Lorca hil dutela
Lorca hil dutela –
1936ko abuztuaren 18an fusilatu zuten faxistek Federico García Lorca, errepublikaren aurkako altxamendu militarra hasi eta hilabete bat beranduago. Espainiako autore garrantzitsuenetakoa izan zen Lorca, gaur ia 86 urte eraila. Dena den, badut susmoa berriro erail dutela, 86 urte beranduago, kasu honetan, berriz, bere izena oroituko eta oroitaraziko zutela zin egin zuten eskuekin.
Egunotan argitaratu da hurrengo ikasturtetik aurrera batxilergoko ikasleek egin beharko duten USE proba. Azterketa eredu berri honek egun egiten diren azterketa kopurua gutxitzea eta erraztea du helburu. Horretarako, Espainiako Hezkuntza Ministerioak hizkuntzei dagozkien azterketak ezabatzea erabaki du, “heldutasun akademikoa” neurtuko duen proba bat sortuz hauek ordezkatzeko. Euren esanetara, azterketa honek bere gain hartuko ditu hizkuntzak, izan ere galderak hizkuntza ezberdinetan egongo baitira. Baina, nik dakidala behintzat, hizkuntzak hori baino gehiago dira.
Aspektu gramatikala alde batera utzita, literaturan ardaztu nahi nuke. Azken finean, hizkuntzak ez dira hizkuntzak bakarrik, hizkuntzak eta literatura dira, hizkuntzak eta herri baten kultura. Literatura konprenitu gabe ezinezkoa da kultura bat ulertzea, erreferentzia ororen oinarria bertan baitago. Hala ere, badirudi eredu berri honetan ez dela aurreikusten literaturaren beharra “heldutasun akademiko” deituriko horretara heltzeko. Ez behintzat azterketa formatuan.
Antza denez, ikasgeletan batxilergoko ikasleek literatura ikasten jarraitu beharko dute, gaur egun arte egin izan den gisara, baina gero ez zaie USE proban sartuko. Bide batez, egia da hau dela hainbestetan amestutako egoera hura, non aukera dagoen plazeragatik ikasteko, ez azterketa batean sartzen delako. Aldiz, plazer hori ez da guztiengana berdin heltzen eta, plazera sentitzen ez duten horientzat, azterketak dira ikasarazteko era bakarra.
Gaur egun ene inguruan hamaika dira nik Lorca aipatzean “zein da hori?” galdetzen didatenak. Gehiengoak “ezaguna egiten zait, aurten eman dugu?” batekin salbatzen dute egoera, niri bihotzekoak eman aurretik. Ezjakintasun hori azaleratzen didaten horiek guztiek eskolan ikasia dute nor izan zen Federico García Lorca, ustez guztiek dituzte gaindituak literaturako azterketak, eta guztiek dakite, ala jakin beharko lukete, nola hil zuten Lorca.
Hori horrela, ezinbestekoa zait nire kezkak adieraztea. Nire ingurukoek ikasi dute nor izan zen Lorca, egin dituzte azterketak, eta askok eta askok oraindik ez dakite nor izan zen. Hori dela eta, nire zalantza da hurrengo ikasturtetik aurrera zenbatek ezagutuko duten, derrigortuta ikasi behar izaten dutenek ere ikasi beharko ez dutenean. Beldur naiz Lorca berriro hilko duten, hezkuntza sistema bat salbatu nahian. Eta inork ez dakienean nor izan zen gizon hura, nehork ez du esango Lorca (berriro) hil dutela.
Lorca hil dutela
Lorca idazle handia izan zen, bai. Eta? Nire amatxiren anaia agorrilean ere fusilatu zuten bide bazter batean. Oraindik ez dakigu non dagoen, eta beste milaka euskal herritar gehiago. Baina kontua orain beste bat da, nonbait hor. Euskal gazte batek bere kezka agertzen du haren kide batzuek ez omen dutelako berak nahi lukeen neurrian Lorca eta horrek egindako lana. Hizkuntzak. Zer beharko luke izan euskal curriculumak? Zer toki beharko lukete horretan, bidenabar Ametsen testuan honek, horrek, honetan, horretan eta erakusle guztiak espainieraz erabili dira, Lorcak, Rimbaudek, Kirmen Uribek, Axularrek, Saizarbitoriak, Atxagak, Lizarraldek, Eider Rodriguezek, Lauaxetak, Itxaro Bordak eta…, azken batean espainiartutako beste gazte bat gehiago.