Talde-kirola

Talde-kirola – 

Talde-kirola

Txaloak entzuten dira. Aretoaren atzealdean hasten dira, baina laster heltzen dira oholtzaren oinetaraino, geroz eta ozenago. Zaparradaren artean, sei bertsolari, burumakur, gai-jartzaile bati jarraika. Bakoitza joaten da bere munduan, irribarre fortzatu batekin ingurukoak agurtzen, baina, ziurrenik, handik minutu batzuetara tabladuaren gainean jarritako hiru mikrofonoetako batetik abestu beharko duen agurra pentsatzen. Banan-banan esertzen dira bakoitza dagokion aulkian. Banan-banan aurkezten dituzte, beste txalo zaparrada batek lagunduta. Banan-banan abesten dute gai-jartzaileak eskatutako lehen agurra. Puntu-erantzunak, bakarkakoak, kartzelakoak… banan-banan kantatzen dute. Zirtoa, adar-jotzea… bakoitza beretik, albokoa zapalduz. Puntuaketak, “poto egingo balu…”. Zinez kirol bakartia omen da bertsolaritza. Edo hori uste du gehiengoak, bederen.

Bertsolaritza, aldiz, hori guztia baino askoz gehiago da. Bertsolaritza bada saioa hasi aurreko poteoa, aspaldi ikusi ez dituzun lagun horiekin aspaldian izandako lehen berbaldia. Bai, “lagun” esan dut, ez “etsai”. Bertsolaritza bada ehundaka kilometro egitea autoz, aspaldian ikusi gabeko lagun hori oholtza gainean ikusteko. Bertsolaritza bada, lagun, entzule zein lehiakideen artean elkarri txalo egitea, Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela janztear balego bezala, beste inork baino ozenago. Oholtzatik jaitsi eta beste hainbeste ordu hizketan ematea ere, hori ere bada bertsoa.

Bertsoa ez da soilik bakarkako luze, perfektu eta poetiko amaigabeen kate luze huts bat, entzulearen gustu finetarako sortua. Bada, baita ere, hankaluzez hornitutako ofizio ulertezinen unibertso bat, non entzuleak ezer ulertzen ez badu ere, bertsolariek irribarre bat duten aurpegian marraztuta, inoiz bukatzea nahiko ez balute bezala.

Bertsolaritza da oholtzaren azpian ezkutatzen den mafia sekretua, “bertso-eskola” izenpean sortutako Whatsapp taldeetatik plazaren kontrola hartzen ahalegintzen dena. Bertan, “zerbait kantatzeko geratzea”-k “lagunartean ondo pasa” esan nahi du, nahiz eta deus ez abestu; “saioa dut [txertatu herria]-n”-ek “bertsofrikiz betetako autoetan bidaia kilometrikoak egitea” esan nahi du; eta “norbait animatzen da…?” hitzekin hasitako galdera orok dute erantzun bera: bai.

Bertsolaritza ez da soilik entzule batek plaza baten erdian modu estrategikoan jarritako eserleku hortatik ikusten duen hori. Bertsolaritza horren atzean dagoen guztia da. Antolakuntza bat, bizimodu bat, komunitate bat. Komunitate bat Euskal Herria deritzogun horretan sakabanatuta, mendi, muga, ibai zein itsasoz banandua, baina bakarraren deiarekin mugitzen dena. Amurizaren hitzetan, hitzaren kirol nazionala. Talde-kirola, nire ustez. Azken finean, bertso batek ez baitu zentzurik taldean botatzen ez bada.

Talde-kirola