2024-01-27: Orkoiengo Udaleko euskararen ordenantza baliogabetzeko saioaren aurkako ekimena

2024-01-27: Orkoiengo Udaleko euskararen ordenantza baliogabetzeko saioaren aurkako ekimena –

2024-01-27

ORKOIENGO EUSKARAREN ORDENANTZA BALIOGABETZEKO SAIOAREN AURKAKO EKIMENA

Orkoien Iruñea ondoko udalerria da. 1991. urtean Oltzako Zendeatik bereizi zen udala. 4.145 biztanle zituen 2020. urtean.

2023ko hauteskundeetan gobernu aldaketa gertatu zen eta PSNko Alex Lopezek lortu zuen alkatetza, UPNren laguntzari esker. EH Bildu izan zen boto gehien lortu zuen alderdia, baina gutxigatik gainditu zuen PSN. Alderdi biek lortu zituzten 4 zinegotzi, UPNk 2 eskuratu zituen eta Juntos por Orkoien hautagaitzak bat.

Orkoiengo Udalak Euskararen Ordenantza aldatzeko prozesua hasi du. Funtsean, Udalak elebitasunaren beharra ezabatu du. Horrexegatik, ia artikulu guztietan jarri du gaztelania eta euskara erabiliko dituela, baina euskara ahal bada.

Ordenantzaren ondoren, plantilla organikoaren txanda etorriko da. 50 lanpostuetatik euskaraz jakitea eskatzen da 35 lanpostutan (%70), nahiz eta 8 lanpostutan eskatzen den euskara maila ahula izan (B1). Lan asko daukate PSN eta UPN bikoak profil elebiduneko lanpostuak murrizten. Kontuan hartu behar dugu haien eredua profil elebidun lanpostuak %0 izatea dela.

Orain Euskararen Ordenantzaren txanda da, ordea. Herrian oposizio handia sortu da Euskararen Ordenantzaren aldaketaren aurrean (ia Euskararen Ordenantza baliogabetzen dela erran daiteke).

Hurrengo larunbatean, urtarrilak 27, Orkoiengo pilotalekutik manifestazioa hasiko dute, Euskararen Ordenantzaren aldaketari ezetza emateko. Udaletxe Plazan amaituko da eta hor ekitaldi bat eginen dute. Batez ere Orkoiengo euskaltzaleentzat antolatuta dago, baina PSN eta UPN alderdien euskarafobia geldiarazteko gainontzeko euskaltzaleen laguntza ongi etorria legoke.

2024-01-27: Orkoiengo Udaleko euskararen ordenantza baliogabetzeko saioaren aurkako ekimena

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude