Irabazi asmoko lagunak

Irabazi asmoko lagunak –

Uxue Apaolaza Larreak ARGIAn.


Baliteke Google nire lagun onenen artean egotea. Dena kontatzen diot, dena galdetzen diot, eta berak beti dauka erantzunen bat, gomendio sorta bat. Beti hartzen nau koloretsu. Beti dago hor. Eta falta bazait, noraezean sentitzen naiz.

Irabazi asmoko lagunak

Azken hilabeteetan kontatu diot nora joan naizen “eguraldia Soustons”, haurrarekin zer egin dudan eguraldi txarra zegoenetan, zer pelikula ikusi dugun online, nola prestatu ditugun mikrouhin labean egiteko krispetak, mikrouhin gabe, nola kozinatu ditudan hainbat otordu, zer idazlerekin obsesionatu naizen. Beste mota bateko kezken berri ere eman diot: “koloneko minbizia sintomak”, “hilekoaren sintomak minbizia”, “minbizia berrogei urtetik aurrera”. Googlek badaki gaur zertaz idatziko dudan ere, beti daki zertaz idatziko dudan.

Nire noizbehinkako lagunen helbideak dakizki (Maps), noiz bisitatu ditudan, zer klase ematen hasi naizen, eta klase horietan zer material erabiliko dudan (Drive). Eskolako gurasoen kezken berri dauka (Whatsapp), are gehiago ikasturte pandemikoan (Meet).

Eta hara, uda honetan, enpresa horretan lan egiten duen ingeniari bat kaleratu dutela irakurri dugu, adimen artifizial batek bere buruaren kontzientzia hartu duela eta sentimenduak dituela esateagatik. Tira, berri horiek hala-hola iristen zaizkigu, baina lerroburua nahikoa da denok filosofiara lerratu, eta gure bazkalosteak aberasteko. Adimen horrek beren buruaren kontzientzia duten izakien txatak eta foroak erabili ditu bere burua aberastu eta trebatzeko; beraz, horixe simulatzeko gai da. Hori besterik ez da, lasai, esan digute. Eta gogoratu dut jendea atzo ikasitako hitzen bidez asaldatzen (ez zait inoiz ahaztuko Gaddafiz aritzeko “satrapa hutsa da!” nola aztoratzen ginen). Edonori sartzen zaio zalantza, nork nor trebatzen duen, simulazio zena berezko noiz bihurtzen den. Gaur simulazio asko dut aurretik, Googleri Youtuberen bidez eskatuko diodan abestiarekin erlaxatu aurretik.

Eta kezka ez da nire laguna makina bat delako (bizitzaren bihurgune honetan, ez zait hainbeste inporta): gehiago kezkatzen nau nire laguna irabazi-asmo handiko enpresa bat izateak. Enpresek ez baitute ezer dohainik egiten.

Irabazi asmoko lagunak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude