Olentzero 1, Papa Noel 0
Olentzero 1, Papa Noel 0 –
Txinatar dendak termometro funtzioa egiten du, jendearen nahiak zeintzuk diren neurtzeko. Eta ondorioztatu daiteke, Gabonetan, euskaldunon Olentzero Coca-colak sortutako Papa Noel gailentzen dabilela. Izan ere, saltzen dituzten panpin eta apaingarrien artean Olentzero sendo dabil.
Kultura anglo eta amerikarraren globalizazioak, hala nola interneten azkartasun eta berehalakotasunak kolokan jartzen ditu tokian tokiko tradizioak, ohiturak eta hizkuntzak. Hala, Halloween eta Black Friday sendo zabaltzen eta normalizatzen badira ere, Gabonetan gure Olentzero Papa Noel-ek baino presentzia handiagoa hartzen ari da. Beno, tokiaren arabera. Izan ere Euskal Herriko toki batzuetan jende askok ospatzen du hori eta ez du ezta Olentzero ezagutzen ere (atzerritarrak behink behin). Baina oro har, hezkuntza sistemari esker, Ikastolei esker umeen artean Olentzerok presentzia handiagoa du auzoetan, eskoletan, dendetan, kaleetan eta etxeetan.
Oraindik ez dugu ikusi Coca-Cola iragarkirik Olentzero protagonista delarik. Olentzero agertzea Euskal enpresa edo erakundeen kontua da oraindik.
Egia esan, pixka bat urrunagokoa dirudi Papa Noel edo Santa Klaus traje gorridunekin, bere trineo eta elfoekin zerua zeharkatzen. Olentzero hurbilekoagoa da, “errealistagoa” eta herrikoiagoa. Mendian bizi den ikazkina da eta jatorriz Nafarroakoa da. Errege Magoek ere tradizio handia dute, baina lotura estuagoa du erlijioarekin. Eta, agian, erlijioaren pisua gizartean gutxitzen joan denez pixka bat indarra galdu du. Errege Magoek Espainian dute tradizioa batez ere eta beraz beste “lehiakide” kulturala da Olentzeroren aurrean. Hori bai, aintzat hartu behar dugu Galizian Alpalpador eta Katalunian Caganer edo Tió de Nadal arduratzen direla opariak eramateaz.
Gure gizarte kontsumista eta materialistak aitzakiaren bat behar du opariak egiteko. Umeek etengabe nahi izango dituzte jostailu eta joko berriak. Nagusiagoak egiten garen neurrian, ilusio hori galtzen dugu, baina oraindik hainbeste dirurik ez dugunez, ondo etortzen zaigu preziatzen dugun hori lortzeko Gabonak heltzera itxarotea. Argi dago, hortaz, jai giroan opariak jaso eta eman, hala nola, familiarekin bildu, ospatu eta jatea ideia erakargarriak direla. Kontua da, tradizioak eta ohiturak lurralde batekin lotzen direla eta gure kasuan Olentzero bat edukitzea nortasuna ematen digula. Euskal idiosinkrasia eta kultura babestuago sentitzen da Olentzeroren magalean.
Olentzero 1, Papa Noel 0