Maileguak everywhere
Maileguak everywhere –
Maileguak ditugu, maileguak everywhere. Runnerrak gara orain, burguer bat afaltzen dugu, ta shopping egitera goaz. Kalean, bike rental zerbitzuak, coffe&tea shop ugari daude, baita mota asoktako pub-ak. Jada hizkuntzak badituen hitzen maileguak erabiltzen ditugu egunero, geroz eta gehiago, existitzen ez den huts bat betetzen dutelarik. Baina snorkel edo cupcake hitzak erabiltzen ditugun bakoitzean, ez dakit kontziente ote garen zein puntura arte dugun arazo bat.
Izan ere, kaleko lokalen errotuloak irakurri besterik ez dugu egin behar, Bilbon, Bartzelonan, Londresen edota munduko beste edozein lekuren batean ez ote gauden galdetzeko. Dena dago erderaz, denak du estetika berdina, denak usain berdina. Zer nolako estatusa ematen digu ingelesez aritzeak? Izena erderaz edukitzea ez ezik, barruan sartzean ere sorpresa eramango dugu inuzenteenok, eskainitakoa ingelesez adierazita dagoela ohartzean, eta zerbitzariari euskaraz edo katalanez hitz egiterakoan, kopeta iluna jartzen digula ikusterakoan.
Ez hori bakarrik. Argi dago gure hiriak turisten nahimenak asetuko dituzten parke tematikoak bilakatzen ari direla. Bisitarien diruak agintzen du hemen. Betidanik auzoetan egon diren dendak ixten ari dira, multinazional homogeneo erraldoien itzalpean. Hain zuzen turistek beraien sorterrian duten berbera bilatzen dutelako gertatzen da alde batetik. Nire galdera da, hiri kosmopolita guztiek gauza berberak eskaintzen badituzte, zerk bereizten gaitu? Non dago gure identitatea? Globalizatua, uniformatua.
Betiko lokalen itxierak badu beste kausalitate garrantzitsu bat, alkilerren igoera. Gentrifikazioa gertatzen ari da, egun guztion ahotan dagoen hitza, erosteko ahalmen handiagoa duten pertsonen etorrerarekin betiko auzokideen kanporaketa gertatzen da. Ez bakarrik etxebizitzetan, baizik eta lokaletan ere ematen da fenomenoa. Horregatik denda txikiak ixteko beharrean ikusten dira askotan. Agentzien presioak, oinordekorik ez egoteak eta kontsumo oihituren aldaketek, azken finean, auzoen esentzia erahiltzen dute.
Gure esku dago gure identitatea bermatzea eta sustatzea. Euskara eta hizkuntza gutxituak altxor bat dira, ez ditzagun ordezkatu. Errespetatu eta zaindu dezagun gurea. Erabili dezagun. Euskal Herrian euskaraz, non bestela?