Nerea Aranburu: “Gazteleraz jaso dugu umore pila bat urte pila batez, euskaraz gabezi bat egon da”

Nerea Aranburu: “Gazteleraz jaso dugu umore pila bat urte pila batez, euskaraz gabezi bat egon da” –

Nerea Aranburu Alonso (Gros, Donostia, 1994) ogibidez erizaina da, baina lanetik kanpo daukan afizioarengatik da ezagunagoa askorentzat: antzerkia eta umorea. Ez omen da “umoregile” kontsideratzen, baina badaki, eta oso ondo, algarak eragiten. Makina bat saltsatan aritu da eta dabil, eta umorearen ertz ezberdinen inguruan mintzo da.

Nerea Aranburu: "Gazteleraz jaso dugu umore pila bat urte pila batez, euskaraz gabezi bat egon da"
Arg: Beñat Parra, Irutxulo

Maiz entzun dugu umorea gai serioa dela, baina lantzen al dugu merezi duen seriotasunaz?

Ezetz esango nuke. Gaia lantzen dugunok serio hartzen dugu, baina orokorrean oso azalekoa den zerbaiten antzera hartzen da, gauzak benetan lantzeko tresna bat ez balitz bezala. Hala ere hobetzen ari da, sare sozialen bidez ikusi daiteke gai ezberdinak lantzen direla, eta balio duela mezu bat bidaltzeko… eta entretenitzeko, noski!

Noiz hasi zinen umorea lantzen publikoki?

Antzerkia txikitatik egin dut, gure ikastolan antzerki eskola baitzegoen. Hamar urte ingururekin hasiko nintzen, eta urtero egiten genuen antzezlan bat. Umoretik jo dugu beti, dibertigarriena delako bai egiteko eta bai ikusteko. Egia da ez ditudala beste genero batzuk landu, baina atseginena da niretzat. Hasieran talde batean sartu nintzen, gero bestean, beranduago ezagun batek proiektu batean sartzen zaitu… Ni ez naiz castingetara joan, dena izan da lagunartean eta modu informalean.

Umorea genero atseginena dela diozu, baina burura datorkit zinemagintzan, esaterako, genero zailenetako bat dela. “Errazagoa” izan daiteke norbait tentsioan jartzea thriller batean, edo suspentse bat sortzea, jendea barrezka jartzea baino…

Umorea oso aldakorra da, asko fluktuatzen du. Duela bi aste grazia egiten zuen zerbait gaur erabat erreta egon daiteke. Beste toki batean grazia egiten duen zerbait tokiko umore kodera moldatu behar duzu. Berdina gehiegitan eginez gero grazia egiteari uzten dio, baina gutxiegi egiten baduzu ez da iristen. Barrexerka taldeko gehienak Donostiakoak gara, eta bertan arrakasta duen zerbaitek Bizkaiko herriren batean ba ez du inongo graziarik egiten…

Luis Bonapartek egin zuen maparen antzeko zerbait egin dezakezue, euskalkiekin beharrean umore kodeekin.

Guztiz! Esperientzia batzuk izan ditugu. Duela gutxi bira txiki bat egin genuen Gipuzkoa eta Bizkaiako herri txiki askotatik, eta isiluneak ere irabazi ditugu (barreak).

Zer moduzkoa izan zen bira?

Itxialdiak harrapatu gintuenerako biraren zati handiena egina geneukan. Esperientzia oso ederra izan da, eta toki batzuetan besteetan baino harrera hobea izan dugu. Donostia da une honetan publiko gehien daukagun lekua, gehien ezagutzen gaituzten tokia da eta. Oso polita izan da toki ezberdinak ezagutzea, oso gustura egiten dugu, gure familia txikia sortu dugu eta nahiz eta tarteka isiluneak eragin ondo pasatzen dugu. Horrela ikasten da.

Herrialdetik herrialdera, hiritik landa eremura, adina… aipatzen zenuen gisan, aldagai asko daude.

Bai. Adinarekin, adibidez. Guk ez dugu mugarik jartzen, eta batzuetan umeak etortzen dira gurasoekin, eta agian egiten ari garena ez da ez batentzat ez bestearentzat. Oreka aurkitzen goaz, beti ezin da denekin asmatu.

Zer da zuretzako Barrexerka?

Umore arloan tokia daukagula pentsatzen dugun lagun koadrila bat. Eszena txikiak egiten ditugu, zuzenekoak, antzerkia, umore oso sinplea, egunerokotasunean oinarritua, estereotipoetatik aldentzen saiatzen gara baina beti erortzen da baten bat… Helburua da publikoak ondo pasatzea, guk ere, eta erraza den zerbait egitea, sakontasun gehiegi gabe.


Barrexerkaren youtube kanala


Atzean Zuloa proiektuan ere bazabiltza.

Bagera Elkarteak Hiru Damatxori eskatu zion, eta ahoz-ahokoarengatik eta aurretik spot txiki batzuk egin nituelako nigan pentsatu zuten. Lehen bideo sortak harrera ona izan zuen, gehiago egin genituen, eta azken denboraldian hiru sorta ezberdin egin ditugu. Argi dago “Pantomima Full”-en estilokoa dela, gurera ekarri dugu eta oso gustura nago. Egunerokotasuneko gauzak ateratzen dira, ez bazaizu zuri gertatzen inguruko bati pasatzen zaio, eta erraza da paperean sartzea.

Nik barre asko egin dut…

Guk grabatzen ere!


Atzean Zuloaren youtube kanala


Podcast formatoan ere aritu zara, “Igogailua” programarekin.

Hau ere Atzean Zuloa-ren antzera sortu zen. AEK-k podcast bat eskatu zion Hiru Damatxori, eta haiek nirekin jarri ziren kontaktuan. Nerea Arriolak ere hartzen du parte, eta sekulako esperientzia dauka bikoizten; ni hasiberriagoa sentitu nintzen, baina oso gustura aritu nintzen ere.

Bale. Orduan Quentin Tarantinok Uma Thurman dauka, eta Hiru Damatxok Nerea Aranburu.

Bai, bai, horrela da! (barreak) Erosotasun bat topatzen duzunean, pertsonek koadratzen dutenean, erraza da lan egitea eta badakizu ondo joango dela. Proiektu sinpleak dira eta konfiantza dago.

Nerea Aranburu: "Gazteleraz jaso dugu umore pila bat urte pila batez, euskaraz gabezi bat egon da"
Arg: Irati Salsamendi, Irutxulo

Itxialdian barre asko egiteko aukera izan duzu?

Konfinamendu hasieran boom bat izan zen, jaisten joan zena, eta eskerrak. Ni hasieran ere oso aktiba izan nintzen, twiterren barrez lehertzen, baina komeni zen gehiegi izan aurretik jaistea. Garrantzitsua iruditzen zait ardura gehiagorekin sentitzen zarenean, edo aspertuta, besterik gabe, umorea bertan izatea. Umore azkarra izan da gehienbat: argazki bat, gif bat, bideo txiki bat… Nik positiboki ikusten dut. Oraindik ere berrogeialdiko bideoak iristen zaizkit eta barre egiten dut nire burua duela bi hilabete irudikatzen.

Erizaina zara eta osasun mentalaren arloan lan egiten duzu, umeekin. Nola lantzen duzu umorea bertan?

Umoreak toki asko dauka bertan, nik asko erabiltzen dut, umeekiko moldatuta. Antzerkia eta musika dezente erabiltzen ditugu eta oso onuragarriak direla uste dugu. Musika oso garrantzitsua izan da nire bizitzan. Umorea erabilita eta alaitasunarekin gauza asko lortzen dira umeekin.

Zuri justu toki gordinena tokatu ez zaizun arren, ziur zure inguruko erizainekin hitz egin duzula pandemiak eragin duen guztiaz. Ze paper jokatzen du umoreak horrelako egoera gogorretan?

Gure lana askotan oso zaila, oso gogorra eta oso beltza izan daiteke, eta beharra dugu tarteka umorera jotzeko. Erizainen arteko umoreak eramangarriago egiten du guztia. Mugak garbi izan behar dira jakiteko non, noiz eta nola erabili, baina garbi daukat egunerokotasuna ez genukela berdin biziko umore puntu bat sartu gabe.

Bakarrizketaren ereduak arrakasta handia izan du beste hizkuntza batzuetan, baina euskaraz ez da aparteko mugimendurik egon.  

Zuk euskaraz egiteko hautua hartu dezakezu, baina parean daukazunari erabiltzen ari zaren terminologia arrotza zaio, erderaz grazia gehiago egiten dio. Gazteleraz jaso dugu umore pila bat urte pila batez, euskaraz gabezi bat egon da, eta orain euskarazko bakarrizketa sartzen digutenean apur bat arrotza egiten zaigu.

Euskarara itzulitako filmekin gertatzen zaiguna.

Hori da, ez zaigu hain “naturala” egiten. Ikusi ditut Mikel Irazusta, edo Nerea Arriola… eta ahal, ahal da. Formula topatu behar da: publikoa, non egin, nola… Frogak egin asmatu arte. Lehen esan bezala, asmatzen den hori eboluzionatzen joan beharko da, baina bai.

Nerea Arriola aipatu duzu. Zein dira egun zure erreferentzia nagusiak?

Aitziber Garmendia, klasiko bat, izugarri gustatzen zait. Nerea Arriolarekin bota ditudan barreak! Azkar hitz egiten du, eta hori asko gustatzen zait. Gazteleraz Berto Romero eta Buenafuentek kristoren grazia egiten didate. Monthy Phytonen umorea ere asko gustatzen zait. Absurdoa. Pagadik ere grazia handia egiten dit, eta oso absurdoa da ere, lurrera erortzen da eta grazia egiten dit… oso sinplea naiz.

Plaza publikoa, umorearena barne, historikoki gizonezkoek kontrolatu dute. Zure emakume begiradarekin zer ikusten duzu oholtzatik, sarean?

Justu aipatu dizkizudan lehen bi erreferentziak emakumeak dira. Kasualitatea! Pixkanaka ari gara orain arte ia esklusiboki gizonena izan den espazio bat hartzen, eta gainera betiko estereotipoetatik kanpo emakume mota asko ikusten ari gara umorearen munduan. Zalantza gabe bide luzea dago oraindik egiteko. Nire esperientziari begira, parte hartu dudan proiektuetan beti izan da parekidetasuna, beti izan da zaindu den zerbait. Atzera begira, ziur naiz beti daudela eskapatzen zaizkizun gauzak, gehiago findu behar direnak, baina beno, bai umorearen munduan eta bai besteetan horretan datza kontuak: begirada zorroztea, hobetzen joan eta berdintasunera gerturatzeko.

Mugak. Non ezartzen dituzu?

Mugak egon behar dira, baina guk ere zalantzak izan ohi ditugu ea “pasatzen” ari garen edo jendeak harrapatuko duen umore beltza dela. Nik uste dut inork ez dakiela, ez dakit oso ondo nola esplikatu…

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Beti daukagu aukera sarean jarraitzeko, baina egia da gure tokia eszenatokiak direla. Guri barreek elikatzen gaituzte. Bestalde, beti topatu ditugu eszenatoki erdi beteak, konfinamendu aurretik ere. Gure arlo sufritua da, eta moldatzeko gaitasun handia daukagu. Antzerkia beti izan da oso garrantzitsua nire bizitzan eta nahi nuke aurrerantzean ere ahal izaten jarraitzea.

Nerea Aranburu: “Gazteleraz jaso dugu umore pila bat urte pila batez, euskaraz gabezi bat egon da”
Nerea Aranburu: “Gazteleraz jaso dugu umore pila bat urte pila batez, euskaraz gabezi bat egon da”

Nerea Aranburu

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude