Hegazti (h)errariak pausatu ezin

Hegazti errariak pausatu ezin

Urte zaharra agurtu eta berriari ongi-etorria egiten diogun guztietan bezala, joandakoan jazotako gertakari nagusien laburpena egin ohi digute hedabideek. Horrelaxe egin du TIME aldizkari sonatuak ere, 2015eko 100 argazki esanguratsuenak aurkeztuta.

Hegazti errariak pausatu ezinFundeu fundazioak eta portaldaspalabras.gal atariak urteko hitza errefuxiatu hautatu zuten moduan, “Europan errefuxiatu eta migratzaileen krisia” jo du TIMEk 2015eko gertakaritzat, hautatu dituen 100 argazkietatik hogei inguru gaiari eskainita.

“Milaka izan dira Irak, Siria, Afganistan eta beste herrialde batzuetan beraien etxeetatik ihes egin behar izan dutenak, atzean pobrezia, gerra eta jazarpena utzi eta Europar kostaldean bizitza hobe bat aurkitzeko esperantzarekin”.

Sarritan, lazgarriak izan dira irudiak. Nork ez du gogoratzen Alan Kurdi-ren gorpuaren argazkia, Bodrumeko (Turkia) kostaldean itota agertu zen haurtxoarena (Nilufer Demir-ek egina); urteko ezagunenetakoa.

Grezian, Italian, Mazedonian, Hungarian, Kroazian edo Frantzian, antzekoak milaka egoeraren berri izan dugu; migratzaileen uholdea Europarako bidean ihesi, itsasoz zein errepidez, aipatu herrialdeetako poliziak zelatatuak zirela, errefuxiatu-eremuetan zain, preso, aurrera egiteko aukera noiz izango.

.

Mediterraneotik

2015eko errefuxiatuen krisia Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den larriena dugu. Siriako herritarren erdia migratzailea dugu egun -12 milioi inguru!-, Amnesty International erakundearen arabera, siriar gehien jaso dituzten bost herrialdeak Turkia, Libano, Jordania, Irak eta Egipto dira; lau milioi siriar daude bertan. Bitartean, Golkoko herrialde aberatsek (Qatar, Arabiar Emir Herriak, Kuwait, Saudi Arabia eta Bahreinek) ez dute laguntzarik eskaini eta ez dute siriar bakar bat ere jaso.

El País egunkariaren arabera, 500.000 lagun sartu dira aurten, “legez kanpo”, Mediterraneoan zehar Europara -erdiak Siriatik ihesi-; Turkian itsasoratuta Italia eta Grezia dituzte sarbide nagusiak (Opielok Offshore Carriers eta Yuri Kozyrev-en argazkiak).

.

Poliziak zelatatuak

Behin Europa zapalduta, errefuxiatuek laster egin dute topo poliziarekin; herrialde bakoitzak berea duen arren, guztiek ere antzeko jarrera erakutsi dute.

Lehen argazkian (Rob Stothard-ek egina), Britainia Handirako bidean ziren migratzaileei Calais-eko Eurotunelean sartzea eragozten diete jendarmeek. Bigarrenean (Sergey Ponomarev-ek egina), Serbia eta Hungaria arteko mugan izandako istiluak agertzen zaizkigu, hungariarrek mugak itxi baitzizkieten Alemaniara jo nahi zuten migratzaileei. Hirugarrenean (Georgi Licovski-k egina), umeak ageri zaizkigu negar eta negar, Grezia eta Mazedoniaren arteko muga ezin igarota.

Europar Batasuneko kideen artean, 35.000 lagun hartuko dituela esan duen Alemania eta Suedia dira siriar errefuxiatuak hartzeko eskari gehien jaso dituzten herrialdeak; bien artean heldutakoen %47a.

Gainontzeko 26 herrialdeek apenas agertu dute errefuxiatuak hartzeko borondaterik, are gutxiago Errusia, Japonia eta Hego Koreak ere, herrialde aberatsak izan arren.

.

Errefuxiatu Eremuak

Hungarian, mugak itxi eta errefuxiatu eremuetan metatu zituzten migratzaileak, Yuri Kozyrev-ek eta Bernadett Szabo-k egindako argazkietan ikus dezakegunez; Serbiako mugatik gertu dagoen Roszkekoak dira biak ala biak.

2015 hasieratik eta behin itsasoa gurutzatuta, Europan barna bidaia trenez edo, besterik ez bada, oinez jarraitzea besterik ez dute migratzaileek (Dan Kitwood-en argazkia). Askok eta askok Balkanetako bidea erabiltzen dute. Turkiatik Greziara heldu eta gero Mazedonia eta Serbian zehar Hungariara, Europar Batasuneko herrialdeak helburu.

.

.

Asian eta Amerikan

Txakurrak ortozik han ere.

Asiar Hego-ekialdean, rohingya migratzaileak Tailandian itsasoratzen dira herrialderen batek hartuko dituen esperantzarekin. Behin itsasoratuta, errefuxiatuz beteriko ontzi asko noraezean ibiltzen dira, helmuga jakinik gabe.

Rohingya herria Myanmar-eko Rakain iparraldean bizi da. Musulmanak dira, eta birmaniar budistek jazarriak.
Ezkerreko argazkian (Tomas Munita-k egina) Oma Salemak Ayub Khan anaia darama besoetan, Sittwen dagoen errefuxiatuentzako eremuan. Eskumakoan (Christophe Archambault-ek egina), Tailandiarrek elikagaiak daramatzate migratzailez lepo den itsasontzira.

________________________________________

Mexiko eta AEBtako mugakoak dira lerro hauen gainean diren argazki biak. Hegoaldetik iparralderantz jotzen dute migratzaileek Ameriketan, bizimodu hobea lortu guran, antza. 

Ezkerreko argazkian (Kirsten Luce-k egina), Mugako polizia bat ikusten da urruti-urrutitik, inguruan migratzailerik ote dagoen ikuskatzen. Kontrolguneetatik ihesi, migratzaileak San Antoniora doan errepidetik urrundu, eta Rivierako harea dunen atzean ezkutatzen dira (Texas-en).

Migratzaileek sekulako ibilbide luzeak egin behar izaten dituzte oinez, eta basamortua ez da bidean izaten duten arrisku bakarra. Eskumako argazkian (Eric Gay-k egina), gizon baten gorpua ikusten da, mugatik gertu, Rio Granden.

.

.

Maleta haurduna

Argazki bat gorde dugu bukaerarako. Espainiako Guardia Zibilak egina da, Afrika iparraldean, Ceutan. Marokotik Europarako bidean den maleta barruan, 8 urteko ume bat harrapatu du Barne Ministerioko eskanerrak.

Hegazti errariak pausatu ezin.

Errefuxiatuak ZUZEUn

Hassana Aalia eta Joseba Sarrionandiari buruz argitaratu diren sarrerak aparte utzita, aurten gurean ere izan dira protagonista migratzaileak, ZUZEUko gai nagusia izan ez badira ere.
.
Hona uda partean plazaratutako sarrera batzuk:
.
  • Laszlo (2015eko irailaren 12an, Jon Intxaurragak)

.

* Azaleko argazkian aita semeak Tovarnik-eko tren geltokira bidean dira (Kroazian dago, Serbiar mugatik gertu). Argazkia James Nachtwey-k egina da.
2015, argazkiak, errefuxiatuak, migratzaileak, siria, Time

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude