Nork zehazten du zein den udako abestia?

Nork zehazten du zein den udako abestia? –

Egoitz Lizasok sarean.eus atarian.

Nork zehazten du zein den udako abestia?Udara betean sartuta garen honetan, ohikoa izaten da gehien entzungo den abestia zein  izango den eztabaidan aritzea. Hala suertatu zait behintzat niri egun hauetan zenbait  medioetan. COVID-19aren pandemia erdi gaindituta dugun honetan, 2022ko udara hau  gazte askorentzat – eta ez hain gazte garenontzat ere – ohiko udaretara bueltatzea izango  da. Zalantzarik ez festa askotako taberna zein txoznatan musikak berreskuratuko duen garrantzia. Baina zein edo zeintzuk izango dira 2022ko udako abestien zerrenda osatuko  dutenak? Nola jakingo dugu?

Erantzun aurretik, musikaren industriak urtez urte top zerrenda horiek nola osatzen zituen ezagutzea beharrezkoa deritzot. 80 eta 90eko hamarkadetan, disko eta singlen salmentek zehazten zuten zerrenda hori, irratietako presentzia ere kontutan hartzen zelarik. Disko zein single horiek formato fisikoetan saltzen ziren, binilo disko zein zinta cassette haietan. Garapen digitalak, ordea, udako abestia zein den ebazteko modua bera ere aldatzea eragin du. 2003an plazaratu zuen Applek iTunes denda eta berarekin musika digitalaren salmenta erregulatua jarri zuen abian. Behin iTunes eta bestelako salmenta digitalak eskaintzen zituzten zerbitzuak gizartean txertatzen joan ziren heinean, musikaren industriak salmenta hauek ere kontutan hartzen hasi zen udako abesti horien zerrenda osatzeko.

Gaur gauzak, ordea, oso desberdin dira. 2010. hamarkadaren bueltan, musika formatu digitalean erosteaz gain streaming bidez entzuteko aukera eman zitzaigun. Berriro ere  musikaren industriak udarako abestien zerrenda osatzeko modua eguneratu behar izan zuen streaminga bera ere ekuazioan gehituz. Ez da harritzekoa egokitzen joan behar izatea, izan ere, egungo kontsumo ohiturak nabarmen aldatu dira. Pentsa, iazko datuak begiratuta,  erositako musika soilik kontsumitzen dugun guztiaren %9a soilik da. Eta irrati bidez entzuten duguna %16a izango litzateke. Hau da, %68tik gora kontsumitzen dugun musika streaming edo app bidez kontsumitzen dugu. Esanguratsua egin zait streaming bidezko musikaren %11 Tik Tok plataformaren bidez kontsumitzen dela jakitea.

Hori guztia kontutan hartuta, aurtengo udako kantua zein izango den jakiteko streaming zerbitzuetako handiei begiratu beharko diegu, izan ere, hauek ez baitute soilik  erreprodukzio kopuruaren arabera zerrenda osatzen, eragile desberdinak kontutan hartuta eta teknologia erabiliz (big data edo datu handiak, inteligentzia artifiziala,…) aurtengo udako abestia izan izango den ere aurreikusteko gai dira. Adi izan beharko dugu festatan teknologia aktore hauek zuzen diren ala ez!

Nork zehazten du zein den udako abestia?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.