Milagros Pagola: “Gure aita zenak beti esaten zuen bost lagun fusilatu zituztela han”

Zarauzko postalak. 36ko gerra liburua argitaratu eta hurrengo egunean sortu genuen webgunea testigantza berriak jasotzeko atea zela zabaldu orduko, zarauztarrak hasi ziren testigantza berriak helaraziz. Amagoia Gurrutxagak berak jaso zuen lehenengoa, pasa den maiatzaren 29an. Honakoa da  jasotakoa.


Testingantza:
Milagros Pagola Aizpurua (Patxi Aizpurua Alkortaren iloba).
Data: 2013-05-29.
Iturria: Amagoia Gurrutxaga
Datu osagarriak: Patxi Aizpurua 1907ko martxoaren 22an jaio zen, eta 1936ko urriaren 10ean Orioko gainean fusilatu zuten.

fosak

“Gure osaba Patxi-eta gauez eraman zituzten. Zabale baserriko hiru semeen bila etorri ziren. Nikolas ihes eginda zegoen ordurako, Eustakio eta Patxi eraman zituzten. Lasarteko kuartelean eduki zituzten preso, eta osaba Eustakiori hamaika aldiz entzun nion gerora inor fusilatuko zutela jakin izan balute ihes egingo zutela, ihes egitea erraz izan zutelako. Pilotan aritzen omen ziren eta!

Lehengusuak esana da Usurbilera ekarri zutela Patxi, Markeseneko petrilean -estankoaren ondoan- eserita ikusi zutela, eta ekarri zuten guardia zibilek herriko parrokoari galdetu ziotela zerbait. Azken horrek ez omen zien kasu handirik egin. Gero, Aiako mutil bat etorri zen Zabalera, gauez, ate joka. Atea irekitzeko beldurrez, puska batean ez omen zuten ireki, ez ote ziren berriz ere beste norbaiten bila etorriko. Ate joka segitu zuen ordea bisitariak, eta amonak, halako batean, gure mutilak izango ditun igual’ esan eta irekitzea erabaki zuen. Gure mutila Aian hil ote zuten esan zien bisitariak, eta gure aita han joan zen, ea Patxi zen. Eta han egon.

Zuk hiru hildakoren berri daukazu: osaba Patxi, Cosme Yaguez eta Bautista Aginaga. Gure aita zenak beti esaten zuen, hala ere, bost gorpu aurkitu zituela mutil hark esandako tokian, bost lagun fusilatu zituztela han. Bat emakumea, Zizurkilgo maistra. Aita ailegatu zenean artean petxua mugitzen zitzaiola, arnas hartzen zuela. Laguntzera joan zitzaionean, ordea, azken arnasa eman omen zuen. Ezkutuka, Zarauzko hilerrian eman zioten lur osabari. Ez zen bakarrik aritu lan haietan. Beste hildakoen senideak ere tartean izango ziren, seguruenik.

Gure amonak ezin zuen sinetsi semea hil ziotenik. Ez omen zen politikan sartzen. Gure aita baserrira bueltan etorri zenean, ordea, jertsei puska bat ekarri zion. Osabarena zen, ez zen dudarik, eta hala sinetsi behar izan zuen amonak semea hil ziotela. Gerora, beti errepikatzen zuen ez zutela politikagatik hil, Aginagako Espaldiberri tabernan sesio txoro bat izan zuela behin karta jokoan ari zela, eta horregatik salatu ote zuen batek.

Osaba hil eta puskatera, gauza harrigarria gertatu zen: hezurrak desagertu egin ziren. Guk uste genuen Zarauzko Aizpurua Errazkindarrek aldatu zituztela, haiek bazekitelako gure osabaren ehorzketaren berri; eta beraiek uste zuten guk aldatu genituela. Zarauzko enterradorearen lanak izan ziren, ordea. Hezurrak lekuz aldatu zituen. Lazaro Beristain Aizpuruaren panteoian ote dauden uste izan dugu beti. Ezin dizut gehiago esan”.

(Informazio gehiago hemen.)