Konplize ditut eta…
Konplize ditut eta…
Egunak gauari ireki dio bidea. Behe lainoak bere mantoi zuriz estali du ingurua. Ilun artean itzal bat ageri da. Gainean daraman arropak justu antzean uzten du agerian bere aurpegia. Ibileran emakumea dela antzeman daiteke. Gorpuzkera sendoa du. Pareko elizako ordulariak hamarrak jo berri ditu, eta bere tin-ton ozenarekin batera sartu da atetik Amelia Tiganus. Badirudi ingurua atrezzo bikaina dela kontatuko dugun istoriorako. Protagonistak bizitu duen errealitate gordinaren pareko gau estalia baitago, iluna, guztiz beltza. Eskerrak ilargiaren dizdirak argitasun pixka bat tartekatu duen gris eskala honetan.
Urteko gaurik hotzenetakoa, halakoa da gaurkoa eguraldi gizonaren arabera. Sorgin gaua ere izan liteke, hotzak ikaratuko ez balitu. Kaleko katuak ere, kotxeen motor beroen azpian aurkitu dute estalpe. Ez da soinu txikirik ere entzuten. Negu betea da eta egunak geroz eta motzagoak dira. Beharbada horrek etxeratu ditu lurzoru hau herri egiten duten bizidunak.
Hotzak ez du beldurtzen ordea behinola Errumanian aberria zuen orendaindarra. Orendaindarrarena zerbait esatearren, beste gauza askoren artean hori ere badelako. Esan liteke sorgina ere badela, Orendaingo Sorginak–en sortzaile baita. Aktibista. Herriko Ostatuan zerbitzari. Emazte. Etxeko andre. Garbitzaile. Feminicidioko kide. Baina guztiaren gainetik eta nagusiki: emakume. Emakume askea. Askatasuna ez du batere merke izan ordea. Interneten bere izena bilatu besterik ez dago.
Aurkitu daitekeena guztiz da gordina. Bilatzailean Amelia Tiganus topatu orduko zenbait egunkaritako titularrek esaldi berdina errepikatzen dute: “Superviviente de prostitución y trata” dio Navarra.com egunkariko sarrera batek. “Prostituta en más de 40 clubes de España”, nabarmentzen du beste batek. Migratzaile hitzak ere erreferentzia egiten dio, hain zuzen, adin nagusitasuna bete berritan 300 euroren truke saldua izan baitzen inoiz zapaldu gabeko lurretara, Espainiara.
Azal eta haragiz jantzitako emakumea baino gehiago da. Lillith-en antza apur bat ere badu. Erlijioak onartuko ez duena, gizarteak laidotu eta zikindu duena. Bere buruaren jabe sentitzea “puta” hitzarekin laburbildu izan dute askotan: “Gizonek ez dute onartzen bizitza propioa dugun subjektuak garela emakumeak”. Ez da Edena atzean utzi duena, azpimunduarekin konparazio gehiago baitu. Eta besteen tentazioak bere zigor izaten baitziren.
Klubetan bizi izan duen egunerokotasuna, gaur bizi duenarekin guztiz da desberdina: “Gizonak beraien idealismoetara egokitutako emakume baten ideian joaten dira klubetara, boteredun sentitze hori asebetetzera”. Gobernuaren “fabrika” moduan ikusten du prostituzioa. Bere barnean badaki neurri handi batean Estatu honen erruduntasuna erabatekoa dela. Ahots sendoz, zuzen eta firme zuzentzen zaio bere “amesgaiztoa” onartu eta ez ikusiarena egin izan duen botereari. Atzera begira jartzen denean begirada lainotzen zaio gezatasunez. Jada ez ditu hain errez isurtzen malkoak. Denboraren poderioz zauriak sendatzea lortu baitu. Bera izango balitz esplotatutako, erabilitako azkeneko emakumea, beharbada lasaiago egingo luke lo. Baina badaki berak ez bezala, egunero hamabost gizonekin “desparekotasun erlazioak” dituzten emakumeak badirela. Obligazioa hutsa da hau bere ustez. Gaueko mamuek distantziatik bada ere izua sortarazten diote: “Beldur naiz prostituziora itzuli beharrean aurkitzeaz, nahiz eta ezinezko iruditu horrelakorik jasan duen edonor aurkitu da zirkulu horretan harrapatuta”.
Emakume hitzaz pentsatzean, irudikatzean, sentitzean edota hitz egitean berak adina miresmen jartzea gustatuko litzaioke zenbait gizonek. “Bakarra eta magikoa”. Horrelakoa sinesten du emakumea. Mikel Markezen kanta datorkit gogora: “Emakume zuzenak, okerrak, kirtenak, moja txintxoak eta zerrama irtenak, itsusiak, politak, atletak, herrenak: konplize ditut eta maite ditut denak”.
– Zerk bultzatu zaitu bizitzaren itsusiena ezagututa esperantza ez galtzera?
Neskei txikitatik bereizi gaituzte mutilengandik. Desberdintasun biologikoa badela onartu beharra dago. Baina mutil batek neska baten moduan egin lezake negar. Edota neska batek mutil batek moduan indarra erakutsi. Arazoa gizartean bertan dago. Neskei alde bortitza ezeztatu digute. Eta mutilei sentsibilitate puntu hori ez erakustera behartu. “Ez egin negar neska baten moduan” esaldia ideia patriarkalez kargatua dago. Beharbada emakumeak dugun sentimendu edota amesteko kapazitateagatik ez dut inoiz etsi. Betiere zerbait hobea helduko dela pentsatzeak bizirik mantendu nau. Amets horietan sinesteak, hain zuzen ere.
– Gizonei begiratzeko modua aldatu duzu?
Gizonetan sinesten jarraitzen dut. Ez dut jeneralizatzen. Maitatzeko kapazak direla ere erakutsi baitidate. Arazoa sexuen arteko bereizketan dago. Emakumeengan inposatua dagoen ideologiarekin apurtu beharra dago. Gizon asko irainduta sentituko dira beharbada, guztiak zaku berdinean sartzean.
Kontua da emakumeak aurrerapausoak ematen ari garela, elkartasunaren bidez kontzientziatzeko. Gizonak ordea ez dute arazoa aldatzeko intentzio handirik. Euren artean isilpeko paktu antzeko bat dute. Emakumeak kontrolatuta edukitzeko baliagarria dena, geure artean etsaitasuna sortuz. Emakumeek ere aurreiritzi horietan bat egin dute zenbaitetan. Eta gizarteak seinalatu eta bizirik lurperatzen zaitu eraso edota sexu indarkeria baten biktima izateagatik. Horretan ere, erruduna nor eta emakumea. Biktima hitza bera emakumeongan oso zikindua dago. Erruduntasun pisuari lotua doa beti. Eta horrek zer egiten zuen horrela jantzita? Eta ordu horietan bakarrik? Galdera hauek oso ohikoak dira.
Egunkarietan sexu erasoen biktimen kasuetan agertzen diren irudiez gogoratu naiz. Emakumea bakartasunean. Goitik beherako argazkiak. Txiki eginez emakumea. Isolatuta. Aurpegia eskuez estalita. Negarrez. Defendatzeko kapaza ez balitz bezala. Biktima. Badirudi eta honekin Tiganus bera ere bat dator, emakumeok eskuak malkoak estaltzeko bakarrik ditugula.
Mahaiak garbitzen dabil. Bere alkol botila ezker eskuan. Askok pentsa lezakete, behin baino gehiagotan nahi izan dituela tristurak alkolez estali. Ez da hain errez etsitzen duen horietakoa ordea.
Orain mahaiei dizdira ateratzeko erabiltzen duen botilak bere oroimena hamairu urte zituen momentura darama. “Bost gizonen artean”, hala erakutsi zioten biktima izatearen esanahia. Ausardiaz, boterez betetako erakustaldia. Hortik aurrerako guztia biolazio baten intseguritateak sortu dion bideari lotua doa.
Onartu egin nuen gizarteak leporatzen zidana. Erruduna ni neu izatea, “ordu horietan, horrela jantzita”. Prostituta izan behar nuela sinetsi nuen. Hori zela nire bidea. Beldur nintzen nire gurasoek pentsatzen zutenaz. Hortik aurrera gizonekin nituen erlazioak areagotu egin ziren.
Bere amaz galdetzean tristura sortu zaio erraietan. Bi mototxekin ibiltzen zen garaia datorkio gogora. Etxetik eskolara eta eskolatik etxera, horrelakoa oroitzen du bere egunerokotasuna. Ahizpa txikiari gosaria jartzen zion haurrak herriminez gogoratzen ditu haurtzaroko uneak. Nostalgia apur bat ere nabari zaio hortz artean. Hitzak askatzea zail egiten zaiola dirudi. “Pena dut nire adineko haurrekin jolasteko aukera ez izanaz”, hala askatu du azkenik esaldia. Bere amak beharbada gehiegi babesten zuela pentsatzen du.
– Baduzu proiekturik esku artean?
Prostituzio mundua uzten dauden emakumeei euren zauriak sendatzeko leku bat eman nahiko nieke. Orendainek niri horretarako aukera bikaina eskaini dit. Lasaitasuna, armonia, inguru adiskidetsua. Faltan nuen etxetasuna eskaini dit. Hori nahiko nieke eskaini ez dutenei ere. Osatzeko behar duten denbora.
Egun euritsuetan bere katuen ondoan igarotzen ditu goizak liburu artean. Gogoko du irakurtzea. “Aurreiritzi okerra nuen feminismo hitzaz”, dio irrifar batekin. Ez jakintasunak aizkora eta gona gabe ibiltzen ziren emakumeetan pentsatzera eraman zuen. “Nik gogoko dut gonarekin ibiltzea, baina feminista ere banaiz”. Liburuak irakurtzearekin batera bere pentsamendua “errotik” aldatu da.
– Zuk zer ikasten duzu?
Kazetaritza ikaslea naizela esan diot. Esan orduko bere aurpegiak Vicky bikingoa gogorarazi dit, “ideia” esaten zuen unea.
Partaide naizen elkarteak Feminicio-k kazetaritza neutral bat egiten du, desberdina. Beharbada gustatuko litzaizuke.
Etxera heldu orduko bilatzailean Feminicidio web orrialdea aurkitu dut. Ohiko egunkarietan aurkitu daitezkeen titularren oso desberdina da. Bitxikeria moduan, gizonen eskuetan hildako emakumeen izen eta abizenak ageri dira. Intimitate urraketa iruditu lezake. Baina ez esan barnean sentimendurik pizten ez denik. Ez da berdina “Emakume bat hil da bere gizonak jipoitu ondoren” esatea. Edota pertsona moduan senideak, bizilagunak, bizitza duen pertsona bat bere senarrak hil duela esatea. Ez da “beste bat”, bat eta bakarra da indarkeriaren biktima bakoitza.
Gauerdia iristear bada ere, ez dira oraindik amaitu Amelia Tiganusen egin beharrak. Erratza eskuan Kulturgunea garbitzen hasi da. Eguna etxetik kanpo emanda ziurrenik etxeratzeko desiratzen dago.
Ehun metro ibili ondoren sartu da azkenik bere etxeko atetik. Gau guztian bere mahaitxoko argia piztuta utziko du. Beharbada irakurtzen dagoela pentsa nezake, edo ezin loak hartu. Baina bere eskutik dakit gaueko mamuak esistitu bitartean ohe ondoan duen mahaitxoko argia piztuta lokartzen jarraituko duela.
Istorioan murgildu naiz bete betean, emakumeen salerosketak esklabutza garaiko kontuen pareko dirudite, baina bizi garen mendean eguneroko kontua da. Ez ikusiarena egin eta isilean pasatzen duen gizarte batean, nor bere buruaz haratako ikusten ikasi behar dugu. Biktimarengan jarri ordez erruduntasuna, biktimizatu duen horretan jarriz.
Sexu eraso bat pairatzeak ez du behar bezaineko arridura sortzen. Hedabideetan titularrak irakurri besterik ez dago. Ohiko esaldia da, “neska batek sexu erasoa jasan du baina onik atera da”. Inork ez daki nola dagoen, badirudi erahil ezean erabateko “ontasuna” duela. Eta seguruenik bizitzaren zati handi bat biktima izaten jarraituko duela. “Beste pertsona bat gehiago” delako gizartearentzat, biktimarentzat superazio istorio propio eta bakarra dena.
Ausardia eta indarra oinarrizkoak direla erakusten du Amelia Tiganusek. Are gehiago, Maialenen hitzek enpatia sortarazten diote irakurleari. Horrelako egoeratan dauden emakumeei laguntzeko nahiak piztuz. Irakurri ostean, XXI. mendeko emakumeen esklabotzarekin bukatu behar dela argi ikusten da.
Emakumeen esklabotza zoritxarrez batzuentzat, besteentzat zorioneko, onartu dagoen errealitate krudel bat da. Gobernuaren interesetik hasi, eta eplotazio sexuala diru iturri izanik, gutxi batzuen aberastasuna bermatzen. Gobernua “gizartearen isla” dela suposatuz ea zenbat emakumek hautatu duten beren burua egoera horretara behartzea. Bizitza propioak salerosten ari da Gobernua. Inork ez dio ezer gaiaz, ez dago eztabaidarik Parlamentuan, ezta kontua aldatzeko intentzio handirik ere.
Errealitate gordin baten deskribapen bikaina, gaian murgildu naiz guztiz. Kontzientziatzeaz gain pausoak emateko izan dadila bide.
Bizitza propioak salerosteak , emakumea pertsona izatetik gauza izatera pasatzea dakar.
Kasu honetan biolazio onartu baten biktima da emakumea. Tiganusen hitzek dena diote, “Gobernuaren fabrika” egiten dio erreferentzi prostituzioari.
Badirudi hedabideen zain gaudela hurrengoa nor izango den jakiteko, ohartu gabe biolazioak egunero ematen direla, eta ekidin daitezkeela neurriak hartuz.
Hedabideek askotan gaia oso gainetik tratatzen dute, biktimetan zentratuz, ikuspuntu sexista batetik. Baina nork bermatzen ditu gertaera horiek?
Emakumeengan inposatua dagoen menpekotasunarekin apurtu behar da.
Teorian sexuen arteko berdintasuna nahi da, baina praktikan gizonen menpeko izateko hezitzen gaituzte. Menpekotasun hezkuntza, gizarte patriarkal batean gizon batzuen nahiak asetzeko, emakumeak zer nahi dituzten pentsatzeko astirik ere hartu gabe.