Pandemiak historian zehar:
Pandemiak historian zehar –
Pandemia, hilabete hauetan gehien entzun den hitza da, baina, zer esan nahi du? Hasieran ez ote zen epidemia? Zeintzuk dira pandemia eta epidemia baten arteko ezberdintasunak? Hasteko, epidemia edo izurritea, lurralde batean eta denbora tarte berean populazioaren zati handi bati erasotzen dion gaixotasuna da. Aldiz, gaixotasun horri, hainbat kontinenteetan zehar edo mundu osoan zehar hedatzen denean, pandemia deitzen diogu. Beharbada, zuetako askok bazenekiten zein zen terminoen arteko ezberdintasuna. PAN-ek (???) grezieratik dator eta ‘dena’ esan nahi du. Gaur egun, definizioei erreparatzen badiegu, argi eta garbi dago pandemia bat bizitzen ari garela; mundu mailako pandemia, hain zuzen ere. Covid-19a kontinente guztietara hedatu egin denez, pandemia terminoa aplikatu behar diogu.
Historian zehar pandemia ugari egon dira. Pandemia hauek Koronabirusa baino askoz ere hilkorragoak ziren eta hainbatek sarraski itzela eragin zuten bere garaian. Biztanle gehien hil dituzten izurriteak, Espainiako Gripea, HIESa, Izurrite Beltza, Baztanga eta Justinianoren izurritea izan dira, besteak beste. Batzuek urte bakar irauten zuten, baina beste batzuk urteak joan urteak etorri boladatan agertzen ziren. Eta badira beste batzuk endemiko bihurtu zirenak eta izan direnak.
Gaur egun, esan genezake bizirik dagoen pandemia “moderno” (Malaria bezalakoak aspaldikoak dira) bortitzena HIESa dela, 30 milioi lagun inguru hil baititu. XIX. mendera arte, gaixotasunek gerrak baino heriotza gehiago eragiten zuten. Adibide bat jartzearren; baztanga europar kolonoek eraman zuten Hego Amerikara eta Inka inperioak zituen 8 milioi, milioi bakarrean gelditu zen, estimazio batzuen arabera. Oro har, historia bera eraldatzeko indarra izan dituzte pandemiek, inperioen agerpen eta desagerpenean eragin handia izan baitute. Biztanleria eta ekonomia goitik behera astindu dute. Eta erlijioek beldurra eta sineskeria hedatzeko beroriez baliatu izan dira. Medikuntza eta zientzia mugatua zen garaietan eta gaixotasunaren nondik norakoak ez ezagutzearen ondorioz, basakeriak egiten zituzten. Hala nola, gaixoa odolustu, giza sakrifizioak egin…
Esaten da gerra biologiko bezala ere erabili izan dela. Dokumentu batzuetan agertu denari kasu eginez, ejerzito batzuek Izurriak kutsatutako animalia edo gizakiak katapultetan botatzen zituzten setiatuta zeuden harresiz inguratutako hiri edo gotorlekuetara. Hala, ordura arte gaixorik gabe zeuden horietan gaitza sartzen zen eta errendizioa bultzatzen zuten. Edozein modutan, ahalmen kutsagarria hain zen handia, non gudarosterik ere ez zegoen gaixotasunaz libratzen zenik. Erasotzaile eta erasotuek nozitzen zituzten triskantzaren ondorioak.
Iraganeko plagak oso hilgarriak izan dira. Heriotza-tasa kopuru baxuena sortuagatik ere, populazioaren %40-50 hil egin zuten. Kasu batzuetan, %100, alegia, herri osoak desagerrarazi zituzten. Adibidez, espainiarrak XV. mendean, gaur egun Haiti eta Dominikar errepublika osatzen duten antzinako La Española uhartera heldu ziren. Baztangak eta aborigenentzat berriak ziren bestelako gaixotasunek, uharte horretako indigena guztiak akabatu zituen. Azkenean, bertako populazioa ordezkatu zuten europarrek eta europarrek eramandako esklaboek. Frantsesek Haiti bereganatu zuten eta Afrikatik eramandako esklaboez beste zuten. Gerora, esklaboek errebelatu eta frantsesak kanporatzea lortu zuten. Errepublika Dominikarrean, bitartean, espainiarren ondorengoak eta mestizoak egin ziren nagusi. Baina jatorriko indigena bakar bat ere gabe. Esan bezala, gaixotasunek jota, erabat desagertuak baitziren.
Baina zergatik eragiten zituzten hainbeste hildako hain hilkorrak ez ziren gaitzek? Arrazoia: ez zekiten nola edo zergatik transmititzen ziren. Halaber, ezin zioten aurre egin jadanik infekzioa izanda. Ez zituzten sendagairik, isolatzeko materialik, medikuntza tramakulurik eta abar. Edozein modutan, hildako kopuru totalak behatuz, hau da, milioi kopuruak kontuan hartuz, badirudi XX. mendeko pandemiak hilgarriagoak izan direla. Ez da guztiz horrela, izan ere, ezberdintasun handia dago. Erdi Aroan, munduko populazioa 400 milioi ingurukoa zen. 1920ko espainiar gripean, ordea, populazio hori ia 2.000 milioikoa zen. Hilkortasun ehuneko txiki batek, populazio oinarri handiagoa izanda, heriotzak milioika sortu ditzake.
Kontuan hartuz zeintzuk izan diren historian zehar izan ditugun pandemiak, gaur egun bizitzen ari garena askoz kontrolatuagoa dago. Konparazioz, gaurkoa ume jokoa da, “pandemiatxoa”. Hori bai, gure estandarretarako, ohituta garen segurtasunerako, 1.000 hildakok jada izutu egiten gaituzte. Izan ere, XXI. mendeko teknologiak, informazioa eta baliabideak ez dira Erdi Aroan zituzten bezalakoak. Konfinamendua egiteko inoiz baino prestatuago gaude: etxetik lan egin, ikasi, entretinitzeko eta komunikatzeko aukera dago. Gainera, hozkailu, ur korronte eta kontserba janariarekin, hala nola, bestelako elikagai iraunkorrekin, posible da hilabeteak etxetik atera gabe egotea, hala nahi izanez gero. Beraz, ez dezagun ahaztu zein zorionekoak garen, apreziatu dezagun hori dena!