Pantailak euskaraz behar ditugu

Pantailak euskaraz behar ditugu –

Bagera Elkarteko Alex Aginagalde Lopezek Irutxuloko Hitzan. 

Pantailak euskaraz behar dituguPantailaz inguraturik bizi gara. Azken ikerketen arabera, Hego Euskal Herrian, egunean 11 ordu ematen ditugu pantaila ezberdinen aurrean: mugikorra, telebista, tableta, ordenagailua… ordu horietatik lau telebistari begira, bi streaming plataformak kontsumitzen, bi sare sozialetan, eta hiru Interneten. 12-17 urte arteko nerabeek, ikasketetako orduak kanpo utzita, egunean lau ordu igarotzen dituzte pantailen aurrean. Baina zein hizkuntzetan daude hauek?

.

Telebista

Telebista digitalak dituen 30 katetatik, Donostialdean hiru ditugu euskaraz: ETB1, ETB3, eta Hamaika Telebista. Eta zenbat ikus-entzule dituzte? 2020. urtean, ETB1en pantaila kuota %1,6koa izan zen. ETB3rena %0,3koa (bere pareko Clan eta Boing-ek baino askoz gutxiago). Ulertzekoak dira datu horiek, azken zazpi urtean euskarara bikoiztutako film edo telesail bakar bat emititu ez denean ETB1en, eta ETB3n duela 15 urteko Doraemonen atalekin jarraitzen dutenean. Ba al da munduan beste herrialderik, berezko hizkuntza bat duena, ofiziala lurraldearen zati batean, telebista publiko propioa duena, eta bere hizkuntzara edukirik itzultzen ez duena? Ez.

.

Zinema

Euskal Herriko zinemetan estreinatzen diren pelikula guztien %1a eskaintzen da euskaraz. Guztiak haurrentzako filmak, edota bertako ekoizpenak.

 

Streaming Plataformak

Netflix eta Disney+ dira munduan nagusitzen ari diren streaming plataformak, baita gurean ere. Batak nazioarteko filme, telesail eta dokumental arrakastatsuenak ditu katalogoan; besteak Pixar, Marvel, Disney, eta Starwars-en haur eta gaztetxoentzako edukiak. Netflix-en 5.500 filme eta serie atalen artean, euskaraz bost film ikus daitezke, guztiak euskal ekoizpenak. Disney+en dauden 1.500 edukietatik, zero.

Bideo joko eta sortzaile plataformak
Gazteen artean arrakasta handia duten bideojokoetan eta interneteko sortzaile plataformetan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da.

Ikerketa soziolinguistikoek frogatzen dute aisialdia bizi dugun moduak erabateko eragina duela hizkuntza ohituretan. Eta aisialdiaren zatirik handiena pantailek xurgaturik pasatzen dugu. Gure hizkuntzaren etorkizunarentzat estrategikoa da egoera iraultzea; baina horretarako legeak, egiturak eta, batez ere, borondate politikoa behar dira.

Euskara pantailetan ez badago, jai dugu.

Pantailak euskaraz behar ditugu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

6 pentsamendu “Pantailak euskaraz behar ditugu”-ri buruz

  • Umeak edo nerabeak etxean dauzkagunok, ez daukagu inolako zalantzarik. Euskararen etorkizuna eta pantailetan presentzia, tamalez, eskutik doaz.

  • Guztiz ados. Lehen ete idatzi izan ditugu gai honi buruzko artikuluak. Jarrai dezagun hizkuntzaren aldeko borrokan, egun gai honetara bideratzen den diru kopurua eta interesa ikusirik, jai daukagu.

  • Vox-ekoa edo euskararen etsai amorratua izango banintz oso pozik egongo nintzateke egiten den politikarekin baina pena ez naizen,,,

  • Pozten naiz, azkenean euskaldun batzuk behintzat, konturatu dira, gaur egun, etxe barruko hizkuntza euskara izateko, pantailak ERE euskaraz izan behar direla!

  • https://www.berria.eus/paperekoa/1923/034/001/2021-07-22/tradizioen-oso-zaleak-gara-baina-berrituta-ere-eman-daitezke.htm

    Berria:
    Pantailak Euskaraz mugimenduak eskatu du ETBn euskarazko kateei lehentasuna ematea.

    Unai Iparragirre (ETBko zuzendaria):
    Zarata hori askotan entzun dut, lehendik ere bai. Zuzendari nagusia kezkatua zegoen horrekin eta aztertzea eskatu zuen. Ondorioa izan zen aurrekontuaren erdia ETB1erako dela, eta beste erdia, ETB2rako.

    Berria:
    Bikoiztutako helduentzako film eta telesail guztiak gaztelaniaz ematen ditu ETBk.

    U.I.:
    ETB1en ere ematen ditugu telesailak. Eta ETB1en, bikoiztu beharrean, gehienetan produzitu egiten dugu. Euskal fikzioan lanean ari den jendeari lana ematen diogu.

    Berria:
    Ohitura kontuak egon daitezke hor: ez badira euskarara bikoiztutako lanak eskaintzen, fikzioa ikusteko ohiturarik ez dago. Zer diozu bikoiztaileen egoeraz?

    U.I.:
    Ez da erantzun nahi ez dudalako, baina ez dut informazio nahikoa gaiaz iritzia emateko.

    Jai daukagu jendaila honekin. Badakite euskarak diskriminazio positiborik gabe ez duela aurrera egiterik, baina berdintasun faltsuarekin tematuta bizi dira.

  • Berria-ko elkarrizketa hori izugarria da. Izugarria da zer bihurtu duten ETB.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude