Txokolatearen jatorria
Txokolatearen jatorria –
Kakaoak Ameriketan du jatorria, Mexikon, hain zuzen. Orain dela 2.500 urte hasi ziren maiak kakaoa landatzen. Kakao-haziekin, nobleek eta erregeek soilik edaten zuten “chocolha” izeneko edari mingotsa prestatzen zuten. Edateaz gain, kakaoa trukeetarako ere erabiltzen zen; garai hartan, untxi batek, adibidez, hamar kakao-hazi balio zuen.
Azteken kondaira batek dioenez, kakao-haziak paradisutik datoz eta hazi horiek janez gizakiak boterea eta zintzotasuna lortzen ditu.
Kakao-edaria Iberiar penintsulara iritsi zenean, komentuetan egiten hasi zen. Monjeei edaria mingotsegia iruditu zitzaien, eta, hori zela eta, Ameriketan erabiltzen ziren espezieen ordez, azukrea eta eztia gehitu zioten; Europako gustuetara egokitu zuten, alegia; orduan bihurtu zen benetan edari ezaguna.
Espainiako konkistatzaileek 1502an Ameriketara iritsi zirenean, hainbat opariren artean, aztekek asko estimatzen zituzten hazi ilun batzuk jaso zituzten, kakao-haziak alegia, baina ez omen zioten aparteko garrantzirik eman. Hernan Cortesek bidali zuen 1519 urtean lehenengo kakao-kargamendua Gaztelara (Espainiara).
1625ean, Austriako Ana Frantziako Luis XIII.arekin ezkondu zenean, Frantziara zabaldu zen txokolate Izan ere, jatorri espainiarra zuen printzesak, gustukoa zuen txokolatea, eta Frantziara joateko erabili zuen zaldi-gurdia txokolate-pastillez beteta eraman omen zuen. Era berean, Europan ere ezagun egin zen edaria.
David Chaillou izan zen lehenengo txokolate-egilea, 1659an jaso baitzuen txokolatea egin eta saltzeko errege-patentea.
XIX. mendearen erdialdera, suitzarrek txokolate krematsuagoa egiteko saiakera asko egin ondoren, kakaoa azukredun esne kondentsatuarekin nahastea lortu zuten. Horrela sortu zen gaur egun oraindik hain famatua den Suitzako txokolatea. 1871 urtean, Robert Lindtek lehenengo txokolate-tabletak egin zituen, hau da, ordura arte edaten zen txokolatea, jateko moduan prestatzea lortu zuen. Txokolatearen ospea laster zabalduko zen mundu osoan; kakaoz egindako elikagaiak oso energetikoak dira, hots, indar-emaileak dira. Hori dela eta, Bigarren Mundu Gerran, esaterako soldaduei ematen zitzaien indartsu egoteko.
Txokolatea aurkitu eta Europan sartu bezain laster, Euskal Herrian txokolategintzako teknikak ikasi ziren eta lehen fabrikak eraiki. Txokolatea gizarteratzeko, Baiona, Oñati eta Tolosako lantegiak dira adierazgarriak. XIX. mende amaierarako, 25 maisu txokolategile egon ziren Gipuzkoan. Marka ezagunak; Elgorriaga, Zahor… Nafarroan badago Arkupe deitzen den enpresa txikia.