Athleticen eta Bartzelonaren zale guztiek ez dute txistu egingo
Ostiralean Athletic eta Bartzelonaren arteko finalak, iragarrita bezala, kirolaren mugak gainditu eta eztabaida politiko-mediatikoa piztu du. Esperanza Aguirrek Madrilgo erkidegoko presidenteak astakeria handienaren domina lortu nahian zera esan du: “Ereserkiari eta printzeari txistuak badaude partidua bertan behera utzi behar da”.
Zalapartak ez du ezer berririk, betiko argudioetan dabil mugitzen, eta, sorpresa gutxirako tartea dago. Alde bateko eta bestekoen kanpaina aldarrikatzaileen artean, ordea, bitxiena DANAES Fundazio nazionalista espainiarrarena izan da. Hiru bideo kaleratu dituzte La Copa de Todos izenburupean. Athletic eta Bartzelonako zale “zintzo eta eredugarriak” dira spot-en protagonistak. Hau da, Athleticekoa edo Bartzelonakoa izanagatik, espainiar izatea harro dauden horiena. Ideologia horrekin bat egin ez arren, ezin da ukatu iragarkiak iraingarriak baino barregarriak direla.
Esaldietako batzuk:
- Nola ez dugu Erregearen Kopa errespetatuko, Athleticen lehiaketa bada.
- Gora Barça, Gora Katalunia, eta, noski, zergatik ez, Gora Espainia.
- Kopen erregea izatearen harrotasuna berreskuratuko dugu.
- Athleticekoa izatea emozio berezia da, ez duzu sentitzen ez bazara.
- Athletic Espainiako talde bakarra da harrobiko jokalariekin, Euskadiko jokalariekin, Espainiako jokalariekin.
Hemen dituzue La Copa de Todos bideoetako bi:
Itxaropenez beteriko gure lagun neoliberalak botatako esaldiaren helburua berak zuzenduriko autonomi erkidegoaren defizit ikaragarria ezkutatzea bada, historiako esaldi eraginkorrenen artean gaude, jaun-andreok.