Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez, arrakastaren aparrean
Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez, arrakastaren aparrean
Futbolak batu zituen Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugaren alde banatan jaiotako bi gazteak, eta futbolak, baita ere, eraman ditu kirolari profesionalen dimentsio esklusibo bezain iragankorrera.
Ongi ezagutzen dute elkar, eta anaiak bailiran hitz egiten dute; azken batean, elkarrengandik 5,5 kilometrora bizi dira, Mutrikun bata eta Ondarroan bestea. Lasai hitz egiteko leku bat eskatuta, Goiti-Behera tabernara eraman gaituzte, herriaren goiko partean eta itsasora begira dagoen lokalera; “Mutrikuko parrandak hemen amaitzen dira”, argitu digu Illarramendik.
Egidazue denboraldiaren balorazio orokor bat, mutilak.
Iñigo Martinez: Balorazioa oso positiboa da, 10ekoa baldin eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatzen bagara –elkarrizketa azken jardunaldiaren bezperetan egin genuen–. Urte hasieran inork ez zuen halakorik espero, ezta guk ere.
Inoizko denboraldirik onena egin duzue biek.
Asier Illarramendi: Tira, ez daramatzagu urte gehiegi ere… –barre egiten du–, baina bai, baietz esango nuke. Baita taldearena ere! Orain hamar urte Txapeldunen Liga jokatu zuenetik ekipoa ez da horren ongi aritu, eta guk ere maila txukuna eman dugunez, denok gustura.
Aurtengo denboraldiak ez du iazkoarekin zerikusirik. Zein izan da sekretua?
I.M.: Talde sentimendua, esango nuke nik. Lagunak garela ikaragarri nabaritzen da aldagelan eta zelaian, eta entrenatzaileak ere konfiantza handia eman digu denoi. Momentu on nahiz txarretan lagundu digu, helduleku bat izan da.
A.I.: Gainera, jokalari asko harrobitik gatoz, eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Talde gaztea gara eta, urteekin hazten goazen heinean, hobetzen ari garela igartzen da. Pausu bat eman dugu.
Diozun talde sentimendu hori indartu egin da aurten, beraz?
I.M.: Bai, eta gainera jokalari guztiok, hazi ahala, hobetu eta elkar ezagutu dugu, gure artean egokitu gara.
Esan dezakegu taldeak jokatzeko modu berri bat eratu duela, teknika lehenetsiz, tokea darabilena; eta emaitza onak eman ditu, hasieran zaleen pazientzia agortu bazuen ere.
I.M.: Aurreko denboraldian hasi ginen horrela funtzionatzen, tokeka, eta aurten emaitzak ematen hasi da. Iaz denboraldia salbatzea lortu genuen, momentu latzak pasa ostean, eta aurten, aldiz, guztiz kontrakoa gertatu da: urte polita egin dugu, konfiantza hartu eta, partida onak egin ez arren, puntuak gehitzen joan gara.
Eta zein esango zenukete izan dela denboraldi honetako momenturik bereziena?
I.M.: Tira… ba. –duda egiten du, esan ala ez, nola esan…– Athletici bere zelaian irabazi genionekoa. Azken batean, gure etsai zuzenak dira, bereziki ni bizkaitarra izanik, eta han irabaztea… –barrez hasten da–. Gainera nire herrian gehienak Athleticeko jarraitzaileak dira, eta garaipenak indarra eman zidan herrira morala altu nuela itzultzeko.
A.I.: Nik ere berbera esango nuke… –barrez–.
Barçari San Sebastian egunean irabaztea baino gehiago?
I.M.: Barçarena ere oso polita izan zen… gutako inork ez baitzion sekula irabazi. Baina oro har esango nuke partidu polit asko izan ditugula.
Eta zuen ibilbideko unerik garrantzitsuena?
I.M.: Denboraldiaurrea lehen aldiz goi mailako taldearekin egingo nuela esan zidatenekoa. Italiatik bueltan gentozela, entrenatzaileak aireportuan hartu ninduen eta albistea eman. Eta ezin erreakzionatu geratu nintzen… Ondoren etxean, patxadaz, pentsatzen hasten zara, eta azken urteetako borrokak merezi izan duela sentitzen duzu. Oso pozgarria izan zen.
A.I.: Ba nire kasuan, ez nuke bakar bat esaten jakingo… —pentsatzen jartzen da—. Beharbada Sporting taldearen aurka jokatu genuenekoa, Montanier entrenatzaile lanetan aritu zen lehena. Berak eman dit uneotan nire buruarengan dudan konfiantza, eta hori oso esanguratsua izan da niretzat. Une horretan hasi nintzen jokalari moduan hazten.
Eta ze iritzi duzue
A.I.: Athleticek, bere politikari jarraiki, Euskal Herriko jokalariak baino ez ditu fitxatzen, eta horregatik, garrantzia handiagoa ematen dio harrobiari, horren menpe dagoelako. Realak, aldiz, kanpoko jokalariak ekar ditzake baina, era berean, azken urteetan argi erakutsi du harrobia sendotzen ari dela.
Harrobiak zigilu bat dakar, joko molde bat?
I.M.: Baietz esango nuke… Taldearen zuzendaritzak asko baldintzatzen du harrobia, eta entrenatzaileak ere zerikusi handia du. Harrobiko jokalariengan pentsatzen badu eta denei aukera berdinak ematen badizkie, belaunaldi berriak indartsu sartuko dira, eta lana umiltasunez eginda helduko dira gorenera.
Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en