Zoria, zoriona eta zoritxarra
Zoria, zoriona eta zoritxarra –
Apustuak debekatu edo mugatu behar dira?
Galder 28 urterekin hasi zen jokatzen. “Anai baten apustua kobratzera joan nintzen eta orduantxe hasi zen dena. Hasieran apustu arruntak ziren, hots, kantitate txikiak, baina konturatu nintzen igarri egiten nituela eta kontrolpean neukala, makinak baino azkarragoa sentitzen nintzen eta orduan kopurua areagotu nuen. Egia da lehenengo hilabeteetan kopuru handia jaso nuela; baina, jakina, galtzen hasten zarenean, dena galtzen duzu. Apustuak ehunaka ehunaka ziren eta dena zen galdu, maileguak eskatu, galdu. Horrela bi edo hiru urtetan zehar”.
“Hasieran apustu seguruak egiten nituen, futbolean zehatz mehatz, baina kontrola galdu nuenean, edozein kiroletan ipintzen nuen dirua. Adibidez, hockeya bazen, ba hockeya”. “Egia da galgoen lasterketei uko egiten niola”; orain irribarre batez kontatzen du, ludopaten elkarte bateko bulegoan eserita dagoela.
Galderrek errehabilitazioko terapia bukatu du eta orain laguntza behar duten jokalariak batzen dituen boluntarietako bat da, bere moduko gero eta gazte gehiago daudelarik. “Ugaritze honek zerikusia dauka kirol apustuekin“, azaltzen du Galderrek. Ekintza-Aluviz deituriko elkarteko txostenak dioenez, 2015eko urtarriletik 2017ko urtarrilera, elkarteak 388 pertsona hartu zituen, horietako %25a 30 urte baino gazteagoak, hau da, 2013 eta 2015 urteen bitartean baino %10 gehiago. “Nire ustez, ematen ari naizen datuak ez dira ezta errealitatearen %1a ere. Joko aretoak arazoak dituzten pertsonez beteta daude”, EAko lehendakariak, Jon Anttonek, jakinarazten du.
Zenbakiek ere baieztatzen dute joera hau. Codere enpresako azken urtekariak dioenez, kirol apustuak “hobekuntza motor” bihurtu dira.
Zorrak
Hasieran apustuak pentsatzen nituen baina azkenean ez nuen kontrolik. Batzuetan logikarik gabeko apustuak ziren. Noizbait asmatzen nuen, baina kasuen %99an galtzen nuen. Jada ez nuen inongo kontrolik jokoaren gainean, jokoak menperatzen ninduen. Hiru urtetan, Galder-ek 70.000 euroko zorra pilatu zuen. “Azkenengo 3 hilabeteak txarrenak izan ziren, hiru kreditu eskatu nituen, bakoitza 10.000 eurokoa, gehi kreditu bakoitzaren interesak” -horiek 2000 euro eta piku izan ziren-.
Maria Taulatsek, Ekintza-Aluviz-eko gizarte-langileak, beste fenomeno bati buruz hitz egin du: mailegu txikien gorakada. “Orain mailegu txikietan zor asko dituen jendea dator. Dei bakar batekin 300 euro ematen dizute, eta geroago mailegu bat estaltzeko beste mailegu bat eskatzen dute, eta horiei interesak gehitu behar zaizkio. Eta azkenean zer gertatzen da? Mikromaileguetako 50.000 euroko zorra aurkitzen dutela”, azaltzen du.
“Jokatzen duzun bitartean arazoa daukazula ikusten duzu, pasatzen dena da zulo ekonomiko handi bat edukitzen duzula, eta irteten saiatzen zarela laguntza eskatu barik. Hori oso normala da, alegia, ez dugu laguntza eskatzen. Egun batean, nire emazteak erosketa batzuk egin zituen, txartelarekin ordaintzera joan zen, eta txartelak ez zuen funtzionatzen, orduan bankura joan zen azalpenak eskatzera, eta hor dena azaleratu zen”, Galderrek kontatzen du. Orduan elkartera hurbildu zen. “Terapiak 18 hilabeteko iraupena du”. Terapia kognitibo eta jokabide mailakoa da. 2 pausotan oinarritzen da. “Lehenengoa, aitortzea arazo bat daukazula, elkarrizketa bat gurekin, jokalari ohi batengatiko harrera, gizarte langile baten laguntza arazoaren atzean zer dagoen ikusteko azaltzeko, gero taldeko terapia eta garrantzitsuena, psikologoak haiei eta haien familiei laguntzen diete”, Jon Antonek azaltzen du.
“Harrapatu baino lehen gezur asko egon dira, nire emazteak niganako konfiantza zuen. Gogorrena da pertsona gaixoarekin datorren pertsona ikustea, galduta dagoelako eta ez dakielako zelan lagundu. Momentu horretara ailegatu baino lehen berak bere bizitza zuen, ez zeukan arazorik eta egun batetik bestera arazo honekin topatzen da”, azaltzen du Galderrek. Orain deialdi sozial bat hasi da nabaritzen, izan ere, guraso batzuk ikusten dute bere seme alabak, 18, 20, 24 urtekoak, hasi direla dirua lapurtzen.
Zertarako? Ez da drogak erosteko, baizik eta apustuetan sartzeko. “Leku honetara gazteen familia asko etortzen dira”, nabarmentzen du Jon Antonek.