Zergatik egiten da korrika, Korrikan, gau osoan zehar? Ez dut ulertzen!

Zergatik egiten da korrika, Korrikan, gau osoan zehar? Ez dut ulertzen! –

Egunotan Korrika ari da egiten Irunetik Bainonarat. Euskararen aldeko jai erraldoia da, herrikoia (milaka pertsonak hartzen dute parte eta parte hartzea oso anitza da). AEKko antolatzaileek dioten bezala, ez da soilik euskararen aldeko aldarrikapena, baizik eta Euskal Herria girotzeko eta hauspotzeko mugimendu bat. Euskararen ahotsa entzunarazi egiteko, festa kulturala egiteko, ekimenak eta erakustaldiak egiteko eta abar. Horrekin bat dator aurtengo leloa: Harro herri (agian, harro hitza aukeratu dute LGTBIren harro asteari keinu eginez eta irudia ortzadarraren koloreez zipriztinduz).

Noski alde ekonomikoa ere badago; Alea eta Berriako elkarrizketa batzuetan irakurri nuen bezala, 80 hamarkadan gauza asko zeuden egiteko; materiala sortu, euskalduntze planak egin, lokalak lortu… gauza asko zeuden eta finantzazio gutxi. Pezeta, franko eta duro gutxi, garai horretan gure gurasoek erabiltzen zuten monetak gogoraraziz. Arazo politikoak ere egon omen ziren, sortu berri zen Eusko Jaurlaritzako HABE ofizialarekin talkan edo.

Ikastolan azaldu ziguten bezala, ideia beste ekimen edo herrialde batetik hartu zuten, baina interneten bilatuta ere, ez dut topatu non edo zein tokitik jaso zuten ideia. Wikipedian azaltzen den moduan, Bilboko Txomin Barullo konpartsa eta Euskaltzaindiaren publizista talde batek proposatu zuten ideia, antza:  https://eu.wikipedia.org/wiki/Korrika

Kontua da, hasiera gogotsua eta kementsua izan zela. Borondate handia eta boluntario asko, bai, baina diru iturri mugatuak. Ikasleak ez omen ziren ikastera joaten lanerako titulua behar zutelako, baizik eta, batez bere, euskara ikasteko benetako grina eta konpromisoa zutelako.

Beraz, erreleboko lasterketa ideia paregabea zirudien. Baina kontua da ez dela atletismoko 3 kilometro (3.000 metro) edo 10 kilometroko errelebo lasterketa, ez. Aitztitik, 2.000 kilometrotik gorako errelebo lasterketa baizik!!! Eta korrikalariak ez dira atleta edo sasoian dauden gazteak soilik, ez; euskararen alde korrika egin nahi duen edozeinek parte har dezake, auzoko, herriko, hiriko edo herri arteko errepideetan zehar. Ez bakarrik oinez, txirrindulaz, gurpil aulkian edo makuluekin ere egoten da norbait!!

Lasterketaren balioa euskararentzat ukaezina da, argi dago. Baina ulertzen ez dudana zera da: zer dela eta ez da etapetan antolatzen eta bai, ordea, gaur egun bezala, lasterketa jarraia, gau osoan zehar eta mendian gora eta behera, elurra bota edo euri jasa izugarria botatzen badu ere? Zein zentzu dauka mendi galdu batean gaueko 4:00etan 5 edo 10 pertsona mendian gora korrika ibiltzeak? Ezin liteke sikiera gaueko 12:00etan bukaera ezarri eta irteera goiz antolatu (oso goiztiarrak izan nahi izanez gero, goizeko 5:00etan adibidez)?

Zergatik egiten da korrika, Korrikan, gau osoan zehar? Ez dut ulertzen!

5 pentsamendu “Zergatik egiten da korrika, Korrikan, gau osoan zehar? Ez dut ulertzen!”-ri buruz

  • Ez litzateke berdina izango gauez geldituta. Horrez gain, badirudi arrakasta duela. Zerbaitek funtzionatzen badu eta gainera arrakastarekin, zergatik aldatu?

  • Hain zuzen ere, goizeko ordu txikitan mendi puntan korrika ibiltzeko borondateak ematen dio Korrikari daukan indarra.
    Korrika ez baita ulertzekoa, baizik eta bizitzekoa.

  • Euskahaldun 2024-03-26 11:55

    Negu gorrian, garai ilunetan, oztoporik handienean eta aldaparik latzenean ere beti euskararen alde egongo garela islatzeko. Metafora politagorik?!

  • Uste dut Korrikaren arrakasta ez datzala gauez aritzean ala ez. Arrakasta da ekintza sinplea dela masarentzat eta nahiz eta hizkuntzan ideiarik eduki ere (edo hizkuntzarekiko atxikipenik gabe) parte hartu ahal dela. Erakunde eta gizarteko eragile askoren onespena edukitzea ere gakoa da.

    Hala ere, erakundeetatik, Ikastoletatik edo eskoletatik bultzatuta parte hartzaile erdaldun peto-petoak joaten dira, baina euskaraz hitz bera egiten ez dutenak, ezta Korrikan bertan ere. Batzuentzat itxurakeria kontua baino ez da.

    Ez dut uste, gizartean, gauez korrikan egotea edo ez baloratzen denik. Oso polita eta erromantikoa eta nahi duzuna, baina hori ez da eraginkorrena. Gaueko ordu txikietako tartea kenduta ere, berdin. Beste kontu bat da km horiek €€€€ak bezala fakturatzea.

  • Nik uste dut arrakastaren muina esperientziak gaur egun nola bizi ditugun horretan datzala. Korrikak smartphonarekin antz handia dauka: istanteko emozioa, etorri orduko joan. Jarri 11 egunez korrika karpa bat toki finko batean, ekintzez betea, eta nik esaten dizut inor askorik ez dela joango edo ordubetez han egon ondoren aspertuta badoala. Korrikak istanteko esperientzia pikoarekin du zerikusia, sare sozialeko bideo motzak bezalaxe. Horregatik egokitu da ondo belaunaldi berrietara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude