Kazetari onena ez da gehien dakiena, baizik eta gehien dakiena nor den dakiena

Kazetari onena ez da gehien dakiena, baizik eta gehien dakiena nor den dakiena –
Kazetari onena ez da gehien dakiena, baizik eta gehien dakiena nor den dakiena

Entzun edo ikusi al duzu inoiz debate bat? Adibidez, irratian edo telebistako mahainguru bat. Tertulia bat, gai baten inguruan eztabaidatuz. Irrati batzuetan, adibidez, Euskadi Irratian, Radio Euskadi, cadena Ser… egunero izaten dira horrelakoak. Telebistan ere oso ohikoak dira. Egunerokotasun gaiei buruz aritzen dira. Normalean kazetariak izaten dira bertan parte hartzen dutenak eta moderatzaile bat egon ohi da. Azken honek nork hitz egin behar duen esaten du eta eztabaida bideratzen du. Baina, nik “tertuliano” edo kazetarietan fijatu zaitezen nahi dut. “Periodista” ordez, nik “periolista” edo “periolisto” deitzen ditut. Zergatik? Ba, edozer gairi buruz hitz egin dezaketelako. Eta ez hori bakarrik, iritzi sakona eta landua ematen dutelako, ia edozer gairi buruz. Berdin dio, nazioarteko gertaera bati buruz edo gure herrian gertatutako zerbaiti buruz. Politikari buruz, edo osasunari buruz. Covid-ari buruz edo sumendiei buruz.

Badira, beste kazetari mota batzuk, egunkarietan idatzi egiten dutenak. Badaude, batzuk alor jakin batean espezializatuak (adibidez, ekonomia edo politikarekin zerikusia duten gaietan). Baina badaude, era berean, edozeri buruz idazten dutenak eta iritzia ematen dutenak. Adibidez “zutabegileak”. Egunkarietan zutabe bat dute erreserbatua. Esate baterako, Berrian Onintza Enbeitiak ia egunero du iritzia adierazten duen artikulutxu bat.

Ane Irazabal kazetaria.

Baina nola da posible kazetari edo “periolista” hauek edozeri buruz idaztea edo mintzatzea? Egia esan, ez da posible denetarik jakitea. Are gehiago, periolistak gauza guztiei buruz gutxi daki, baina ez daki guztia gauza bati buruz. Hau da, zerbaiti buruz ez dakitenean, aholkulari edo iturri zuzenetara jotzen dute. Eta zenbat eta “goi mailagoko” periolista izan, orduan eta iturri fidagarriagoetara jo dezake. Batzuetan, pertsona boteredunekin harreman estua dute, hots, politikari edo enpresetako agintariekin. Horregatik, kazetari onena ez da gehien dakiena, baizik eta gehien dakiena nor den dakiena. Bai, hau ez da soilik hitz-korapilo bat. Zuk gogoeta egiteko esaldi bat da.

Beste kontu bat da, kazetari edo iritzi emaile hauengan konfiantza izan edo ez. Izan ere, normalean bere iritzia baldintzatua dago. Bere ideologiak baldintzatua. Edo, zein komunikabidearentzat lan egiten dutenaren arabera, iritzia baldintzatua dago ere. Beraz, gaiaz pixka bat jakiteaz gain, komunikatzaile trebeak izan behar dira eta beti hitz edo espresio gakoa topatzen jakin behar dute. Adibidez, norbaiten jarrera ausarta ez denean:

  1. Berak defendatu behar duen ideologiarekin bat egiten badu, “zuhur” hitza erabiliko du.
  2. Berak erasotu behar duen ideologiarekin bat egiten badu, “beldurti” edo “koldar” hitza erabiliko dut.

Kazetari onena ez da gehien dakiena, baizik eta gehien dakiena nor den dakiena