Potolofobia

Potolofobia –

Potolofobia terminoa bi hitzez osatuta dago; “potoloa” eta “fobia”. Fobia hitza grekotik dator eta higuin bizia, beldurra edo izua esan nahi du. Dena dela, potolofobia jasateak ez du esan nahi jende lodia zure amesgaiztoen protagonista dela. Izan ere, potolofobia askoz beldur sakonagoa da, psikologikoagoa. Izu honek bere sorrera du beste beldur batean, gizakien funtsezko beldur batean, hain zuzen ere: gizarteak gu ez onartzea.

Askotan, gizakiak, animalia sozialak bezala izan gara definituak. Nire ustez, aldiz, animalia sozialegiak gara. Egia esanda, dugun gizarte baten beharra hain da handia, non ezaugarri biologikoak, hau da, sortzetiko ezaugarriak, eta geureganatutako ezaugarriak, hau da, guk gizarte bezala garatu ditugun ezaugarriak, desberdintzeko gaitasuna galdu dugun. Horretako adibide bat edertasun estandarrak dira. Ideia horiek hain daude grabatuta gure gogamenean, harritu egiten gaituela jakiteak ez direla beti horrela izan.

PotolofobiaBi arazo horiek, potolofobia eta edertasun estandarrak, talka egiten dute gizentasuna eta estandarren zurruntasuna inoiz baino handiagoak diren azken mende honetan. Horren ondorioz, anorexia eta bulimia kasuek gora egin dute. Elikadura-nahasmen askoren jatorria potolofobia baita, eta ez potoloak, askok uste edo aditzera ematen saiatzen diren ez bezala.

Nahiz eta bai gizonak bai emakumeak pairatzen duten potolofobia, larriagoa dirudi emakumeetan. Gizonen kasuan, erabat onartua ez dagoen arren, neurri pare baten marjina ematen zaie. Emakumeak, berriz, kontsumo produktutzat hartzen direlako ezin dira arauatik haratago kilo bat pasatu. Diskriminazio hori modu askotan egiten da ikusgai, pisuari buruzko komentario paternalistetan edo dendetako neurri handien gabezian, esate baterako.

Hala ere, potolofobia bizitzaren alderdi guztietan dago, eta, beraz, medikuaren kontsulta ez da salbuespena. Askotan, medikuek gehiegi zentratzen dira bere pazienten tankeran, eta alboratzen dituzte beste sintomak. Zabarkeria hain da handia, ezen belauneko nekrosia bezalako kasu larriak gaizki edo beranduegi diagnostikatu baitira, medikuak pazientearen min guztiak bere pisuari egozten zizkiolako.

Egia esanda, ez dago hipokrisia handiagorik osasuna potolofobia justifikatzeko aitzakia gisa erabiltzen denean baino. Gehienetan, iruzkin potolofobikoak entzuten ditugunean “zure osasunagatik da” batek jarraitzen die. Ezin da ukatu gizentasunak eragin larriak dituela osasunean. Hala eta guztiz ere, jasaten duenak inguruko edozeinek baino hobeto daki, eta, beraz, ez diote etengabe gogorarazi behar. Hori dela eta, biktimari errua bota beharrean gure elikagaiak azukrez betetzen dituzten enpresak salatu beharko genituzke.

Orain arte idatzi dudan guztiaren gogoz bestera, onartu behar dut ni ere potolofobikoa naizela. Baita zu ere, sinetsi nahi ez baduzu ere. Azken finean, guztiok nahiago genuke argal egotea, gizarteak hori hoberena dela erakutsi baitigu. Eta ezetz esaten duenak gezurra esaten du. Nolanahi ere, ezin dugu itxaropena guztiz galdu. Oraindik geure burua hezitu ahal dugu, eta horrela pixkanaka-pixkanaka lodiekiko mespretxuzko iruzkinak eta pentsamenduak mugatu. Bakarrik horrela izango gara gai behin betiko errotik ateratzeko potolofobia.

“Ze guapo zauden mozorroik gabe,

ta artaldek esan dezala bee”

3 pentsamendu “Potolofobia”-ri buruz

  • Euskahaldun 2022-09-10 13:56

    “Hori dela eta, biktimari errua bota beharrean gure elikagaiak azukrez betetzen dituzten enpresak salatu beharko genituzke” hori da bai, jarrera biktimista. Ez dut etiketarik behar jaki bat osasuntsua ala azukrez betetako kakamordoa den bereizteko. Utzi besteei errua bota eta negar egiteari.
    “Potolofobia” delako hori aspaldiko kontua da gainera, ez azken mendekoa. Tribuaren biziraupenarekin zuzenean lotuta dago, migrazioetan edo etsaiarengandik ihes egin edo honi aurre egiterako orduan azkartasuna eta trebezia baloratzen delako. Gaixotasunak, jaiotzetiko desgaitasun fisikoak, zauriak, guzti hauek berezkoak dira. Loditasuna ordea, ez da berezkoa, norberaren jarrera eta ohitura batzuen ondorio baizik, eta tribuko ahulenen laguntzarako, beste oztopo ekidingarria litzateke. Loditasunarekiko konotazio negatiboa askoz nabariagoa da kultura gerlarietan, espartar eta zeltarren artean esterako. Estrabon geografo eta historialari greziarrak zeltak deskribatzerakoan honakoa aipatzen zuen: “Itxura asko zaintzen dute loditasunak nazka ematen dielako. Saitzen dira ez gizentzen ezta tripa haundirik hazten ere, eta ez da gazte perfekturik gerrikoaren luzera finkoa gainditzen badu”.
    Erromatarrek gehiegizko pisua izatea zakartasun ikurtzat hartzen zuten, kontraesankorra badirudi ere. Latinoa bezain hedonista eta oturuntzak hain gustuko zituen gizarte batean, itxurari eusteko modua janaldi edo platerren artean oka eragitea zen. Loditasuna beraz, gizartearen opulentzia, kontsumismo eta hedonismoarekin zuzenean lotutako sintoma bezala uler genezake.

    • Ines Gonzalez Saiz 2022-09-11 22:14

      Lehengo eta behin, eskerrik asko iruzkinagatik. Egia esanda, interesgarria izan da ezagutzen ez nuen informazio hau irakurtzea. Dena dela, potolofobiaren jatorriari buruz irakurri ondoren ere, ezin dut esan nire iritzia aldatu denik. Noiz edo zergatik sortu zen alde batera utzita, ezin dugu ahaztu gizarteko sektore handi bati eragiten dion arazo larria dela. Horregatik, nire aburuz, orainean jarri beharko genuke gure arreta, eta pentsatu zer egin dezagu apurka-apurka hobetzeko.

  • Orain arte beti euskaraz lodifobia entzun eta irakurri dut, ez potolofobia Hala erabili dute ARGIAn eta BERRIAn.

    Euskahaldun, begiratu azken ikerketak, eta ikusiko duzu elikadurak eta ariketa gabeziak eragin nabaria duten arren, gaur egun jada argi eta garbi dagoela portaeratatik at, badirela gizentzeko tendentzia duten gorputzak, munduko dieta sanoena eginagatik, arrazoi genetikoak tarteko. Haurdun dagoen amaren portaerak ere ikaragarri baldintzatzen du etorkizuneko gizentzeko joera: ikertua dago Herbeheretan 1944ko neguan haurdun geratutako amen umeek, haurdunaldiaren bi eta laugarren hilabete artean gosete puntual bat sufritu zutenek, hipertentsio eta likido erretentzioa pairatzeko aukera gehiago dituztela, feto zirelarik amak pasatako goseak fetoen egituran eragindako aldaketak medio, eta obesitate arazoak dituzte denek. Dena ez da azukrea uztea. Gauza berbera adikzioekin, eta beste milaka konturekin. Dena ez da libre albedrioa, antza.

    Ni neroni gizena naiz. Orain, lodifobiaren aitzakian jarrera biktimista asko ikusi ditut. Gizena egotea osasun arazo bat da, batzuei gehiago kostatuko zaigu argaltzea beste batzuei baino, batzuek ez dute deus ere egingo argaltzeko (beraien jakingo dute, erretzaileak eta txikiteroak ere baditugu…), beste batzuk konplejuz beteta biziko dira (eta hori ez da ona), baina gizena egotea ez da gauza ona.

    Beste kontu bat da gizenak diskriminatu behar diren. Eta hor tamalez, giza natura dago. Zer egingo zaio: gizarteei neska-mutil polit eta lirainak gustatzen zaizkie, kanonen araberakoak. Ikertua dago, baita ere, AEBtan, herri-epaimahaiek zigor dezente altuagoak jartzen dizkietela antzeko egintzengatik gizen, itsusi eta txikitoei, lirain, eder eta altuei baino.