengo lasterketak; bestetik, lehenengo urratsak beste bide batetik egin zituelako. Aita itsasgizona zuen, eta hura bezala ontziratu eta sukaldeko laguntzaile gisa nabigatu zuen 13 urteko txotxoa zela. Gero, itsasontziko makinak ikatz palakadez elikatzen zaildu zen.

Munduan barrena zebilela ikusi eta frogatu zituen lehen bizikletak, baita gustatu ere. Lehorreratzea erabaki zuen, eta fabrika handietan behargin hasi zen. Orduko lan baldintzak gogorrak ziren, eta Bixenteren zortea txarra. Basauriko La Basconian lanean zebilela, burdin gori zati batek ezker oina zulatu, eta ia erabat txikitu zion. Geroago, Euskaldunan beharrean zegoela, beste istripu batean eskuin oineko bost atzamarrak galdu zituen. Harrez gero, Bixente koxua.

Ondoren, mila ofizio horietako bat izan zen; angulero, Olabeagan batelari… baina baita kirolari bikaina ere; harrigarria, bere gorputzak jasandako kolpe larriak kontutan hartuta. Baina Blanco ez zen behera etortzen zen horietakoa. Gizon zaildua zen, eta ederto erakutsi zuen. Bizikleta erosteko lain izan zuenean, ugerrak jandako tramankulu astun eta zaharra eskuratu zuen. Haren gainean hasi zen, tipi-tapa, txirrindulari, eta berehala lasterketetan.

1906ko Bizkaiko Txapelketan laugarren egin zuen, Sociedad Ciclista Bilbainaren elastikoarekin. Hurrengo urtean, lasterketa garrantzitsuenetan esku hartu zuen, besteak beste Bilbon jokatutako Espainiako Txapelketa. Hura ez, baina 1908koa irabazi egin zuen Xixonen; artean Federación Atlética Vizcainarekin zebilen. Ibilbideko 100 kilometroak egiteko 3 ordu eta 47 minutu behar izan zituen. Batelari xumeak lagun andana eduki zuen zain Bilbora itzultzean; klubaren egoitzaraino zalgurdian eraman zuten, atzean txirrindulari tropela zuela, jende guztiak orro baten: “Biba koxua!”.

Hurrengo urtean ere jantzi zuen Espainiako txapela, orduko hartan Valentzian. 1910ean bere kirol ibilbideko balentriarik handienari ekin zion; Tourrerako izena eman zuen, eta eutsi egin zion ibilbidea argitaratu eta gero ere. Izan ere, urte hartan, izena emandako lautik batek bertan behera utzi zuen bere inskripzioa, 1903an sortutako frantziar lasterketak, lehenengoz, Pirinioetako mendate handiak igoko zituela jakin ostean. Bixente Blancok, ez. Zelan beldurtuko zen horrekin Bilbotik Parisera, Tourreko hasierara, bizikletaz joatekoa bazen. Hamabost kiloko Alcyon bizikleta lortu, eta haren gainean pedalei eragiten Bilbotik Parisera 1000 kilometro egin zituen lasterketa hasi baino lehen.

Han aurkeztu zen, 155. zenbakia eman zioten, eta bakarkakoa esaten zioten txirrindularien atalean sailkatu zuten, alegia, ekipo gabekoenean. Haiek bakarrik zeuden, ez zeukaten nork lagundu bazkaltzeko, ostatu hartzeko, bizikleta konpontzeko edo bestelako arazoei irtenbidea emateko. Koxuak, Alcyon bizikleta markaren babesa lortzeko ahalegina egin zuen, baina laguntza oro ukatu zioten.

Hala ere, lehenengo etapari gogotsu ekin zion deustuarrak; Paristik Roubeauxeraino 272 kilometro. Tamalez, Bixenterentzat lehena azkena ere izan zen; ederto igarri zituen elikadura txarraren eta, batez ere, Bilbo Paris bizikletaz egin izanaren ondorioak. Hori gutxi balitz, bere ekipajea lepoan zeraman. 160 kilometro egin ostean amore eman zuen. Zorionez, Bilbora trenez itzuli zen.

Abenturaren amaiera mingotsak ez zion txirrindularitzan jarduteko gogorik kendu. Uztailean bertan, lasterketekin segitu zuen. 1916an utzi zion bizikletan ibiltzeari, hemeretzi garaipeneko palmaresarekin eta, batez ere, Tourrean parte hartu zuen lehenengo euskalduna izateko ohorearekin. Bere bizitzarekin, argi baino argiago erakutsi zuen elbarritasunak ez daudela guk pentsatzen dugun lekuan.

Bixente Blanco Koxua  Bixente Blanco Koxua  Bixente Blanco Koxua  Bixente Blanco Koxua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.