Zinemaldiaren 71. edizio berezia

Zinemaldiaren 71 edizio berezia –

Culinary Zinema 71. Zinemaldian

Zinemaldiaren 71. edizio bereziaZinemaldiaren 71. edizioa berezia izango da. Edo behintzat, berezi gisa gordeko dut neuretzat. Donostiarra izanik, Donostiako Zinemaldia desberdin biziko dudan lehen aldia da, txikitatik urtero gertu izan dudan arren, inoiz baino gertuagotik bizitzeko aukera izango baitut aurten. Barne barnetik, Nazioarteko Zinemaldi batek bere barnealdean gordetzen duen lan eta profesional horien artetik. Izan ere, ZUZEUri esker Zinemaldiaren nondik norakoaren berri ematen egongo naiz, eta badugu sorpresatxoren bat gehiago. Eta noski, euskal zinemak izango du pisu gehiena kronikatxo moduko hauetan, baina beste sail askotan ere murgilduko naiz, baita nire iritzi eta esperientzia pertsonalean ere.

Zinemaldiaren 71. edizio bereziaAurtengo edizioa zine onez betea egongo dela seguru, mundu osoko zine onez eta aktore eta zinemagile garrantzitsuz betea. Baina egia da, Ipar Amerikan gidoilari, aktore eta zinema industriako hainbat esparruei SAG-AFTRA, AEBtako Aktoreen Sindikatuak deituta, 2023ko maiatzaren 2an hasi zuten grebaren eragin zuzena izango duela aurtengo edizioak. Hainbat aktore ospetsu, zuzendari eta ekoizleen presentziaren falta nabaria izango da alfonbra gorrian. Besteak beste, Donostia sariarekin saritua izango den Javier Bardem, aurtengo edizioaren kartelaren irudia, ezin izango da aurtengo galara saria jasotzera etorri. Berarekin batera, Donostia saria ere jasoko duen Hayao Miyazaki, animazioaren maisu japoniarrak, ez presentzialki ospatuko du zeremonia. Dena den, beste hainbat izen garrantzitsuk berretsi egin dute Donostian izango direla astean zehar; Juliette Binoche, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton edo Dominic Westek, esaterako.

Epaimahaiari dagokionez, aurten, nahiz eta grebaren ondorioz zinemagile estatubatuarrak faltan izan, maila izugarrizkoa izango da. Sail ofizialean, Claire Denis (epaimahaiburua), Fan Bingbing, Cristina Gallego, Brigitte Lacombe, Vicky Luengo, Robert Lantos eta Christian Petzold izango dira epaimahaia osatuko dutenak. Halaber, beste askoren artean, euskal zinemagileak ere izango dira epaimahaikideen artean; Izaskun Arandia (Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren Proiektu Onenaren Sariaren Epaimahaia), Ricardo Aldarondo (Kutxabank-New Directors Sariaren Epaimahaia), Telmo Irureta, Mikele Landa eta Kristina Zorita (Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaiak) eta Jose Mari Goenaga (Culinary Zinema Film Onenaren Sariaren Epaimahaia).

Eta euskal zinemarentzat ere berezia izango da; izan ere, euskal zinema bere urrezko garaian omen dago. Bai behintzat, 71. Zinemaldiaren edizio honetan izango duen presentzian; hain zuzen ere, aurtengo Donostiako Zinemaldian 19 euskal produkziok parte-hartuko dute jaialdiak eskaintzen dituen sail desberdinetan. Inoiz baino gehiago, aurten, euskaraz eta Euskal Herriko txoko eta istoriez gozatzeko aukera izango dugu.

Espainiako Zinema Akademiak iragarri berri du Estibaliz Urresolaren “20.000 especies de abejas” eta Victor Ericeren “Cerrar los ojos” filmak, eta “La sociedad de la nieve” J. A. Bayonaren filma aurre-hautatu dituela Hollywoodeko Akademiaren OSCAR Sarietarako. Hiru horien artetik ordezkari izango den film hautatua irailaren 20an iragarriko dute.

Sail Ofizialean bi euskal parte-hartzaile egongo dira Urrezko Maskorra irabazteko lehian; Jaione Cambordaren “O Corno” eta Isabel Hergueraren “El sueño de la Sultana”. Azken hau Irizar saria irabazteko lehian ere badago. Ospatzekoa da, gainera, Zinemaldiaren historian lehen aldiz bi emakume euskaldun zuzendari egongo direla Sail Ofizialeko parte-hartzean. 

Zinemaldiaren 71. edizio berezia
“El sueño de la sultana” film luzeko lan-taldea.

Esan bezala, Zinemiran, Irizar saria irabazteko lehian, “El sueño de la sultana”-rekin batera, beste 3 euskal produkziok parte hartuko dute; Fermin Muguruzaren “Bidasoa 2018-2023” eta Josu Martinezen bi produkziok, “Mirande, film bat egiteko zirriborroa” eta “Bizkarsoro”.

Zinemaldiaren 71. edizio berezia
“20.000 espiecies de abejas” filmaren lan-taldea.

Zinemira sailan Irizar sariaren lehiaketaz kanpo ere egongo dira hainbat euskal parte-hartze. Esate baterako, jada nazioarteko arrakasta izugarria izan duen, Esti Urresolaren “20.000 especies de abejas”, Paul Urkijoren “Irati”, Silvia Munten “Las buenas compañias”, Amat Vallmajor del Pozoren “Misión a Marte”, Iratxe Fresnedaren “Tetuán” eta Félix Viscarreten “Una vida no tan simple”.

Zinemaldiaren 71. edizio berezia
Pako Sagarzazu.

Esan beharra dago, Zinemira saria Donostia Zinemaldiak, EPE eta IBAIA ekoizle elkarteek ematen duten ohorezko sariarekin sarituko dutela Pako Sagarzazu bere aktore ibilbide luzearengatik, hain zuzen,  azken 40 urteotan euskal zinemarentzat ezinbestekoa izan den lana egiteagatik.

Made in Spain sailean bildua, euskal parte-hartze bat egongo da,  Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquezen “Upon Entry”,  euskal ekoizpena duena. Eitb galan Antonio Díaz Huertaren “Itxaso” film luzearen estrenaldia izango da. Eta RTVE galan, aldiz, Arantxa Echevarríaren “Chinas” filmaren estrenaldia. Belodromoan ere, izango ditugu beste hainbat estrenaldi; Jabi Elortegi Gametxo eta Itziar Gomez Sarasolaren “Go!azen” telesailaren 10. denboraldiaren lehen atala, esaterako. Zabaltegi-Tabakalerak, Irati Gorostidiren “Contadores” eta Ion de Sosaren “Mamántula” euskal ekoizpenak eskainiko ditu.

Film-laburrei dagokionez, Kimuakek ere urtero bezala  sei euskal produkzio eskainiko ditu; Isabel Hergueraren “La mujer ilustrada”, Iban Del Camporen “Sorbeltza“, Tamara Lucariniren “Prioridades“, Nitya Lopezen “Deadly draw“, Raúl Camposen “El aprendiz” eta Itziar Leemasen “Ximinoa”. 

Zinemaldiaren 71. edizio berezia
Michel Gaztambide “Cerrar los ojos” filmaren gidoigilea.
Víctor Ericek Donostia sari bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan
Víctor Erice Donostia saria.

Euskal Zinemaren galan, aurten, Bertha Gaztelumendiren “Arnas betean” eskainiko da. Azpimarratzekoa da, gainera, Donostia Saria, lehen aldiz eskuratuko duela euskal zinemagile batek, Victor Ericek, haren bakarkako lehen film luzeari (“El espíritu de la colmena”) Urrezko Maskorra eman eta 50 urtera.

Begi bistakoa da Euskal Herriko zinemak azken urteotan hartu duen indarra. Euskal zinemaren aniztasunak egin du industriaren kalitatea bermatzea, eta emakume zinegileen presentziaren gorakada bada honen eragile argia. Euskarak ere bere tokia izan nahi du zinemaren industrian, eta horregatik, Zinemaldiak aurten aurrerapausu nabarmena egin du honetan; lehen aldiz Sail Ofizialeko film guztiek euskarazko azpitituluak izango dituzte, hala euskaraz, gazteleraz eta ingelesez gozatzeko aukera izango da.

Zinemaldiaren programazioa, astelehenean, hilaren 11ean egongo da eskuragarri webgune ofizial eta hedabideetan. Sarrerak aldiz, 17tik aurrera egongo dira salgai. 17an bertan, goizeko 9etan irekiko dituzte lehenengo 3 egunetako, irailak 22, 23 eta 24, filmen sarrerak. Hurrengo egunean, irailaren 18an, irailak 25, 26 eta 27koak egongo dira salgai. Eta azkenik, irailak 19an, azkeneko 3 egunetako sarrerak, irailak 28, 29 eta 30. Aurreko egunetakoak ere eskuragarri izango dira.

Goazen Nazioarteko Zinemaldiak eskaintzen dizkigun ikus-entzunezko eta protagonistak ezagutu eta euren lanez gozatzera! Goazen euskal zinemaren ekosistema babestera! Bertan ikusiko dugu elkar…

Zinemaldiaren 71. edizio berezia

Zinemaldiaren 71. edizio berezia