Memoria?
– Mikel! Mikel! Berandu iritsiko zara ikastolara! Mikel! Berandu iritsiko zara eta! Egunero kontu berdina?
Soinu batek esnatu nau, nire izena entzun dudala iruditu zait. Hala da, neska baten ahotsa dirudi, baina, ez zait ezaguna egiten. Non nago? Oso arraro sentitzen naiz, komunera noa. Itxaron, non dago komuna? Urduri jartzen hasia naiz. Neska bat dago pasillo bukaeran…, zein ederra den, atsegina dirudi.
– Mikel, eskerrak! Zatoz, ama komunera eramaten lagundu behar didazu. – esan dit neska honek.
– Eeee? Ama? – galdetu diot.
– Bai, ama – erantzun dit.
Ai ene, nire arreba ote da?
– Aizu, zer gertatzen zaizu? Arraro xamar ikusten zaitut – bota du.
– Ezer ere ez, oraindik erdi lo nago – aipatu diot.
– Bueno, goazen, ama zain dago – adierazi du – Gainera, Uxue badago behean jada, zure zain – jakinarazi dit erlojuari begira zegoela.
– Badakit, orain jaitsiko naiz – erantzun diot harriduraz.
Uxue? Eta hori, nor da? Oso urduri nago, ez dut ezer ulertzen, ez dakit zer egin. Neska honen atzetik noa, azkenean logela batera heldu gara. Atea zabaldu orduko, emakume bat ikusi dut, ohean etzanda dago eta oso aurpegi txarra dauka. Nor ote da? Zer gertatzen zaio? Emakume hori komunera eraman eta gero, nire logelara itzuli naiz, ikusitako lehena jantzi dut, sukaldean zegoen sagar bat hartu eta ziztu bizian aterantz abiatu naiz, Uxue horren bila. Baina, atea zabaltzera nindoanean:
– Nora zoaz!? – oihukatu dit lehengo neskak.
– Ikastolara, nora joango naiz bestela? – galdetu diot.
– Ikastolara zoazela badakit, esaten ari naizena da ea nora zoazen maskararik gabe – esan dit hasperenka.
– Maskara? Ze maskara? – erantzun diot kezkatuta.
– Benetan ari zara? Bi urte daramazu kalera maskararekin joaten eta ea ze maskaraz ari naizen galdetzen didazu? – pixkat haserretu da nire ahizpa berria – Utzi bromak beste pertsona batentzat, niri ez etorri horrelakoekin. Orain, jantzi maskara eta joan zaitez. Egun ona izan – muxu bat eman eta buelta eman du.
Esandakoa egin dut, maskara jantzi eta kalera atera naiz. Oso giro arraroa dago, gas gris bat dago inguru osoan, ez da bat ere atsegina. Bat-batean neska batek besarkatu egin nau, Uxue izango da, oso alaia dirudi.
– Azkenean! Hamar minutu daramat itxaroten, noizbait garaiz iritsiko zara? – oihukatu dit Uxuek – bueno, garrantzitsuena hemen zaudela da.
Ibiltzen hasi gara, antza, ikastolara goaz.
– Zelan zure ama? – esan dit jakin minez.
– Ama? Ondo, bai, aurrera egiten du – aipatu diot tristura agertuz.
– Pozten naiz – erantzun dit.
– Uxue, ba al dakizu nora joan den nire aita? Gaur goizean ez zegoen etxean – jakin nahi izan dut.
– Zure aita? Mikel, ondo zaude? – galdetu dit – Badakizu, zure aita orain dela bi urte hil zen, gasa heldu zenean – jarraitu du.
– Bai, egia da, denbora asko pasatu da, baina, oraindik ez nago ohituta eta batzuetan gurekin jarraitzen duela imajinatzen dut, berdin da, ergel hutsa naiz – esan diot zebrabidea gurutzatzen genuen bitartean.
– Ez esan hori, badakizu ez dela egia! Txikitatik ezagutzen dugu elkar, eta zuri buruz gauza asko esan ditzaket, baina, ergela zarela ezin dut esan, ez naizelako gezurtia – adierazi dit aurpegira begiratuz.
Barregura atera zait, oso neska atsegina da, jatorra, umoretsua. Bere ilea gustatzen zait, horia da eta oso luzea.
Gaurko eguna ikastolan oso arraroa izan da. Ez nekien zer egin, zer pentsatu…
Ustekabean alarma batek jo du eta ikasle guztiak etxera bidali gaituzte, atarian nago eta ez daukat gora igotzeko gogorik, ez dut sorpresa gehiagorik nahi, baina, igo behar naiz. Igotzen hasten naiz. Banago etxean dagoeneko, oso isila dago etxea, arraroa da.
– Mikel? Zu zara? – urduri dagoela antzeman dut.
– Bai, ni naiz, zerbait gertatzen da? Ikastolan alarmak jo du eta etxera bidali gaituzte – azaldu diot.
– Arazo bat dago, gasa dakarren beste hodei bat dator eta meategira joan behar gara denok lehenbailehen – esan eta sukalderantz abiatu da.
– Ondo da, oinez joango gara? – bere atzetik jarraitu dut hozkailuan jateko zerbait bilatzen dudan bitartean.
– Bai, noski! – azpimarratu du.
– Baina, ama? Ezin da oinez joan, ibilgailu bat behar dugu ama meategira eramateko- adierazi diot kezkaz beteta.
– Sentitzen dut, ez dago denborarik, ama ezin dugu lagundu, ez dugu lortuko, denborak aurrera egiten du eta guk ezin dugu ezer ere egin – esan dit besoak irekita.
– Nola esan dezakezu hori? Zure ama da! Berarekin hazi gara, berak zaindu gaitu, eta hemen utzi nahi duzu? Pertsona gaiztoa zara, zuregan bakarrik pentsatzen duzu. Gainontzekoak ez zaizkizu axola, benetan, ezin dut sinetsi – adierazi diot huts egin didala sentituz.
– Arrazoia duzu, baina ez dago denborarik, bazatoz edo hemen gelditzen zara, baina ni banoa, oso pertsona txarra izango naiz eta bizitza guztian zehar momentu hau gogoratuko dut, baina, gutxienez, gogoratzeko aukera izango dut bizirik egongo naizelako – erantzun dit suminduta.
– Ni hemen geratuko naiz, dudarik gabe, amari lagunduko diot, eta lortuko dugu! – esan diot segurtasun osoz.
– Zorte on, dena ondo badoa, laster ikusiko dugu elkar – esan eta bakoitzak bere bidea hartu du.
Oraintxe bertan ez dakit zer egin, badakit erabaki egokia hartu dudala baina oso galduta sentitzen naiz, arazoa konpontzeko oso denbora gutxi daukat, eta zerbait pentsatu behar dut. Leihora atera naiz gasaren egoera ikusteko eta bat-batean supermerkatuko orga bat ikusi dut kale erdian botata eta ideia bat bururatu zait!
Ziztu bizian maskara jarri eta kalera irten naiz, karroa hartu eta igogailuan sartzen zela egiaztatu dut. Ondoren, etxera igo eta emakumea bertan etzan dut. Beharrezko hainbat gauza hartu, linterna bat, jateko zerbait, mantak, zenbait arropa… eta kalera atera gara. Denbora oso gutxi geratzen zait eta kalean ez dago inor, bakarrik ni eta karroan doan emakumea.
Hamar minutu ibiltzen daramagula, bozina bat entzun dut. Atzera begiratu eta furgoneta bat dela antzeman dut. Gelditu egin da.
– Mikel! Mikel! Goazen, igo zaitezte azkar! – oihukatu dit nahiko nagusia zirudien mutil batek, ile gorria eta kizkurra dauka, nahiko arropa zatarra darama eta oinetan, zuloz beteriko zapata gorri batzuk ditu.
– Bai! Igo zaitezte, baina azkar, ez daukagu denbora askorik! – oraingoan beste mutil batek hitz egin dit, honek ilea marroia eta nahiko motza dauka. Janzkera egokiagoa du eta gazteagoa da, nire adinekoa dirudi.
Emakumea furgonetara igotzen lagundu didate bi mutil hauek. Ez dakit nortzuk diren, baina, nire izena baldin badakite ezagunak izango dira eta, orain, edozer gauza egingo dut meategira garaiz iristeko.
– Eskerrik asko, benetan – esan diet.
– Herrian norbait geratzen den ikusten gabiltza eta aurkitu zaituztegu, eskerrak agertu garen, ibiltzen ez zineten inora garaiz helduko – hasi da mutil gaztea azaltzen.
– Badakit, baina saiatu behar ginen. Orain, garrantzitsuena seguru gaudela eta ez zaigula ezer gertatu da – aipatu diet.
– Beno, hori ikusteke dago, meategira heldu eta atea itxita badago, kanpoan geratu beharko gara eta tamalez, furgoneta barrura gasa sartu egiten da… – adierazi didate kezkatuta.
– Benetan? Baina ezin dute atea zabaldu gu iristen garenean? – erantzun diot harriduraz.
– Ez, hori da arazoa, behin atea ixten dela, ordu batzuk egongo da itxita eta tarte horretan inork ezingo du zabaldu – argitu didate.
Hara! Heldu gara, baina…. Atea itxita dago, KAKA ZAHARRA!!!
– Eta orain!? Zer egingo du? Gasa badator! Begiratu atzera! – oihukatu digu ile gorridunak.
– Zerbait egin behar dugu eta ez daukagu denborarik, segundo batzuk barru gasa hemen egongo da eta gu guztiok… – jarraitu du bere lagunak.
Ateari kolpeak ematen hasi naiz, ez da zabaltzen, gasa badator, hil egingo gara, laguntza behar dugu! Momentuan oihu bortitz bat atera zait:
– UUUAAAAAAAAAAAAA!!!!!!!!
Lasaiago geratu naiz, baina, denak daude niri begira eta gasa gure gainean egon behar zela konturatu naiz, ingurua begiratu eta zeharo harritu naiz. Nire oihuarekin eta eskuarekin egin dudan keinuarekin kupula urdin zoragarri bat sortu dut gure inguruan, gasa saihestuz. Inoiz egin dudan gauzarik harrigarriena da.
– Salbatu egin gaituzu! Nola egin duzu? – galdetu didate biek batera.
– Egia esan ... – hasi naiz kontatzen.
KONK!! Emakumeak liburua itxi du.
– Ama! Ama! Non utzi dituzu nire kaskoak? – galdetu dio semeak amari bere logelara sartzen zegoela – BAINA, ZERTAN ARI ZARA!? Hori nire egunerokoa da, ezta!? Irakurtzen ari zinen!? Nola ausartu zara? Ez dizut baimenik eman – bertan daude mutil honen sekretu guztiak.
– Mikel! Laztana, orain dena ulertzen dut, horregatik… – esan dio amak aurpegia malkoz beteta.
Eta besarkada handi bat eman diote elkarri, kupula berde zoragarri batek inguratzen dituen bitartean.
JARRAITUKO DU…