Arraunketa kirolean
Arraunketa kirolean –
Itsasontzien propultsioa arraun bidez milaka urtetan egin da. Hala ere, kirol bezala Ingalaterran XVII. mendean garatu zen batez ere. Aberatsek praktikatzen zuten, ibaietan, denbora pasa moduan. Europa eta mundu osora hedatu zen. XIX. mendean Ingalaterrako lehen taldeak sortu ziren. Gaur egun, arraunlari 1, 2 edo 4koak dira ohikoenak modalitate hauetan eta Joko Olinpikoetan parte hartzen dute.
Idatziz jasotako lehen desafioa Zarautz eta Getariako bi traineruren artean gertatu zen, 1761ean. Estropada Zarautzetik Donostiako kairaino jokatu zen, eta garaileak 100 ezkutuko saria lortu zuen. Ez zen jaso, ordea, nork irabazi zuen.
Gaurko traineruen eskifaia hamahiru arraunlari eta patroi batez osatzen da. Patroia txopan (atzean) jartzen da eta bere eginkizun nagusia norabidea ezartzea du. 1920 urte inguruan hasi ziren lehiaketarako traineruak eraikitzen, Donostian. Ordura arte, arrantzontzi arruntak erabiltzen ziren estropadetarako, panelak eta babesgarriak kenduz zertxobait arinduta. 1916an lehen trainerua eraiki zen eta Enara izenez bataiatu zuten eta 400 kiloko pisua zuen.
XX. mendearen bukaera aldera arte, ontzigileek diseinua hobetu zuten teknika eta esperientziari esker. Ontziaren egitura eraikitzeko haritza erabiltzen zen eta kanpo aldea iparraldeko pinuz estaltzen zen iltzeekin. Gaur egun, lehiaketan ez da zurezko trainerurik erabiltzen. Material berriek eta arinagoek ordezkatu dute (zuntza adibidez). Traineruaren prezioa ere nabarmen igo da, inflazio-maila baino gehiago.
Ligak: 1994tik aurrera Ligak eratu ziren arraunketa modernizatzeko. 2002 arte Traineruen Euskal Liga izan zen (talde kantabriarrek ere parte hartzen zuten) eta 2003tik aurrera TKE Liga osatu zen, bertan galiziarrak ere aritzen dira. Arraun talde guztiak sisteman sartu dira, 2. eta 3. mailak osatuz, Galizian Ipar-mendebaldeko Ligan eta Euskal Herrian eta Kantabrian KAE Ligan.
Itsaso zabalean praktikatu ohi denez, eguraldiaren menpe dago [banku mugikorra ibai edo lakuetan egiten da, olatu bako tokietan].