Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1: Aro berri bat hasi zeneko kronika

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1: Aro berri bat hasi zeneko kronika –

Lekeitioko Euskal Zine Bileraren aurtengo edizio bikainari agur esan genion ostiral gaueko gala eta ondorengo cocktail-festarekin eta ospatzeko asko izan genuen Lekeition.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1: Aro berri bat hasi zeneko kronika

Azken urteotan partaide bezala (Zea… Bingo, Night Shift eta June film laburrekin) eta kolaboratzaile bezala (Hemen elkartearekin) bizi izan dut Zine Bilera, eta honek zinemaldia barrutik egiten duten lana ongi ezagutzeko aukera eman dit. Zine festa txukun bat aurrera ateratzeko izan dituzten arazoak ere gertutik ezagutu ditut, eta arazoak eta guzti, Zine Bilera urtero iritsi zaigu euskal film eskaintza bikainarekin, atzean dagoen primerako taldearen lan izugarri bati esker.

Baina aurten apustu berezi bat egin dute antolatzaileek, eta esfortzua denok nabari izan dugu, gertuko eta kalitatezko zinemaldi moderno, eta eredugarri bat sortu baitu dute 40+1 edizio honekin. Urte osoan zehar sukalde lan handia egon dela argi dago, eta emaitzan islatua geratu da hau. Gure Anartz Bilbao-k bere lehengo asteko sarreran esan zuen moduan, aro berri (arrakastatsu) bat hasi dute Lekeition. Klabeak:

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1

1.Publikotik gertuago

Publikoarentzat den zinemaldi bat izan da beti EZB baina aurten inoiz baino gehiago ikusi da hori, heldu eta txikientzat ekitaldi paraleloz josita egon baita programazioa (honetaz gehiago hurrengo puntuan). Eta sari berezi bat ere sortu dute, Publikoaren Saria, lehian dauden film bakoitzaren ondoren bertaratutako publikoak bozkatzeko aukera izan du lehenengo aldiz (aurtengo irabazlea Eukeni Arriortuaren Pastoreak). Irabazle guztien zerrenda hemen.

.

2. Ekitaldi bereziak

Urriak 6tik 12ra iraun duen zine bilerak 3 atal estreinatu ditu: Branka, Ganbara eta Zerumuga, denboraren arteko harremana planteatzeko  orainaldia, iragana eta etorkizuna irudikatzen dute atalok. Astean zehar 20 film labur lehian eskaini dituzte eta emanaldi hauen inguruan (H)emen Gaude euskal  emakume zinegileen ikusgarritasuna sustatzeko ekitaldi bereziak (honetaz gehiago hurrengo puntuan), Atzo 8 eta Euskal Zinemaren Begirada ekitaldiek gure zineman atzera begiratzeko aukera eman digute eta Kameratoia eta Zoom jarduerek gaztetxoak zinemarekin praktikatzen jarri ditu.

.

3. Emakume zinegileen presentzia sustatzen aurrekaria

2016ko edizioan jarri ziren kontaktuan EZB-ko antolatzaileak (H)emen Elkartearekin, zinemaldian emakumearen presentzia eta berdintasuna bermatu nahi zuten eta gure kolaborazioa eskatu zuten. Zinemaldiaren diseinutik, ez bakarrik programazioan, sustatu nahi zuten berdintasuna eta horrela, epaimahai berdinzale bat bermatzeaz gain, euskal emakume zinegileen ikusgarritasuna eta presentzia areagotu zen elkarteak antolatutako mahai-inguru eta ekitaldi bereziekin.

Aurtengo edizioan formatua aldatu dugu eta fokua euskal emakume zinegile batengan jarri dugu. Formatu berri honen lehenengo saiakeran Maider Oleaga zinegilearen ibilbidea aztertu dugu, igandean bere Verabredung dokumentala proiektatuz eta ostiralean Prozesua(k) deituriko solasaldi ederra izan genuen. Niretzako oso berezia izan zen Maider elkarrizketatzea, gauza askoren artean Elbira Zipitriari buruzko Muga Deitzen da Pausoa filma aztergai izan genuen eta. Dokumental honetan Maiderrekin lan egiteko aukera izan nuen eta ekoizkide naizen aldetik ederra izan zen azken urtetan eskuartean izan dugun produkzioaren tripak publikoari azaltzea.

.

4. Komunikazioa

Partaideekiko komunikazioa hobetu dela esango nuke baina bereziki aipagarria da kanpo komunikazioan aurten egin duten esfortzu berezia. Markaren diseinu argi eta identifikagarria sortu dute eta sare sozialetan eta komunikabideetan eman duten informazio jarioak EZB-aren presentzia inoiz baino nabarmenagoa egin du.

.

5. Amateur eta profesionalak

Orain arte zinemaldiak amateur eta profesional kategoriak bereizten zituen eta sariak honen arabera ematen zituen. Aurten lehenengo aldiz bi kategoriek bat egin dute. Nik nire zalantzak izan arren (benetako amateur film batek ekoiztetxe profesional baten filmarekin lehiatzea ez dakit oso justua den), erabaki hau oso ongi hartu dute orokorrean sektorean ari direnak. Oso zaila da  zer den  amateur eta zer profesionala  bereiztea eta bien arteko marra batzuetan oso fina izaten da, eta beraz, film guztiak zaku berean sartuta aurkeztutako filmen kalitatea epaitzea lortu nahi da kategoria bakar batean.

.

6. Gala hobetua

Less is more” lemapean diseinatutako gala zela iruditu zitzaidan eta bete-betean asmatu zutela onartu behar dut. Loli Astoreka eta Aitor Abaroak bikainki aurkeztutako galak aurtengo edizioak aste osoan eskaini duenaren berri eman zigun bideo muntaketa arin eta sinple batekin eta Nigara Zuek bakarlariak artxibozko irudi zoragarri batzuekin lagundutako 3 abesti eder eman zizkigun.  Sariak iragarri eta eman ondoren, film labur irabazlea (Pello Gutierrez-en Zain) eta publikoaren saria (Eukeni Arriortuaren Pastoreak) ikusi genituen. Eta galari amaieran eman zion Benito Ansola handiak, Euskal Zine Bileraren sortzailea eta Lekeitioko John Ford, 90 urte bete dituen lekeitiar mitikoak bere urteroko speech-a eman zuen, urtero bezala gehiegi luzatu zen baina urtero bezala publikoak entzutea maite dituen hainbat pasadizo eta kontu kontatu zizkigun. Auzo-lotsa ematen duten sketch jasanezinak dituzten gala amaigabetara ohitu gaituzte zine munduan eta eskertzekoa da beraz gala azkar eta alai bat.

.

7. Cocktaila

Aurtengo amaiera cocktail-a Uribarre hotelera itzuli da eta bertan edandako alkohola ura balitz, munduko hainbat lehorte amaitzeko gai izango ginateke. Euskaldunok hainbeste gorroto dugun “networking” pixka bat egiteko aukera izan genuen, aspaldi ikusi gabeko lankideekin elkartu, jende berria ezagutu eta batez ere, euskal zinema ospatu genuen giro ezin hobean.

.

Hurrengo ediziorako gogotan utzi gaitu EZB 40+1 bikain honek, 42.ak ere zinegile hasi berri, eskarmentatuak eta zinemazaleak bilduko ditu euskal zinemaren ospakizun eder honetan.

Euskal Zine Bileraren irabazleak Lekeitioko Euskal Zine Bilera

Euskal Zine Bilera  Euskal Zine Bilera  Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1: Aro berri bat hasi zeneko kronika

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus