Kirol eta modalitate gehiegi Joku Olinpikoetan?

Kirol eta modalitate gehiegi Joku Olinpikoetan?

Egunotan Tokioko Joku Olinpikoak martxan daude. Milaka atleta eta kirolari biltzen dituen ekitaldi bat da. Kirolaren nazioarteko jai handia da, non munduko hainbat herrialdetako parte hartzaile aritzen diren diziplina anitzeko nazioarteko kirol ekitaldirik handienean. Udako Olinpiar Jokoak kirol munduko lehiaketa nagusitzat hartzen dira, berrehun nazio parte-hartzaile baino gehiagorekin. Lau urtean behin antolatzen dira, bai uda partean bai eta baita neguan ere. Hilabete irauten dute gutxi gora behera. Udako eta Neguko Olinpiar Jokoen artean bi urteko tartea dago (aurtengoan, 5 urte igaro dira aurreko Rio de Janerioko ospakizunetik, pandemia dela eta, 2020koa bertan behera geratu zelako).

Hauetaz gain, Paralinpikoen jokoak gehitu behar dira. Joko Olinpikoen ondoren jokatzen dira; istripu baten ondorioz, jaiotzezko deformazioa eta gaixotasunen ondorioz elbarritasun motaren bat duten kirolariek hartzen dute parte.

Jokoetako irabazleei dominak ematen zaizkie: urre, zilar eta brontzezkoak, hurrenez hurren.

Polita da kirol eta kirolari ugari lehiatzen ikustea. Batez ere, aukera ematen dielako ezezagunak diren kirolak gizartean aditzera emateko. Ur kirolak (bela, arrauna), talde kirolak (futbola, waterpolo, eskubaloia, saskibaloia…), borroka kirolak (boxeo, arte martzialak, esgrima…), atletismoa, txirrindularitza, pilota jokoak (baseball, golf, tenis, mahai tenisa, badminton…).

Baina kritika ere hurrengoa egin daiteke: hainbeste kirol, hainbeste modalitate, hainbeste domina… hain denbora gutxian ez al dio baliorik kentzen? Joku Olinpikoetan milaka domina banatzen dira lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuen artean. Taldeko kiroletan, domina bat ematen zaio kirolari bakoitzari. 

Denok dakigunez, zaila dena preziatuagoa da. Eta alderantziz, lortzea erraza denak balioa galtzen du. Badirudi, egunen batean, kaniketan jokatzea ere kirol olinpikotzat har dezaketela. Izan ere, azken urteotan modalitate berriak onartu dituzte (skate, surf…). Egia da Joko Olinpikoek oihartzun berezia lortzen dutela mundu mailan eta aukera ekonomikoa eskaintzen zaiela kirol ez-ohikoei. Baina egia da ere, hain kontzentratua izanik, ezinezkoa dela ikus-entzuleentzat kirol guztiak jarraitzea eta beraz, telebistaren audientza oso sakabanatua dagoela. Gainera, publizitaterik ez dute jartzen estadio edo jantzietan eta diru-iturria mugatzen da federazio edo kirolarientzat.

Agian, jadanik lehiaketa indartsuak daukaten modalitate eta diziplinak (futbola, saskibaloia, tenisa…) programa olinpikotik kendu beharko lirateke, beste batzuei indarra emateko. Azken finean, Greziako Olinpia herrian sortu ziren antzinako lehiaketa horietan, atletismoaz neurtzen zen nor zen Citius, altius, fortius (azkarragoa, altuagoa, indartsuagoa), inolako baloi, arraun, ontzi edo bestelako tresnarik gabe.

Kirol eta modalitate gehiegi Joku Olinpikoetan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude