Norberaren irudimenari zor dizkiogun orduak

Norberaren irudimenari zor dizkiogun orduak –

Gaur, zuon baimenarekin, software librearen afera albo batera utzi eta bizipen pertsonal bat kontatu nahiko nizueke. Baina lasai, ez baztertu oraindik irakurketa, ez dizuet eta nire azken bidaiako argazkien diapositiben aurkezpen bat egin behar. Teknologia izango du ardatz artikulu honek ere.

Konturatuko zineten azken urteotan zenbat SmartEdozeinGauza mugitzen diren geureak diren kaleetan zehar, egunero erabiltzen dugun garraio publikoan, arratsaldero zapaldu nahiko genituzkeen tabernetan… funtsean egunerokotasunean. Ba smart gauzen artean smartena telefono mugikorra da, zalantza izpirik gabe. Ezta?

Urte hasieran gehiago irakurri behar nuela erabaki nuen, beti izan naiz zaletua, baina egiari zor, azken urteotan askoz liburu gutxiago irakurri ditut.Norberaren irudimenari zor dizkiogun orduak

Aurreko udan herriz eta etxez aldatu nintzen, eta konturatu orduko, liburuak sartzeko erabili nuen maletak, orain hiru urte zeukan pisu berbera mantentzen zuen. Hasiera batean liburu irakurgailu elektronikoaren eragina izango zela uste nuen, baina pentsatzen hasi orduko, hura ere gehiegi erabiltzen ez nuela ohartu nintzen. Denboraren errua izango zela pentsatu nuen, baina egunak, aurreko urteetan bezala, 24 ordu zituela gogoratu nuen. Bada, orduan zer? Erantzunik ez. Momentuz.

Urtarrilean irakurri nuen lehen liburua Sal de la maquina izan zen, Izarok bere blogean gomendatutako irakurketa bat. Liburuaren idazlea Sergio Legaz da, eta gaia telefono mugikorrak gaur egungo gizartean izan dituen eragin sozial eta politikoak. Interesgarria oso, gai ona urtea ondo hasteko.

Ni, zure antzera, ez naiz nomofobika. Baina liburuak begiak irekitzeko balio izan dit. Jada, banekien liburuak aipatzen dituen asko, gehienak izan ere, eta hau irakurtzen jarraitzen baduzu zuk ere badakizkizulako izan behar du. Baina idazleak gai guzti horiek ordenan jartzeko gaitasuna izan du. Argudio guzti horiek ordenan jartzen direnean paranoia pentsamendu kritiko bilakatzen da eta buruari eragiteko lapurtu diguten gaitasuna bueltatzen dizu. Egizu proba. Liburu laburra da eta ez naiz sartuko bertan idatzi direnak laburbiltzera, edo bukaeran ematen dituen aholkuak baloratzera, hori norberaren lana da. Irakurle bakoitzari pentsatzeko modu bat eragingo diola suposatzen dut. Edo agian ez.

Harira bueltatuz, orduantxe ohartu nintzen nork lapurtzen zizkidan niretzat bakarrik izan litezkeen ordu horiek. Telefono mugikorrak. Eta momentu horretan bertan konturatu nintzen zenbat eta zenbat ordu lapurtu dizkiodan loari telefono mugikorraren pantailara begira egon izanagatik. Beti dago berri interesgarri bat, idaztea ezinbestekoa den e-posta bat edota erantzun beharreko txio bat. Normalean, nik lan guzti hauek ohean sartzen nintzenean egiten nituen. Txarto. Horrek loari orduak kentzeaz gain, loari eskaintzen dizkiogun orduak ere kalitate gutxiagokoak izango direla esan nahi du. Izan ere, gure telefonoak, edo beste gailu askok, irradiatzen duten argia ez da gure loaren laguna. Ez nazazue sinistu, irakurri gai horren inguruan.

Ez, ez nabil telefono mugikorra satinizatzen. Lan guzti hauek beste edozein gailutik egin nitzakeela jakin badakit, baina telefono mugikorretik egiten nituen. Batik bat, eskura nuen gailua, momentu oro, hura zelako.

Nire erabakia ez da izan telefonoa baztertzea, smartphonak gure bizitzari eskaintzen dizkion onuren jabedun ere banaizelako (pribatutasuna nola kudeatu ikasten baldin baduzu behintzat, etengabeko lana bestalde). Baina telefonoarekin pasatzen nituen ordu horiek irakurketan inbertitzeko erabakia hartu dut, edo gaurko moduan idazketarako.

Hasieran testu totxo bat irakurtzeko galdutako gaitasunak harritu ninduen, gaur egungo marketin tendentziak denak mikro-kapsula eta mezu labur izan behar duela esaten du, eta beraien jokoan jauzi gara. 140 karaktereetan informazio guztia jasotzera ohitu gara, eta testu luze baten aurrean jartzen garenean nagikeriak irabazten du. Zeure kasu ez bada, zorionak, baina aspaldian nirea bazela uste hasia nintzen.

Hilabete bakar batean telefono mugikorrari lapurtu diodan ordu hori erabilita, eta ez gehiago, hiru liburu irakurri ditut, laugarrena atzo hasi nuen. Joan den urtean irakurri nituen liburu kopuru berdina, eta hau aitortzeak lotsagorritu egiten nau. Momentu honetan nire bizitoki berria den herriko idazle batena, Aritza Bergara (honen testuak ere gomendagarriak). Berau da hilabete honetan idazten dudan hirugarren blog bidalketa, beste biak publikatu gabe baditut ere, utzidazue haiek azkentzen. Bukatzeko, askoz hobeto egiten dut lo azken asteotan.

WhatsApp kendu nuenetik, teknologiarekin dudan harremanen inguruan hartu dudan erabakirik onena dela uste dut, eta zuokin elkarbanatu eta “Sal de la maquina” liburuaren irakurketa gomendatu nahi nizuen. Lasai, ez da auto-laguntza liburu bat.

Beno, software librea aipatzeko asmoz azken gai bat aitortuko dizuet. Noiz irakurri edo idatzi dudan jakiteko asmoz, gutxiago erabiltzen saiatzen ari naizen telefono mugikor horretan Loop Habit Tracker aplikazioa instalatu nuen. Baina, sinistu nazazue, irakurri dudala zehaztu ostean, ez dut aplikazio gehiagorik irekitzen.

.

Nire inkoherentziekin bizitzen ikasi nuen aspaldi.

Norberaren irudimenari zor  Norberaren irudimenari zor  Norberaren irudimenari zor  Norberaren irudimenari zor  Norberaren irudimenari zor
irakurzaletasuna, liburuak, sarean.eus, Smartphoneak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Norberaren irudimenari zor dizkiogun orduak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude