Kapitalismoaren hutsuneak (I) Estatu Batuetako osasun sistema zergatik da hain garestia?
Kapitalismoaren hutsuneak (I) Estatu Batuetako osasun sistema zergatik da hain garestia? –
Estatu Batuak ez dira perfektuak, ezta gutxiagorako ere. Agian bere huts nabarmenena osasun sistema garestia da. Izan ere, estatu batuar bakoitzaren gastua, batez beste, 12.000$ekoa da urtero. Europar Batasunean, kopuru hori askoz baxuagoa da. Euskal Herrian adibidez, 4.000$ ingurukoa da. Hala ere, bizitza itxaropena 77 urtekoa da USAn. Eta bere mugakidea den Kanadan 81 urtekoa, Euskal Herriaren parean.
Pentsa daiteke Estatu Batuetan bizitza garestiagoa dela eta horregatik dela gastu hori handiago. Baina soldata antzekoak dituzten herrialdeekin alderatuta, handiagoa izaten jarraitzen du eta bizitza itxaropen altuagoa dute lurralde horietan. Korrelazio oker horren arrazoi nagusiak hauek izan daitezke:
Aseguru sistema:
Estatu Batuetan, egon badago osasun sistema publikorik. Baina gehienek (biztanleriaren %85) aseguru publikoa dute arreta medikua jasotzeko. Hortaz, medikuarengana doazenean gehienetan ez daude arduratuta, aseguru konpainiak ordainduko duelako. Osasun enpresek badakite hori, horregatik kostua puzten saiatzen dira. Behar baino proba gehiago bidaltzen dituzte (erresonantziak, x-izpiak. erradiagrafia, analisi klinikoa…). Sendagaiekin antzekoa gertatzen da: merkeena aukeratu ordez, merkatuko garestiagoetara jotzen dute.
Aseguru enpresak saiatzen dira gehiegizko kostu hau mugatzen, baina errazagoa zaie kostu hori seguruak igotzearekin konpentsatzea.
Farmaindustria eta osasun enpresen boterea:
Osasun sistema publikoa nagusi diren herrialdeetan (gurean adibidez), herritarrek ez dute zuzenean ordaintzen euren zerbitzu medikuengatik. Gobernuek hornitzaileekin negoziatzen dute eta negoziatzeko botereaz baliatzen dira prezioak gehiegi ez igotzeko. AEBn ordea, gobernuak debekatua du farmazeutikoekin prezioak negoziatzea. Ospitaleak kudeatzen dituzten enpresek ere lobby sendoa dira eta nahiko babestuak daude.
Administrazio burokrazia:
Estatu Batuetan ospitaleen %20 publikoak dira. Sistema ezberdinak daude (medicare, medicaid, beteranoentzako seguruak, seguru gabekoak, urrezko edo zilarrezko koberturak…), estatu bakoitzeko eta federazio mailako araudiak… kontua da sistema korapilotsu hori dena kudeatzea ez dela batere erraza eta diru pilo xahutzen da horretan, laurden inguru.
Osasun langileen soldatak eta hauek formatzeko zailtasunak:
Estatu Batuetan osasun arloko langileen soldatak nahiko altuak dira. Gainera, medikuntza ikastea garestia da eta urte asko eskatzen ditu, Europan baino gehiago.
Europan: graduan 6 urte eta 4 erresidentzian.
Estatu batuak: graduan 4 urte, espezialitatean beste 4 eta erresidentzian 7.
Gainera, traba handiak jartzen dituzte kanpoko medikuei atea irekitzeko, homologazio eta erregulazio konplikatuaren bitartez.
…
Laburbilduz, sistema pribatuak ez dira beti eraginkorrak izan behar. Estatu Batuen adibidea nahiko esanguratsua da.