Prekarioa naiz, eta harro nago!
Prekarioa naiz, eta harro nago! –
Aurreko belaunaldia baino okerrago biziko den lehenengo belaunaldia ei gara. Gure gurasoek baino bizi baldintza kaxkarragoak izango dituen lehenengo belaunaldia hain zuzen ere. Aldaketak datoz gurera, eskatu ez ditugun aldaketak eta oharkabean atea indar handiz jo digutenak.
Aldaketa ez da ondo igertzen. Imajina dezagun: trenez goazenean barrukoak estatiko jarraitzen duen pertzepzioa dugu, beldur gara leihotik begiratu eta jada geltoki zaharra – eta ezaguna- utzi dugula ikusteko. Aldaketaren pertzepzioak iraganaren berrikuspena du bere baitan. Eta hala gertatu izan zaigu historian zehar.
Bigarren industrializazioaren garaian, langile mugimenduak eta komunitatearen babesa erdigune zuten eskakizunek ongizate estatua eraiki zuten beste faktore askoren artean. Estatua, komunitatearekin batera segurtasunen emaile gisa agertu zitzaigun. Gizabanakoek estatuaren eskuetan utzi zuten euren biografiaren eraikuntzaren hezurdura, eta, komunitateak zentzuz janzten zuten hura.
Baina, estatuaren desagerpenak –estatu neoliberalen eraikuntza gisa ulertua- eta indibidualizazioaren garapenak testuinguru arras ezberdina margotu dute. Hala, autore askok modernitatearen ondorengo garaia definitu dute; likidotasunaz, arriskuaz, ziurgabetasunaz, azkartasunaz edo prekarizazioaz baliatuz, besteak beste, horretarako.
Honek guztiak hiritar berrien trazua margotzen du. Prozesu indibidualizatzailek lagun, gizabanakook gure biografiaren eraikuntzaren arduradun bakarrak gara, etengabeko aukeraketaren pean gure bizitzen hezurdura eta zentzua eraiki behar dugularik. Hala, arriskuekin egiten dugu topo aurrez aurre, erabaki orok arriskuaren mehatxua baitakar. Ziurgabetasunaren zurrunbiloan murgiltzen gara, hurrengo bidegurutzea heldu bai, baina, noiz helduko ote den ez dakigu eta. Bestera esanda, gaur egungo bizi proiektuak ez datoz aurretik emanda, baizik eta eginez, ibiliaz eraikitzen ditugula.
Lehenengo begirada batez, askatasunaren erresuman bizi garela pentsa genezake, nahi duguna izango gara nahi dugunean. Baina, zein da askatasun horren trukean sakrifikatu duguna? Prospekzio soziologikoaren kabineteak Gazte behatokiarentzat burututako “Gazteen argazkiak 22” (2019) ikerketak argira ekarri ditu lehen marraztutako Hiper? Pos? Beranduko? Modernitatearen paisaiaren adierazleak. Izan ere, egungo gazteria gehien kezkatzen duen gaiak lan merkatuarekin eta baldintza sozioekonomikoekin daude loturik. Hala, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %66ak lan merkatuan jarri dute begirada arazoen inguruan mintzatzean. eta %16ak etxebizitzaren egoeran.
Honako datuak ikusita, argi dago, askatasunaren erreinuari ziurgabetasunarena gailendu zaiola. Baina ez da harritzekoa. Egun, aurretik aipaturiko ikerketaren emaitzei jarraiki, gazteriaren ehuneko handi batek hemendik eta bost urtera gazteek etxebizitza lortzeko (%43), soldatapeko lanean aritzeko (%35) eta unibertsitatean ikasteko aukera (%35) gutxiago izango dutela uste baitu.
Egoerak eztanda egingo duela ematen du, kaleak oihuz eta haserrez beteko direla. Baina ez. Bota begiradatxo bat honako datuari:
Bai, aurreko datuek aditzera eman duten esparantzarik gabeko gazteria horrek Euskadiko egoera ekonomikoaren gaineko balorazio itzela egiten du. Orduan, egoera ekonomikoa ona bada, nola azaldu gazteek ditugun emantzipaziorako eta bizi duinak eraikitzeko zailtasunak?
Diskurtso neoliberalek gizabanakoa bihurtzen dute lorpen eta porroten erdigune. Banakoa da bere egoera sozioekonomikoaren erantzule bakarra. Jaioterria, generoa, klase soziala eta bestelako egiturazko baldintzatzaileek inolako eraginik izango ez balute bezala.
Eta testuinguru honetan, apaldu egin gaituen eta ziurgabetasunaren mamua ezkutatu duen promesa berria barneratu eta gorpuztu dugu: kontsumoa eta malgutasuna bide, inoiz baino askeagoak eta zoriontsuagoak izango garen promesa. Eta nork ez du aske eta zoriontsu izan nahi?
Prekarioa naiz, eta harro nago!