CAF, kolonizazioaren zimenduak eraikitzen

CAF, kolonizazioaren zimenduak eraikitzen –

Azken asteotan hautsak harrotu ditu ekonomia arloko albiste batek, edo hobeki esanda, ekonomia arloa gainditu eta giza eskubideen esparruan sartzen den albiste batek: CAF enpresa gipuzkoarrari esleitu diote Jerusalemeko tranbiaren bigarren linea eraikitzeko lanen kontratua. Israelgo administrazioa Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotu eta auzune palestinarrak baztertuko dituen azpiegitura egiteko asmotan dabil, eta Beasaingo faktoriari eta Shapir enpresa israeldarrari egokitu zaie apartheid-trenbidea eraikitzeko ardura. Proiektuak talka egiten du nazioarteko zuzenbidearekin, izan ere, nazioarteko legediak debekatu egiten du azpiegitura egonkorrak eraikitzea eremu okupatuetan, edota eremu okupatuetan eraikitako kolonia ilegalen behin-betikotasuna bermatuko dituztenak.

CAF, kolonizazioaren zimenduak eraikitzen

Gauzak horrela, enpresa onuradunek ez dute irabazi esleitze-lehiaketa berezko merituengatik, baizik eta parte hartzekoak ziren gainontzekoak erretiratu egin direlako proiektutik. Kanadako Bombardier, Australiako Macquarie, Alemaniako Siemens edo Frantziako Alstom enpresek, besteak beste, errefusatu egin dute nazioarteko legedia urratzen duen proiektu horretan parte hartzea, tokian tokiko BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) taldeek eragindako presioaren ondorioz. Eta lehiaketatik erretiratu badira, ez da giza eskubideen aldeko mugimenduaren argudiobideei men egin dietelako; baizik eta, nonbait, kalkulatuko zutelako egitasmoan parte hartzeak euren irudi korporatiboari ekar liezaiokeen kaltea balizko etekinak baino handiagoa dela.

Otsailean CAFeko langile-batzordeak, aho batez, eskaera helarazi zion faktoriako zuzendaritzari proiektu ilegal horretatik erretira zedin, eta enpresaren buruzagitzaren esku utzi zuen korda luzea ekar zezakeen erabakia. Hilabete batzuk geroago enpresa-buruek erakutsi dute gainontzeko nazioarteko enpresen zuhurtziaz jokatu baino nahiago izan dutela diruzalekeria lehenetsi eta gerra krimen baten partaide izan.

Otsailean Palestinako Askapenearako Erakundeak enpresako langileei esker oneko mezua bidali zien euren jarrera konprometitua balioetsiz. Orain, aldiz, Espainiako gobernuri kexa helarazi dio CAFi atzera eginaraz diezaion, eta bestela, Espainiako epaitegietara eta nazioarteko erakundeetara joko dutela mehatxatu dute.

Nork bere tokia hautatu du lubakian; langileek giza eskubideen, nazioarteko zuzenbidearen, eta elkartasun internazionalistaren aldean; CAFek, ordea, historiako orrialde beltzenetako bat idaztea aukeratu du. Gure eginbeharra, berriz, atzera egin ezean, erabaki historiko hori ez dakiela musutruk atera ez Beasaingo enpresari ez euskal industriako ikur hori sostengatzen duen Eusko Jaurlaritzari; euren irudi korporatiboa ez dadila orbanik gabe geratu gerra krimen batean parte hartutakoan.

CAF, kolonizazioaren zimenduak eraikitzen

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak