Ortorexia, zortzi puntako gaixotasuna
Azkenaldian asko entzun dut ortorexiaren inguruan; Europan zabaltzen ari den gaixotasunaren inguruan. Badirudi, jendea orain obsesionaturik bizi dela ongi jatearekin, eta hainbesteko obsesioa dagoela, non gaixotasun dei diezaiokegun.
Orain, badirudi, jaten duzunaren kalitateak kezkatzen bazaitu, eta gauza osasuntsuak soilik jaten badituzu, ortorexia pairatzen duzula. Badirudi, zure osasunagatik arduratuta bizi bazara, eta hori dela eta esnekiak, azukrea edo haragi gorria baztertzea erabakitzen baduzu, gaixo bat zarela. Badirudi, elikagai ekologikoak erostearren, zure etxe ondoko supermerkatura joan ordez, ondoko herriko belardendara joaten bazara, medikuarenera joan beharko zenukeela.
Teorian behintzat, gure osasuna oinarrizko zerbait da, eta orain, gure osasuna hobetzeko ondo jaten dugunean, badirudi ez zaiela gustatzen. Benetan al da obsesionaturik gaudelako, edo geroz eta gaixo gutxiago daudenez, sendagaien negozioa behera doala da arazoa?
Ortorexia ez da hobeto jateko kezka, baizik eta kezka PATOLOGIKOA.
Zuk aipatzen duzuna, hau da, barazki, lekale eta fruta gehiago jateko kezka, janari prozesatu gutxiago jateko kezka eta abar, ez dira ortorexia. Kezka hori muturreraino eramatea da, zure bizitza gehiegi baldintzatzeraino eta are agian gaixotzeraino (antsietate arazoak edo nutrizio arazoak).
Era berean, kirola egitea gauza ona da, eta kirol asko egitea eta bigorexia ere ez dira gauza bera.
Beste debate bat da zer den benetan elikadura on eta orekatua. Eta, azkenik, ez dakit zergatik esaten den gero eta gaixo gutxiago daudela. Nik uste dut gero eta gehiago daudela, eta hobeto janda ere, askoz gehiago izango dira, gure gizartea zahartzen ari delako besterik ez bada ere (estatistika hutsagatik).
Kezka patologikoa, bai, baina non dago muga? Nora arte da osasunaz arduratzea, eta nondik aurrera da patologia? Muga hori ez dakit osasuna galtzeko arriskuak ezartzen duen, hala norbaitzuen interesek jartzen duten. Horregatik idatzi dut, muga horiek kezkatzen nautelako, ni, eta neure osasuna.
Badakit ez dela gauza bera zure elikadura zaintzea, eta hori egiteko erotzea, baina kezkatuta nago, izan ere, badirudi orain (eta lehen ere) ez dela (zela) komeni pertsona osasuntsuak egotea, gaixoak baizik, negozioa horrek sortzen baitu.
[…] Ortorexia, zortzi puntako gaixotasuna – Maddi Etxeberria > ZUZEU […]