Tardigradoa, etorkizuneko maskota espaziala
Tardigradoa, etorkizuneko maskota espaziala –
Gizakia duela 35.000 urte inguru -Goi Paleolitoan- hasi zen lehen maskotak hezten, otsoek gizakiarekin harrapakinak eskuratzeko lehiatu beharrean, hauekin akordio batera heltzea eraginkorragoa zela ikasi zutenean. Janariaren truke, otsoak baretu eta komunitatearen parte bihurtu ziren, bueltan gainontzeko piztiekiko piztiengandiko babesa eskainiz, eta era honetan, milurtekoetan zehar, orduko otsoak gaur ditugun txakur eta arratoi-txakur penagarrietan bilakatu ziren. Horrela, maskotek eginkizun ebolutiboa pixkanaka galtzen zuten heinean, horienganako ilusioa ere era berean murrizten joan da, eta dinosauroak berpizteko ahaleginek fruitua eman arte, beste animalia txiki batek izan dezake itxaropena berriz suspertzeko erantzuna: tardigradoak.
Tardigradoak animalia mikroskopiko ornogabeak dira, eta beste ezaugarri askoren artean, ia hilezinak dira. Lurrean duela 600 milioi urte agertu zirenetik bizitzaren historia luzean egon diren bost desagertze masiboak gainditu dituzte -garrantzitsuenak duela 220 milioi urte, Permikoan, bizidun espezieen %95 desagertu zenean, eta azkena, duela 65 milioi urte, Kretazikoan, dinosauroak desagertu zirenean izan ziren- eta azken ikerketa batzuen arabera Lurrean biziko den azken espeziea ere izango dira.
“Ur-hartz” ezizena duen lagun honen sekretua criptobiosis deritzon mekanismoan datza, non bere gorputzean duen uraren %3 bakarrik gordez metabolismoa gelditu eta hibernazio moduko egoera batean sartzen den. Horrela, -273ºC -ia zero absolutua- eta 151ºC-ko tenperaturen bitartean bizi daiteke, eta hutsean edo 6000 atmosferako presioan ere lasai-lasai iraun dezake. Gainera, urteak igaro ahal ditu urik edo janaririk gabe, eta edozein motako ingurunean bizirauteko gai da, alkohol puruan edo espazioan, adibidez. Ikerlari errusiarrek tardigradoak aurkitu zituzten orbitan egotetik bueltan zetorren espazio-ontzi baten kaskoan eta espazioan ugaldu ere egin zirela behatu zuten. Hau da, tardigrado horiek ez zituzten bakarrik hutsa, ia zero absolutuko tenperatura, oxigeno falta eta eguzki-erradiazioa gainditu, baizik eta mambo pixka bat edukitzeko gogoa ere izan zuten bitartean.
Hau guztia gutxi balitz, azken ikerketa batzuen arabera ez da ezagutzen tardigradoen desagertzea eragingo lukeen fenomeno astronomiko posiblerik. Meteorito baten talkak edo hurbileko supernoba baten eztandak ez lituzke asko larrituko, eta bakarrik Eguzkiaren heriotzak Lurra irenstean -5.000 milioi urte barru- amaituko litzateke tardigradoen bizitza. Ematen du ordurako gainerako maskotak ere luze desagertuta egongo direla.
Gauzak horrela, eta tardigradoak maskota aukerarik onena direla frogatuta, etxean hauetako batzuk eduki nahi badira jarraitu beharreko pausoak hurrengo laurak izan litezke:
.
- Tardigradoak bilatu. Tardigradoak birtualki munduko edozein lekutan bizi daitezke, beraz, ez da asko mugitu behar aurkitzeko. Hala ere, goroldio eta likenen gaineko ur-geruzan aurkitu ohi dira.
- Tardigradoak hartu. Mikroskopikoak direnez -gehienez milimetro erdi-, ez dira tardigradoak ikusiko. Goroldio zati bat hartu eta tardigradoak daudela sinetsi.
- Habitat egoki batera pasatu. Goroldio zatia Petri plaka batean edo plastikozko ontzi batean kokatu. Ur apur bat gehitu aktibo ez dauden aleak berpizteko. 24-48 ordu pasatuta tardigrado kolonia martxan izango da.
- Tardigradoen zainketa. Noizean behin ura gehitu ingurunea heze mantendu dadin. Ez zaie janaririk eman behar, goroldiotik hartzen dituztelako jakiak. Edo janaria bota. Edo mikroondasean sartu. Berdin dio, ez dira hilko.
Behin lau pauso erraz hauek burututa, egiteko geratzen den gauza bakarra tardigradoen presentziaz gozatzea da. Marten garai batean ura egon zela aurkitu zenean, bertan egon zitekeen bizitza erradiazio eta atmosfera faltak mugatzen jarraitzen zuen, baina tardigradoak bezalako animaliek bizirauteko aukerak izango lituzkete, eta berdina gertatzen da Saturno eta Jupiterko Encelado eta Europa ilargi izoztuetan. Beraz, izan liteke zure maskota berria Lurraz kanpoko bizitza posiblearen froga izatea. Edo zu, maskotatzat goroldio zati bat duen zoroa bihurtzea.
Star Trek telesailaren azken denboraldian tardigradoak, espazioan bizi ahal izateaz gain, denbora-jauziak egiteko zein eragiteko gai dira (onddo berezi batekin elikatzen dira eta gela baten neurrikoak dira, erraldoiak ;-)).
Agian Tartigradoak jatea izan daiteke gure biziraueko modu bakarra, nahikoak janda metamorfosi bat jasan eta haien gaitasunak eskuratu. Edo agian ez. Ez dugu inoiz jakingo…